Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Ernesto Neto: naraman gorputza

2014(e)ko otsailak 14 – 2014(e)ko maiatzak 18

Gaiak | Tropikoko Herri-Kultura

|

Ernesto Netoren (Rio de Janeiro, 1964) lanak zeharkatu, bizi, sentitu eta baita usaintzeko ere sortutako lanak dira. Obrek eta ikusleak elkarri eragitean, ikusleak bere gorputza, zentzumenak eta adimena sentitu ditzake.

Ikuslea libre sentitzea da Netoren asmoa, jolas egin eta esperimentatu dezala, baina, aldi berean, artelanarekiko ardura eta errespetua eskatzen digu; izan ere, giza gorputza bezalaxe, artelanak hauskorrak dira eta ahalik eta kontu handienarekin hartu behar da.

Hori dela eta, zenbait aretotan sarrera mugatu egin da. Arren, ibilbidean barrena ikusiko dituzuen jarraibideak betetzea eskatzen dizuegu, haiei esker, esperientzia hobea izango duzuelako eta arteaz gozatuko duzuelako artelanen kontserbazioa arriskuan jarri gabe.

Jarraian aurkituko duzuen unitate didaktikoa Ernesto Netoren obran herri-kulturak duen garrantzian oinarritzen da.


TROPIKOKO HERRI-KULTURA

Matxeteaz ebakitako kokoa (Coco na Machadinha), 2011
Kontratxapatua, kakorratz-lana, telebista, entzungailuak eta kokoa.

“Egunero esnatu eta poesian murgildu behar dugula uste dut.
Zibilizazioa eta natura uztartzetik sortutako mugimendu horrek −gauzak nola dauden, nola finkatzen diren, nola bat egiten duten, nola mugitzen diren... − Rio de Janeiroko hiria biltzen du"1, esan du Ernesto Netok.

Ernesto Netoren (Rio de Janeiro, 1964) obra kaleko herri-kulturari lotzen zaio ezinbestean. Rioko erdigune kolonialean kokatzen da bere lantokia eta jendeari era guztietako zerbitzuak eskaintzen dizkieten saltoki txikien eta saltzaile ibiltarien jardun erogarriaren erdigunean sartuta dago.
Ernesto Netok Brasilgo herri-kulturaren garrantzia aldarrikatzen du, bere nortasun-ezaugarriak erakutsiz. Herriaren buruargitasuna miresten du, bai eta camelô-ek (saltzaile ibiltariek), konkor moduan, salgaiak bizkarrean pilatzean erakusten duten inozentzia eta dotoretasuna ere, poliziaren presentzia saihesteko grabitatearen legeei desafio eginez. Saltzaile ibiltaria sorta izpilikua kamamila (camelo cacho lavandacamomila, 2010) edo Danborra (Tambor) eskulturek, 2010ekoak biak, erreferentzia zuzena egiten diote kaleko ikonografiari.

Matxeteaz ebakitako kokoa obrak, bestalde, 2008an egindako Koko-ura bideoa erakusten digu, hau da, kokoaren uraren eta haren salmenta tradizionalaren aldeko manifestua da, eta multinazional handiek berau komertzializatzearen kontrakoa. Ez da eguneroko elementu bat, kokoa kasu honetan, artearen kategoriara eramaten duen hautaketa estetikoa, kulturaren benetakotasuna globalizazioaren ondoriozko sistema politiko zein ekonomikoen aginduen aurrean jartzearen apologia baizik.

2009an, Operaçao Choque de Ordem egitasmoa jarri zuen martxan Rio de Janeiro hiriak, Ordena Publikoaren Idazkaritzarekin eta Udaleko Garbiketa Konpainiarekin batera. Hiriko kaleak garbitzea zen egitasmoaren xedea eta, horri jarraikiz, araudiak betetzen ez zituzten saltokiak ixtea eta osasun publikoari lotutako legeak indartzea. Ordena ezartzearekin batera, jarduera informalaren naturaltasuna debekatu egin zen, ekonomia formalizatuago bat lortze aldera. Egitasmo honek, halaber, hiriko hondartza ospetsuen irudia aldatzea ekarri zuen, eta barraketako langileak, lehengo txabola koloretsuen ordez, material estandarizatuekin eraikitako saltoki zuriak jartzera behartu zituzten. Unean bertan ebakitzen diren kokoak, gazta bigun pasteurizatua (queijo coalho) eta ganbak −Ipanema eta Copacabanako hondartzetako produktu salduenak− egun erabat debekatuta daude osasun-arrazoiak argudiatuta, eta paketetan eta dagokien iraungitze-data jarrita saldu behar dira. 2

Netoren aburuz, herriko lanbide txikiak suntsitzea ez ezik, kalean bizi den kultura baten nortasun-ezaugarrien eta kalean sortzen diren harremanen pixkanakako galera dakarte neurri horiek.

