Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

2012(e)ko urriak 30 – 2013(e)ko otsailak 17

Gaiak | Sagu geometrikoa eta Sagu Museoa (Mouse Museum)

|

Sagu Museoa (Mouse Museum), 1977
Zurezko egitura itxia, aluminio korrugatua eta metakrilatozko bitrinak 385 gauzekin
263 x 950 x 1020 cm
Museum moderner Kunst Stiftung Ludwig, Viena.
Argazkia: Heinz Blezen, eskaintza: Claes Oldenburg eta Coosje van Bruggen

“Sagua! Neu naiz sagua!” (1) —Claes Oldenburg

1960ko hamarkadaren amaieratik, marrazki bizidun ezagunenetako batekin jolastu da Oldenburg: Mickey Mouse saguarekin. Haren bertsio bat egin zuen: “sagu geometrikoa”; zinema-kamera baten eta saguaren itxuraren uztarketa bat da: kameraren kutxa laukizuzenak eta pelikularako biribilek aurpegiarena eta belarriena egiten dute. Oldenburgen beste hainbat irudi moduan, arte jasoa eta herrikoia uztartzen du, baina pertsonalagoa da. Artistak esan du sagu geometrikoa beraren alter egoa dela: “Sagua! Neu naiz sagua!”.

1967an, Oldenburgek saguaren motiboa museo baten eraikin bihurtu zuen. Marrazki batean proposatu zuen Chicagoko Museum of Contemporary Art-eko fatxada berregin behar zela eta sagu geometrikoaren itxura eman. Ez zuten proposamena aurrera eraman, baina 1977an, Sagu Museoa (Mouse Museum, 1977) lehen maketatik abiatuta (kartoi korrugatuz egindakoa) benetako museo baten hormak egin zituen aluminio korrugatua erabiliz. Bisitariak sartzean, barrualde iluna ikusten zuten: beira-arasa bakarra argiztatuta zegoen, horma guztiak estaltzen zituena; horrez gain, beste bi beira arasa txiki zeuden saguaren begiak irudikatzeko (2).

Sagu Museoaren barruan Oldenburgek urtetan bildutako objektuak ipini zituen, eta 1965ean benetako museo bat balitz bezala. Hasierako gauzatzean, objektuak New Yorkeko East Village-ko bere apartamentuko apaletan jarri zituen. Orduan new yorkeko arte herrikoiaren museoa (museum of popular art n.y.c.) izena jarri zion eta hainbat lan eskuratzeko eta aldizkari bat argitaratzeko asmoa zuen. (3) Bilduma 385 objektu dira, tartean, kistch objektuak, jostailuak, oroigarriak eta haren artelanen prototipoak; artelan guztiak 87 cm baino txikiagoak ziren eta hiru motakoak: Oldenburgek lan-prozesuak egindako maketa txikiak eta artelanen zatiak, erositako edo aurkitutako eta ondoren eraldatutako objektuak eta, azkenik, erositako edo aurkitutako objektuak, inolako eraldaketarik gabe. Oldenburgen bigarren emazte eta lankide Coosje van Bruggen-ek (1942–2009) idatzi zuen bildumak Oldenburgen lan egiteko metodologiaren eta AEBko gizarteaz zuen iritziaren berri ematen zuen; objektu bakoitza “hierarkiari erreparatu gabe” kokatu du, eta horrek gorde du haren izaera (4). Oldenburgen diseinuaren arabera jarri ziren objektuak, ez hierarkia jakin baten arabera, lotura argia ez den arren.

Sagu Museoaren bilduman Oldenburgek ibilbide osoan jorratutako arte-gaiak islatzen dira: eskala ezohikoa, mutatutako formal, arte herrikoia eta jasoa, aurkitutako objektuak eta ohiko museo edo galeria batek eskaini dezakeen esperientzia baino oso bestelako bat (5).

1. Jörg Wolfert, Claes Oldenburg: The Sixties erakusketaren liburuxka, Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien, Viena, 2012, 20 or.

