Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa

2013(e)ko urriak 31 – 2014(e)ko otsailak 16

Erlea Maneros Zabalaren
Titulurik gabea (Los Angeles Times-en mikrofilmen artxibategia, 2007ko maiatza) [Untitled (Los Angeles Times Archive on Microfilms, May, 2007), 2008]

“Nire abiapuntua beste gauza batean eraldatzen dudan aitzakia formal bat da. Idazketarekin gertatu ohi den moduan, artea zerbaitetik sortu ohi da. Ez da hutsetik hasten. Prozesuari aurre egiteko balio duen oinarri bat dago aurretik"[1].

—Iñaki Garmendia, artista

Iñaki Garmendia (Ordizia, Gipuzkoa, 1972), Erlea Maneros Zabala (Bilbo, 1977) eta Xabier Salaberria (Donostia, 1969) artistek baliatzen dituzten sormen-prozesuek artista horien artelanen barruko ideiak ulertzen laguntzen digute. Artisten asmo zein helburuak agerian uzten dituzte prozesu horiek eta zenbait diziplina artistiko jorratzen dituzte, hala nola, pintura, zinema, bideogintza, argazkigintza, eskultura eta performancea. Batzuetan, halaber, diziplina artistikoekin lotuta ez egon arren, euren helburu artistikoak betetzeko baliagarriak zaizkien bestelako teknikak erabiltzen dituzte.

Beste batzuetan, berriz, artistok beste artista baten dokumentu edo obra bat abiapuntutzat hartuta abiatzen dute sormen-prozesua. Ez R.S. (No R.S., 2008) obran, esaterako, Garmendiak Roman Signerren (Appenzell, Suitza, 1938) leherketa, eskultura eta ekintza artistikoen esperimentuei buruzko argazki eta filmak hartu zituen iturritzat. Signerren obrak “denboraren eskulturak” direla esaten da, izan ere, materialek denboran zehar jasaten duten eraldaketa ikertzen du, eta gertatutakoaren esperientziara, izandako aldaketetara eta parte hartu duten elementuetara bideratzen du ikuslearen arreta[2]. Signerrek eguneroko objektuak lantzen ditu eta lurrarekin, haizearekin, suarekin eta urarekin ustekabean jartzen ditu harremanetan. Kimika ere erabiltzen du oinarrizko elementuen konbinazioak eta erreakzioak aztertzeko. Ez R.S. obran, Garmendiak bi kubo, hiru gas-botila, butano-bonbona bat eta lehertzen diren zenbait puxika filmatu ditu. Bideo formatua erabili arren, objektuak eskulturak balira bezala ageri dira. Irudiek ez digute kontakizunik eskaintzen eta abstraktutzat[3] jotzen ditugu, Garmendiak ez baitu gai edo testuinguru zehatzik txertatzen.

Titulurik gabea (Los Angeles Times-en mikrofilmen artxibategia, 2007ko maiatza) [Untitled (Los Angeles Times Archive on Microfilms, May, 2007), 2008] obran, berriz, mikrofilma hautatu zuen Maneros Zabalak bere sormen-prozesuaren abiapuntu gisa. Obra honetan ageri diren zuri-beltzeko fotokopiak mikrofilm makinen bidez sortutako irudietan oinarritzen dira. Mende batetik gora erabili izan da teknologia hori egunkariak eta dokumentuak gordetzeko. Aitzitik, dokumentuak on line artxibatzen dira egun. Maneros Zabalak irudiek eremu batetik bestera izandako trantsizioa aztertzen du. Artistak edukiaren parte bat ezabatzen du (testua, batik bat); ondorioz, bakandutako irudiez zipriztindutako laukizuzen sare bat geratzen da (testua kutxatan antolatuta egon ohi da). Lan-sorta honetan “New Day Begins” (egun berri bat hasi da)[4]esaldia besterik ezin da irakurri. Irudiak teknologia berrien ondorioen aurkako diatriba moduan interpreta daitezke, eta zaharkitzapena, anakronismoa eta aldiberekotasuna bezalako gaiak lantzen dituzte[5].