1967an, Hélio Oiticicak (Rio de Janeiro, 1937−Rio de Janeiro, 1980) Tropicalia obra egin zuen. Muinoen eta favelen giro tipikoa islatzen zuen obrak erakusketa-eremu batean, eta ikusleak obran bertan gertatzen ziren topagune sentsorialetan parte hartzen zuen labirinto-itxurako ibilbide batean murgilduz. Instalazioak desafio egiten zion espazioari eta, artelanaren bidez, eguneroko esperientzia abiarazten zuen.
Egitasmo honek garaiko zinemagintzan, antzerkigintzan eta musikan izan zuen oihartzuna. Tropicália Mugimenduak nolabaiteko “kanibalismo kulturala” aldarrikatzen zuen, herriaren indarrak eta abangoardiako ideia berritzaileak modu malguan eta naturalean elkartuz3. Proposamen horiei darien sentsualitate, gozotasun eta emari etengabeak artea eta kultura Rioko kaleekin uztartzea ahalbidetzen du. Eta, hain zuzen ere, ikuspuntu hau gailentzen da Netoren lanean, izan ere, artistarentzat, artea “edonon dago, etengabe: hemen eta orain dago”. Artistaren esanetan: “Plazerean oinarritutako pentsamoldea barruan daramagu Rion. Bizirik egotearen poza dugu, baita une zailenetan ere. Bizirik gaude; ez dago beste irtenbiderik, beraz, bizitzaren aurrean, bizirik egon behar dugu”. 4


AIPAMENAK:

1 Nike Flyknit Collective. Vimeo.com/50863391
2 Rainer Hehl, “La resistencia del ingenio popular Reflexión de Ernesto Neto sobre la alta y la baja cultura”, Ernesto Neto: naraman gorputza erakusketan, erak. kat. Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa eta Bartzelona: Ediciones Polígrafa, 2014.
3 http://www.itaucultural.org.br/aplicExternas/enciclopedia_ic/index.cfm?fuseaction=termos_texto_esp&cd_verbete=4508
4 http://bombsite.com/issues/70/articles/2274

Ikus ezazue Koko-ura bideoa http://www.youtube.com/watch?v=mdDka--yyqg helbidean.

Deskribatu zertan ari den bideoan ageri den pertsona. Zerbaitek arreta berezia eman dizue? Zerk?

Kokoa fruta tropikala da eta kokoaren mamia, zukua, esnea eta olioa oso nutritiboak dira eta belaunaldi askoren elikagaiak izan dira. Kokoak historia luzea eta adeitsua du Brasilgo kulturan. Pentsatu zuen inguruko fruta tipiko batean. Nola jan ohi da? Zein unetan edo urteko zein sasoitan jaten da?

Koko-ura hondartzetako jai-giro lasaiari lotzen zaio Rio de Janeiron, bertan saltzen baita. Zein elikagai mota saltzen dira zuek ezagutzen dituzuen hondartzetan edo aisialdi-lekuetan? Nortzuk ibiltzen dira saltzaile lanetan?

Zein desberdintasun dago saltzaile ibiltariek kalean saltzen dituzten elikagaien eta saltokietako elikagaien artean? Eskatu ikasleei bi aukeren aldeko zein kontrako argudioak zerrendatzea.

Zein iritzi duzu salmenta ibiltariaz? Gogoeta egin ezazue salmenta ibiltaria debekatzeak gizartean eta bertako ekonomian izan dezakeen eraginari buruz.

Ikasgela bi taldetan banatu: talde batek saltzaile ibiltariaren aldeko jarrera izango du eta, besteak, jabeen jarreraren alde egingo du.

Eremu-ikerketa: Nire auzoko kaleak

Ikasleak bi taldetan banatu eta bizi diren auzoan edo ikastetxea kokatzen den lekuan eremu-ikerketa bat egin dezaten eskatu. Ikasleek kaleko jarduera komertzialari lotutako datuak bildu beharko dituzte, bai eta auzokoek merkatariekin duten harremanari buruzkoak eta zenbait produktuk bertako jendearentzat duten garrantziari buruzkoak ere.