2. Ibid., 21–22 or.

3. Ibid., 21 or.

4. Coosje van Bruggen, Claes Oldenburg: Mouse Museum/Ray Gun Wing, Museum Ludwig, Kolonia, 1979, 3, 75 or.

5. Jörg Wolfert, op. cit., 23 or.

Begiratu elkarrekin Claes Oldenburgen Sagu Museoa (Mouse Museum, 1977). Ikasleei titulua esan ondoren, galdetu zer ikusten duten. Zer gogorarazten die lanak? Albotik beharrean, imajinatu goitik ikusten duzuela. Zeren itxura edukiko luke? Silueta marrazteko eskatu boluntario bat (goitik ikusita).

Esan ikasleei Sagu museoa 263 x 950 x 1.020 cm luze, zabal eta garai dela, eta, denok batera, saiatu zerbaitekin alderatzen, adibidez, kamioi bat. Tamaina badakitela, galdetu nolakoa litzateke objektuaren inguruan ibiltzea, hura ikustea, ukitzea eta abar.

Esan ikasleei Oldenburgen Sagu Museoa instalaziora bisitariak sar daitezkeela eta barruan Oldenburgek urtetan bildutako objektuak ikusgai daudela. Oldenburgek museoa diseinatu zuen aurretik sortutako irudi batean oinarrituta: sagu geometrikoa, alegia, Mickey Mousen eta zinema-kamera zahar baten uztarketa. Non antzematen daiteke uztarketa hori?

Oldenburgek sagu geometrikoa alter egotzat du. Honakoa esan zuen: “Sagua! Neu naiz sagua!”. Eskatu ikasleei alter egoa zer den eztabaidatzeko eta liburuetako eta filmetako adibidetan pentsatzeko (alter egoa bigarren “ni” bat da, jatorrizko nortasunaren bestelakoa, baina literaturan, batez ere komikietan, eta filmetan maiz “identitate sekretu” baten antzekoa da, baita egilearen antzeko ezaugarriak dituen edota egilearekin nolabait lotu daitekeen pertsonaia). Zer esanahi du Oldenburgek sagu geometrikoan bere burua islatuta ikusteak, hots, beraren alter egoa dela pentsatzeak?

Oldenburgen Sagu Museoaren bilduma 385 objektu dira, tartean, lan-prozesuak egindako maketa txikiak eta artelanen zatiak, erositako edo aurkitutako eta ondoren eraldatutako objektuak eta, azkenik, erositako edo aurkitutako objektuak, inolako eraldaketarik gabe. Elkarrekin ikusi museoaren bideo hau.

Galdetu ikasleei zer arrazoi egon litezkeen Oldenburgen horrenbeste denbora horrelako objektuen bilduma egiten emateko. Zergatik egiten dituzte pertsona batzuek bildumak? Zergatik biltzen dituzte gauzak artistek?

Oldenburgek esan duenez bere bilduma “Munduaren ikuspegi entziklopediko baten antzekoa da: barne daude dimentsio posible guztiak, sentimenduen ñabardura guztiak. Bere baitan artea dago eta artea ez diren hainbat gauza. Une jakin baten zeharkako sekzioa bezalakoa da, mikrokosmos bat, non edozein galdera posible den”(1). Eskatu ikasleei aipu horri erantzuteko, hura hausnartzeko.

1. Ibid., 22 or.

Zure alter egoa diseinatu

Oldenburgek sagu geometrikoa alter egotzat du. Honakoa esan zuen: “Sagua! Neu naiz sagua!”. Eskatu ikasleei alter egoa zer den eztabaidatzeko eta liburuetako eta filmetako adibidetan pentsatzeko.

