Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Gure garaiko artea. Guggenheim bildumen maisulanak

2014(e)ko irailak 23 – 2015(e)ko maiatzak 3

Bideetatik ibili eta zati bat sentitzea, naturaren zati bat, hesi bat, adibidez, bidean dagoen zer edo zer. Eta euforiko jartzen naiz berriro begiratzean, berriro ikustean zerua urdina dela eta belarra berdea.1

Bigarren Mundu Gerraren amaieran, artea egiteko modua aldatu zen Europan eta haratago. AEBn, bereziki New York-en, mundu osoko arte abangoardiaren zentroan, artistak keinuan oinarritutako estilo adierazgarriago baterantz mugitu ziren, hain zuzen, Espresionismo Abstrakturantz. Artista horiek prozesuan eta materialetan interesatuta zeuden, baita euren adimen inkontziente eta emozionalean ere.

Nahiz eta, denborarekin, espresionista abstraktu gehienak mundu errealaren adierazpenetik urrundu ziren barne adierazpenari ekiteko, Willem de Kooning (1904-1997) kanpoko mundura bueltatu zen haren pintura abstrakturako inspirazio moduan. Kideek De Kooning kritikatu zuten irudikapenera bueltatzeagatik, atzerakoi irizten ziotelako. 1950etik 1955era, Emakumeak (Women) sail ospetsua osatu zuen; bertan, gizakien formak irudikatu zituen pintura era oldarkorrean erabiliz, kolore bizien eta esperimentazioaren bitartez. 1950eko hamarkadaren bigarren erdialdean paisaietara jo zuen; lehenengo, Manhattan-en erdian zuen estudioaren hiri-inguruetara eta gero, New York-etik kanpoko, Ozeano Atlantikotik gertuko leku idilikoago batera.

Villa Borghese, 1960an De Kooningek egindako formatu handiko artelan gutxitako bat, New Yorkekin eta ingurumariarekin ez, baizik eta artistak Erromarekin izandako topaketan oinarritzen da, han bost bat hilabete eman baitzituen 1959-60an. Tokiari -Italiako hiriburuko parke handi eta ezagun bat- margolanaren izenburuak ez ezik, Mediterraneoko tonu koloretsuek ere egiten diote erreferentzia. Kolore-alderdi zabalak geruza umelak gainjarriz margotu zituen eta naturako zenbait gaien baliokide direla iradoki zuen: eguzki-argi horia, zeru eta ur urdinak eta belar zein hosto berdeak. Dena dela, New Yorkera itzuli zenean egin zuen lan hau De Kooningek eta ez zuen inolako ikuspegirik zehatz-mehatz adierazi, Betiereko Hiriaren oroitzapenak mintzaira piktorikoan hezurmamitu zituen, besterik ez.2

1 "Villa Borghese", Guggenheim Bilbao Museoa, Bilduma Iraunkorra: Bilduma Propioa. Azken bisita: 2011ko uztailaren 1ean.
2 "Willem de Kooning. A Tree in Naples, 1960", Museum of Modern Art, The Collection. Azken bisita: 2011ko uztailaren 1ean.

  • Begiratu De Kooningen Villa Borghese lanari. Galdetu ikasleei zer iruditzen zaien. Ziurtatu zaitez pintzelkadak, koloreak eta tamaina aipatzen dituztela. (Lanaren tamaina argi ikusteko, irudiaren oinean agertzen diren neurriak erakutsi eta klasean dagoen objektu batekin konparatu).
  • Zer eman nahi dute aditzera koloreek ikasleentzako? Esan koloreak ondo zehazteko, deskribatzeko, pintura-denda batean lan egingo balute bezala (adibidez, kanario-horia). Zein soinu, usain edo zapore datorkie burura?
  • Eskatu ikasleei pintzelkadei arretaz begiratzeko. Zelan deskribatuko lituzkete? Zer oroituko lukete? Zelan uste dute ikasleek mugitu behar zela De Kooning bere pintura sortzeko?
  • Esan ikasleei pinturaren titulua eta konta iezaiezu Erroma bisitatzera joan zenean bertako parke publiko batek inspiratu zuela artista; horrek iturriak, laku artifiziala, bidexka zabal goibelak, hostoak, tenpluak, estatuak eta museoak zituen. Parkearen zein aspektu ikus ditzakete pinturan islatuta?
  • Bilatu Villa Borghese-ren irudiak eta eskatu ikasleei konparatzen jarraitzeko. De Kooningek artelan hau margotu zuen New York-eko etxera bueltatu eta gero. Galdetu ikasleei zein den gai baten inguruko lan baten eta memorian oinarritutako baten arteko desberdintasuna. Zelan izango litzateke desberdina artelana in situ margotu izan balu?
  • De Kooning askotan kritikatzen zuten bere inguruko munduak inspiratzen zituen lanetara hurbiltzeagatik, eta barneko estatus psikologikoak adierazten zituzten lan abstraktuetatik urruntzegatik. Eskatu ikasleei lan egiteko modu horien abantaila eta desabantailei buruz hitz egin dezaten.