Salaberriaren Inkonstziente/konstziente serieko Titulurik gabea (2011) instalazioa Espainiako Errepublikaren Pabilioiaren erreplika batean oinarritzen da, jatorriz, Josep Lluís Sertek (1907-1983) eta Luis Lacasak (1899-1966) Pariseko 1937ko Erakusketa Unibertsalerako diseinatutakoa eta Bartzelonan 1992ko Joko Olinpikoetarako berreraikitakoa. Eraikina Espainiako Gerra Zibilean zehar (1936–39) faxismoaren aurkako erresistentzia errepublikarraren ikur bilakatu zen arkitektura arrazionalaren ildoei jarraikiz eraiki zen. Salaberriak argazkilari profesional bati egin zion Bartzelonako pabilioiaren argazkiak egiteko enkargua. Prozesutik urrundu ahala, artistaren berezko subjektibotasuna saihestu zuen Salaberriak. Bere prozesu artistikoa urruntze-estrategia bilakatzen da eta obraren egiletza zalantzan jartzen du. Halaber, pabilioiaren konnotazioen inguruko eztabaida jartzen du agerian: nola adierazi daitezkeen arkitekturaren bidez nortasun nazionalak eta nortasun horiek nola erakutsi daitezkeen Nazioarteko Azoketan nazio eta estatuen arteko mugen inguruan kontzientziatzeko[6].

OHARRAK

1. “Iñaki Garmendia, ARCO 2011”. 2011ko otsailaren 18a.

2. http://www.romansigner.ch/en/start/

3. “Iñaki Garmendia artistak abstrakzioaren inguruko esperimentazioa egin du”. El diario de Navarra, 2008ko urtarrilaren 27a.

4. Mizota, Sharon. “Review: Erlea Maneros Zabala looks back at 'Past Work.'
Los Angeles Times
, 2013ko apirilaren 4a.

5. Jaio, Miren. Before everything (Antes que todo). Erakusketaren katalogoa. Madrid: CA2M, 2010eko irailaren 18a – 2011ko urtarrilaren 9a, 146 or.

6. Aguirre, Peio. “Scenario by Xabier Salaberria”.

  • Aztertu: Garmendia, Ez R.S. (No R.S., 2008)

Museoan, lau bideo, pantaila banatan, ikus daitezke. Ikasgelan, Garmendiaren Ez R.S. (No R.S., 2008) izeneko bideoaren zati bat erakutsi daiteke, http://vimeo.com/11654549 helbidean eskuragarri. Eskatu ikasleei ezagutzen dituzten objektuak izendatzeko. Zertan dute antza eta zertan bereizten dira?

Eskatu ikasleei pantaila bakoitzean gertatzen dena deskribatzeko, bai eta objektuak nola mugitzen diren eta zein jarrera duten esateko ere. Garmendiak gauzak gertatzea eragiten du, objektuek foku baten aurrean zein erreakzio duten ikus dezagun, era horretara, objektuen materia fisikoa erakutsiz.

Garmendiaren bideo gehienetan ideia bat nabarmentzen da: gauza guztiak zirkuluarekin lotuta daude. Zerk sinbolizatzen du zirkuluak? Eskatu ikasleei zirkuluari lotutako elementuen eta gauzen zerrenda egiteko. Eskatu bideoan irudi edo mugimendu zirkularrak bilatzeko eta, ahal dela, horien azalpena emateko.

Eskatu soinua eta argia deskribatzeko. Nola eragiten dio soinuaren eta argiaren erabilerak obra baten inpaktuari?

Objektuak eskulturak balira bezala ulertzen ditu Garmendiak. Zergatik erabiltzen du bideoa eskulturak sortzeko?

 

Eskatu ikasleei irudiak deskribatzeko eta elementu ezagunak bilatzeko. Zer aurkitu dute?

Laukizuzenen puntuak, orbanak eta sareak ere artxiboko irudi horien barnean daude. Nola definituko lituzkete ikasleek irudi horiek? Zer ekartzen die gogora?

Noiz eta non aurki daitezke gisa horretako irudiak?

Mikrofilmaren teknika zaharrak 500 urtetik gora irauten duten irudiak sortzen dituela esan ohi da, hots, egun erabiltzen den paperak baino askoz ere gehiago. Esan ikasleei datu informatikoei buruzko gogoeta egiteko: artxibo digitala erregistro iraunkorra dela uste dute? Eskatu mikrofilmari eta artxibo digitalei buruzko informazioa bilatzeko eta ikasgelan bi teknologien abantailei eta desabantailei buruz eztabaidatu.