Komikietan maiz alter egoa pertsonaia baten ezkutuko identitatea da, eta liburuetan egilearen antzeko ezaugarriak dituen edota egilearekin nolabait lotu daitekeen pertsonaia. Jarduera honetan, euren nortasunaren antzeko ezaugarriak dituen alter egoan pentsatu behar dute; hala ere, ezaugarri horiek ez dira zertan ageri-agerikoak izan. Eztabaidatu ezaugarrion inguruan, eta marraztu ezaugarri horien adierazpen izan daitezkeen pertsonaiaren zatiak. Adibidez, euren burua lasaitzat eta seriotzat badute dortoka bat aukera dezakete; janzkera, hitz egiteko eta mugitzeko era ere adierazi behar dute. Arkatzez egin dezakete zirriborroa eta ondoren errotulkiz eta akuarelaz koloreztatu.

Ikaskideei erakutsi diezaiekete, hala nahi izanez gero, alter egoak eta azaldu zergatik aukeratu dituzten.

Irudiak eraldatu

Sagu geometrikoak zinema-kamera zahar batean oinarrituta dago. Oldenburgek askotan eguneroko objektuetan erreparatzen zuen eta beste zerbaitetan eraldatzen zituen bere buruan. Marrazketa jarduera honetarako eman hainbat objektu ikasleei, esaterako, iparrorratz bat, lata bat edota espatula bat. Galdetu ikasleei zertan bihur daitezkeen objektu horiek, bereziki euren tamaina asko handituta.

Eraldatutako objektu horiek elkarrekin aztertu behar dituzte. Nola eragiten dio eskalak? Harrigarriak dira? Barregarria?

Zure museoa

Galdetu ikasleei ia bildumarik duten. Jarduera honetan, museo bat diseinatuko dute euren bildumetan oinarrituta. Sagu Museoa deitu zuen Oldenburgek egituraren itxurari erreparatuta. Ikasleek euren bildumako objektuen arabera diseina eta izenda dezakete. Museoaren zereginean eta funtzionamenduan pentsatu behar dute: nola ibiliko da jendea eraikinetik? Nola erakutsiko dira artelanak? Bururatzen zaiena marraztu behar dute (kanpoko eta barruko ikuspegien marrazkiak, esaterako).

 

HIZTEGIA

Eskuratu: objektu edo balio bat erosi; maiz erabiltzen da erakundeekin, hala nola, liburutegiekin eta museoekin.

Alter ego: pertsona baten bigarren nortasuna.

Korrugatua: materiali, azalerei eta egiturei esaten zaie, konkorrak eta hondoguneak / mendixkak eta bailarak dituztenean.

Fatxada: eraikin baten aurrealdea, kalera edota bestelako espazio zabalera begira dagoena.

Hierarkiarik gabe: mailatan sailkatu gabe.

Beira-arasa: objektuak erakusteko armairua, askotan, beirazkoa.

 

SAREKO BALIABIDEAK

Oldenburgen Sagu Museoaren inguruan:

Artelanaren bideo bat, Koloniako MUMOK museoan ikusgai egon zenekoa

Artistek egindako museoen inguruan

The Museum of Modern Art, The Museum as Muse (“Museoa da musa ”) erakusketa

 

BIBLIOGRAFIA

“Claes Oldenburg: The Sixties,” YouTube video, 2 min 52 s, mumokvienna erabiltzaileak igota, 2012ko martxoaren 14an

Hochdörfer, Achim, eta Barbara Schröder (arg.), Claes Oldenburg: los años sesenta, Guggenheim Bilbao Museoa, Delmonico Books, Munich, 2012.

Jörg Wolfert, Claes Oldenburg: The Sixties erakusketaren liburuxka (ingeleseko bertsioa, Cynthia Hallek itzulia), Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien, Viena, 2012.

Oldenburg, Claes. Claes Oldenburg, The Arts Council of Great Britain, Londres, 1970.

Oldenburg, Claes, eta Coosje van Bruggen, Large-Scale Projects, The Monacelli Press, New York, 1994.

“Tribune Tower competition” (Tribune dorrea egiteko lehiaketa), Chicago Tribune, 1922ko ekainaren 10ekoa

Van Bruggen, Coosje, Claes Oldenburg: Mouse Museum/Ray Gun Wing, Museum Ludwig, Kolonia, 1979.

×