Leku abstraktuak

  • Jarduera honetan, ikasleek leku baten oroipenak irudikatuko dituzte pintura abstraktuaren bidez.
  • Lehenik, galdetu ikasleei eurentzat berezia den leku batean pentsa dezaten (oporretan bisitatu duten leku bat izan daiteke edo hurbileko leku ezagun bat).
  • Gero, leku horrekin lotzen dituzten hitzak idatz ditzaten eskatu. Iradoki diezaiekezu gogo-aldarteak deskribatzen dituzten adjektiboak erabiltzeko, hala nola, "lasaia" edo "kaotikoa"; objektuak deskribatzen dituzten izenak, adibidez, "hondartza" edo "pinua", eta koloreak, esaterako, "gris lanbrotsua".
  • Ondoren, eman ikasleei pintura gorria, horia, urdina, beltza eta zuria; pintzel batzuk (tamaina askotakoak); paleta bat; eta ur-pote bat. Eska iezaiezu hautatutako leku hori burura dakarkien bost kolore, gutxienez, sor ditzaten. Hitz egin koloreei buruz margotzen hasi baino lehen. Zer iradokitzen diete koloreek? Eta ikaskideei? Jarduera egiteko beste modu bat da dendan bateko pintura-laginak erabiltzea; ikasleei eskatu 5-6 kolore aukeratzeko (hautatu duten lekua hoberen adierazten dutenak) eta gero orri batean jartzeko edo itsasteko.
  • Azkenik, orriak edo mihise txikiak banatu eta animatu ikasleak euren kolore-paleta eta gogo-aldarteak deskribatzen dituzten adjektiboak erabiliz lekuarekin duten harremana adieraz dezaten. Pintura abstraktura mugatu daitezen saiatu baina utzi iezaiezu objekturen bat irudikatzen, horrela erosoago sentitzen badira.
  • Begiratu elkarrekin azken emaitza eta eskatu ikasleei euren aukerak azaltzeko. Eskatu pintzelkadak eta aukeratu dituzten koloreak azaltzeko. Zein gogo-aldarte transmititzen dituzte artelanek? Nola gogorarazten dute leku jakin batez?

Oroipenak vs behaketa

  • Jarduera honetan, ikasleek leku bat irudikatzeko era desberdinak alderatuko dituzte eta zuzenean behatuko. De Kooningek Villa Borghese margotu zuen Erromara egin zuen bidaia batetik New York-era bueltatu zenean; parkea ez zuen aurrean. Esan ikasleei leku bat ikusten ari diren bitartean irudikatzearen eta oroipenen bitartez irudikatzearen arteko desberdintasunak esperimentatuko dituztela.
  • Lehenik, ikasleek iraganean ezagutu zuten leku bat gogoratu beharko dute. Oporretan bisitatutako lekuren bat izan daiteke edo haien hiri edo herrian dagoen tokiren bat. Eska iezaiezu paragrafo bana edo bina idatz dezaten leku horri buruz, euren gogorapenetan oinarrituz, hala nola, soinuetan, usainetan, zaporeetan, koloreetan, gogo-aldarteetan eta tenperaturan.
  • Ondoren, eraman ikasleak kafetegira, ikastetxeko jolastokira edo inguruko parke batera eta eskatu lekuan ikusi dutenari buruzko paragrafo pare bat idazteko. Zer hautematen dute, soinuak, usainak, zaporeak, koloreak, sentipenak eta tenperatura barne?
  • Animatu ikasleak gogorapenetan eta behaketetan oinarritutako idazkiak konparatzeko eta ikaskide batekin partekatzeko. Zertan dira berdinak edo desberdinak? Zein da gehien gustatzen zaiena eta zergatik?

 

×