Egin grabatzeko eta erregistratzeko gailu zahar eta egungoen zerrenda bat. Aztertu gailu bakoitzaren abantailak eta desabantailak.

Eztabaidatu ezazue teknologia berriek gure bizitzetan ekarritako aldaketei buruz: nola lan egiten eta ikasten dugun, nola jartzen garen harremanetan beste pertsona batzuekin, nola banatzen dugun gure denbora eta abar.

 

  • Aztertu: Salaberriaren Inkontziente/kontziente (2011–13) seriea

Zein irudi ikus daitezke? Zein motako eraikina da? Zertarako balio izan zuen?

Pablo Picassok (Málaga, 1881–Mougins, Frantzia, 1973) 1937an Gernika (1937) obra aurkeztu zuen lehen aldiz pabilioi honetan. Eskatu ikasleei Espainiako Errepublikaren Pabilioiari buruzko informazioa bilatzeko.

Zein azoka edo erakusketa mota ezagutzen dituzte? Zein da Erakusketa Unibertsalen xedea?

Eskatu ikasleei Nazioarteko Arte Azoken inguruko informazioa bilatzeko eta aztertu azoka horiek iraganean zein egun dituzten helburu eta konpromisoak.

Galdetu ikasleei zergatik uste duten Joko Olinpikoen harira eraikinaren erreplika eraiki zela 1992an Bartzelonan. Eraikinak 1937an zuen esanahi bera mantentzen al du? Erantzuna argudiatzeko, eskatu eraikinaren eta egun duen erabileraren inguruko informazioa bilatzeko.

Serie honetan, prozesu artistikotik urruntzen da Salaberria. Espainiako pabilioiaren argazkiak egiteko enkargua egin zion argazkilari profesional bati. Galdetu ikasleei haien ustez Salaberriak zergatik ez zituen argazkiak egin. Eztabaida ezazue artista batek bere obra egitea garrantzitsua den.

Eskatu ikasleei erakusketa honetan artistak argazkiak nola erakusten dituen deskribatzeko. Nola eragiten dio horrek ikuslearen hautemateari? Eztabaida ezazue erakusketa-gune batek artelan batean izan dezakeen eragina.

  • Iñaki Garmendiaren Ez R.S. (No R.S., 2008) obrari lotutako jarduera:

Ez R.S. izenburua Roman Signerren inizialei dagokie, Garmendiaren obra Signerrek 1980ko hamarkadan sortutako obretan oinarritzen baita. Eskatu ikasleei antzeko ekimen bat antolatzeko eta objektuek zein erreakzio duten (nola mugitzen diren, zein soinu egiten duten, materia fisikoa nola aldatzen den) eta eguzkia, ura edo haizea bezalako elementuak jokoan sartzen diren aztertzeko. Horretarako, puxikak, plastikozko pilotak, kanikak, latak, etab. erabil ditzakete. Esan ikasleei hautatutako objektuak jolas-orduko patioan egun desberdinetan ipintzeko, baldintza meteorologiko desberdinetan, eta aztertu dezatela nola erreakzionatzen duten haizearekin, euriarekin, elurrarekin edo eguzkiarekin harremanetan jartzean. Filmatu itzazue. Filmaketarekin amaitzean, ikusi filmatutakoa eta aztertu zuzeneko performancearen eta bideoaren arteko desberdintasunak.

 

  • Erlea Maneros Zabalaren Titulurik gabea (Los Angeles Times-en mikrofilmen artxibategia, 2007ko maiatza) [Untitled (Los Angeles Times Archive on Microfilms, May, 2007), 2008] obrari lotutako jarduera:

Eskatu ikasleei bideo-kamera zaharrekin filmatutako bideoak edo guraso edo aitona-amonen paperezko argazki zaharrak ikasgelara eramateko. (Ziurtatu gurasoen baimena dutela edo, bestela, fotokopiak eraman ditzatela. Horietako asko familiako altxor baliotsuak izaten dira). Ikasgelan, kamera digital batekin edo smartphone-arekin argazki zaharren argazkiak egiten edo bideoz grabatu ditzatela. Bi tekniken ezaugarri positiboak eta negatiboak alderatu eta aztertu. Gure guraso edo aitona-amonek noiz eta zein maiztasunarekin egiten zituzten argazkiak edo grabatzen zituzten bideoak? Noiz eta zein maiztasunarekin egiten dugu orain? Argazkiek eta bideoek iraganean zuten balio bera al dute egun? Eskatu euren erantzunen argudioak emateko.