Ikasle talde bakoitzak, esaterako, saltoki edo kioskoetako jabeei elkarrizketak egin diezazkieke, aldez aurretik galderak prestatuta.

Bildutako informazioa bideoz grabatu daiteke, edo, bestela, argazkiz edo marrazkiz lagunduta dokumentatu, eremu-ikerketa osatuagoa izan dadin. Bestalde, inguruko jabe edo saltzaileren bat ikasgelara gonbidatu daiteke ikasleekin hitz egitera.
Behin lanak amaituta, mahai-ingurua antolatu daiteke ikasgelan, lortutako ondorioak partekatu eta azaltzeko.


Manifestua

Ikasleei atsegin duten eta euren herri edo hirian jan ohi den produktu tipiko bati buruzko informazioa biltzeko eskatu. Produktuaren jatorriari, garrantziari eta ospearen zergatiari buruz ikertu beharko dute.

Informazio hori jasota, ikasle bakoitzak manifestu bat idatzi beharko du, eta bertan, parte den kulturan eta gizartean integratuta, produktu horrek duen garrantzia nabarmendu beharko du. Izatekotan, produktuaren ezaugarri nutritiboak ere azpimarratu beharko ditu.

Ikasle bakoitzak bere manifestua irakurriko du gainerako ikasleen aurrean. Manifestua irakurri ondoren, produktuaren garrantziaz eztabaidatuko dute guztiek.


Poesia bisuala

Ikasgelako arbelean elikagaien izenez osatutako bi zerrenda idatz ditzaten eskatu ikasleei. Lehen zerrendan, mundu osoan modu globalizatuan kontsumitzen diren elikagaiak jasoko dira. Bigarren zerrendan, leku zehatz batzuetako elikagai tipikoak edo ohikoak idatziko dira.

Banatu ikasleak bi taldetan. Talde bakoitzak zerrenda bat landuko du eta bertatik elikagai bat hautatuko du; ondoren, elikagai horren ezaugarriak eta ingurua adieraziko ditu horma-pintura batean. Horretarako, estraza-papera eta arkatzak, tenperak, argizariak, etab. erabil ditzakete.
Behin horma-pintura bukatuta, produktuari lotutako esaldiak, hitzak eta esamolde herrikoiak pentsatu beharko dituzte. Esaldi edo hitz horiek tamaina eta kolore desberdinetako post-it-etan idatziko dira eta, ondoren, muralaren gainean itsatsiko dira; horrela, pinturari uztartuta, poema bisuala osatuko dute.


HIZTEGIA

Abangoardiakoa: onartutako korronte kulturaletik kanpo lanean diharduten artistak edo taldeak deskribatzeko erabiltzen da; arte “onargarritzat” jotzen den artearen mugez harago egiten saiatzen dira.

Favela: Brasilgo hiri baten barruan edo inguruetan eraikitako txabolen auzoa izendatzeko erabiltzen den hitz portugesa. Tamaina txikiko etxebizitzez osatuta egoten dira, oro har, eta etxeak mordokatuta eta bizitzeko baldintza txarretan egon ohi dira.

Herri-kultura: herri baten ohiturak, ezagutza eta bizimodua, herriak berak berezkotzat jotzen eta onartzen dituenak.

Instalazioa: osagai ugari dituen genero artistikoa edo genero horren barruko obra, galeria batean edo bestelako espazio batean instalatzeko xedearekin diseinatutakoa.

Manifestua: ideiak eta sentimenduak jasotzen dituen adierazpen publikoa. Aldarrikapenezko adierazpen gisa erabiltzen da artean eta eskola edo mugimendu artistiko berrien oinarriak finkatzeko baliatzen da.


Baliabideak

Tropicalia mugimenduari buruz:
http://www.itaucultural.org.br/aplicExternas/enciclopedia_IC/index.cfm?fuseaction=termos_texto_esp&cd_verbete=4508

Hélio Oiticicaren Tropicalia obrari buruz:

http://www.tate.org.uk/whats-on/tate-liverpool/display/dla-piper-series-constellations/helio-oiticica-tropicalia

http://www.museoreinasofia.es/en/collection/artwork/tropicalia-penetraveis-pn2-pureza-e-um-mito-pn3-imagetico-tropicalia-penetrable

http://www.museoreinasofia.es/sites/default/files/salas/informacion/104-05-tropicalia.pdf

×