 

 

 

  • Xabier Salaberriaren Inkontziente/kontziente (2011–13) obrari lotutako jarduera:

Eskatu ikasleei euren herriko edo hiriko eraikin ezagun bat hautatzeko. Eskatu Interneten horren inguruko informazioa eta irudiak bilatzeko. Esaterako, arakatu dezatela zertarako eraiki zen eta denboran zehar zertarako erabili den. Eskatu eraikinaren argazki bat ateratzeko. Aztertu Internetez deskargatutako argazkien eta ikasleek egindakoen arteko desberdintasunak. Hitz egin horri buruz, ikaslearen subjektibotasunean arreta berezia jarriz.

Ikus http://www.flickr.com/photos/arcomadrid/6586959153/ seriea eta aztertu instalazioa erakusteko modua. Salaberria Documentaren (munduko arte garaikideko erakusketa handienetakoa) sortzaileak, Arnold Bodek (Kassel, Alemania, 1900–Kassel, 1977), 1950eko hamarkadako bigarren erdialdean sortutako panel-sistemetan oinarritu zen, hots, erakusketa bitarteko bezala garatzeko soluzio modernisten prototipo gisa sortutakoak[1]. Salaberriak zergatik erabaki du bere obra modu horretan erakustea? Eskatu ikasleei euren margolanak eta irudiak eraikinean erakutsi behar dituztela irudikatzeko. Nola antolatu eta kokatuko lituzkete? Eskatu obren kokapena diseinatzeko papera eta lapitza erabiltzeko. Zergatik antolatu dute bere obraren erakusketa era horretara?

 

OHARRAK

  1. Aguirre, Peio. “Scenario by Xabier Salaberria”.

 

HIZTEGIA

Abstraktua: Objektu baten funtsera iritsi asmo duten printzipio orokorretan oinarritutako ideia edo argudioa.

Anakronismoa: Beste garai batekoa dena edo beste garai batekoa dirudiena.

Diziplina artistikoa: Adierazpen artistikoa garatzeko modu desberdinak, esaterako, pintura, eskultura, performancea, bideogintza, argazkigintza eta abar.

Sormen-prozesua: Artista batek ideia bat landu eta arte bilakatzeko hautatzen duen metodoa.

 

BALIABIDEAK

Roman Signer

http://www.romansigner.ch/en/start/

http://www.thecult.es/Fotografia/el-fotografo-roman-signer-y-el-videoarte.html

http://bombsite.com/issues/105/articles/3176

Mikrofilma

http://pablonicolosi.com/articulo/2013/04/lo-que-es-microfilm/

http://www.microfilmworld.com/whatismicrofilm.aspx

http://www.wisegeek.org/what-is-microfilm.htm

Espainiako Errepublikaren Pabilioia

http://www.spainisculture.com/en/monumentos/barcelona/pabellon_de_espana_en_la_exposicion_internacional_de_paris_de_1937.html

http://www.bib.ub.edu/es/bibliotecas/pabellon-republica/expos/pabellon-republica/#c28115

Espainiako pabilioiaren maketa:

http://www.google.com/culturalinstitute/asset-viewer/spanish-pavilion-paris-international-world-s-fair-1937/EgGNpWM2o9fSPg?hl=en

Pariseko Erakusketa Unibertsalari buruzko bideoak

http://www.youtube.com/watch?v=zE3CmuzpMAM

http://www.youtube.com/watch?v=O9ELSzRbH6A

Arte garaikideko nazioarteko azokak

http://www.biennialfoundation.org/biennials/sao-paolo-biennialv/ http://www.labiennale.org/en/Home.html

http://d13.documenta.de/#welcome/

http://manifesta.org/

×