Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

2012(e)ko urriak 30 – 2013(e)ko otsailak 17

Gaiak | Monumentuak

|

Proposamena: Ipar Central Parkerako monumentu erraldoia – hartz txikia (Proposed Colossal Monument for Central Park North, N.Y.C. – Teddy Bear), 1965
Koloretako eta urmargoa paper gainean
60,6 x 47,9 cm
Whitney Museum of American Art, New York
Honen dohaintza: American Contemporary Art Foundation, Inc., Leonard A. Lauder, President
© Claes Oldenburg

“Hiri batean monumentuak egitea, hiria estudiotzat erabiltzea da” —Claes Oldenburg (1)

Oldenburgen arabera, monumentuak egiteko ideia bururatu zitzaion, taxi batean zihoala, Manhattango etxeen silueta ikustean: ““Oso atsegina litzateke etxe-orratz baten tamainako untxi bat Midtown-en. Asko poztuko ziren aldirietatik untxiaren belarriak ikustean” (2). New Yorkeko Centra Parkerako Monumentu izugarri baterako proiektua New Yorkeko Central Park-eko iparralderako — Peluxezko hartza (Proposed Colossal Monument for Central Park North, N.Y.C.: Teddy Bear, 1965) marrazkiaren bidez fantasia surrealista hori hezurmamitu zuen.

Kalea lanean hiriak haren estudioa eraldatu zuten neurrian, hiria eraldatuko zuen estudioak. “Hiri batean monumentuak egitea, hiria estudiotzat erabiltzea da” esan zuen; hasieran, gainera, New York hiri berezia zen: “New York ‘gela’rik gustukoena dut, denborapasarik gogokoena. Harentzat egiten ditut jostailuak, nire hirien hiria da” (3).

“Monumentu” deitu zien lan horiei, baina ez ziren zehazki “monumentuak”; adiera hertsian behintzat: ez zuten oroigarri eginkizunik. Oldenburgek honakoa azaldu du: “gauza handi-handiei esateko hitz arrunta zen niretzat. Geroago jakin nuen, hiztegian bilatzean, ‘monumentu’ oroigarri mota bat zela. Hasieran, ez nekien, ez nuen hori buruan hitz hori erabiltzean” (4). Monumentuek ez bezala, lanok ez dira historikoak ezta politikoak, behintzat, azalean; aitzitik, satira antzekoak dira, AEBko bizimoduaren hutsaltasunaren eta zentzugabetasunaren satirak. Lanok sortzeko inspirazio-iturrietako bat izan zen Macy’s saltoki handien Esker Emate Eguneko desfilea: AEBko marrazki bizidunetako pertsonaien globo handiak eraikinen silueta atzean. Desfileak nortasun estatubatuarraren merkataritza-ezaugarrien zentzugabetasuna islatzen zuen (5).

Oldenburgi Beranduko proposamena 1922ko Chicago Tribune arkitektura lehiaketarako – Matxarda, lehenengo bertsioa [Late Submission to the Chicago Tribune Architectural Competition of 1922: Clothespin (Version One), 1967] lana egitea bururatu zitzaion Chicagora hegazkinez zihoala. Matxarda bat zeraman, estudioko oihalezko eskultura batzuk lotzeko erabilitakoa(6). Matxarda Chicagoko etxe-orratzen aurrean jartzean, leiho parean, ohartu zen “halako ezaugarri gotikoa” zuela, itxura dela-eta, eta Michigan Avenuen kaleko Chicago Tribune eraikinaren ordezko izan zitekeela pentsatu zuen (7). Marrazkiaren izenburua irakurrita, pentsa daiteke 1922ko marrazki bat dela; izan ere, urte horretan abian jarri zen Tribune dorrea eraikitzeko lehiaketa eta aurkeztutako proposamen asko eskulturaren eta arkitekturaren artean zeuden.

Oldenburgek proposatu zuen eraikinaren “hankak” beira urdinez estaltzeko eta matxardaren “malguki”etan beirategidun jatetxeak egiteko. Eraikineko pasabideek hotsak aterako lituzkete haizea tartetik ibiltzean (8). 1976an, Oldenburgek matxarda erraldoiaren ideia gauzatu zuen finean, Filadelfiako erdigunean, Centre Square plazaren kanpoaldean: ia 14 metroko altzairuzko eta altzairu herdoilgaitzeko eta herdoilkorrezko Matxarda (Clothespin) erraldoi bat ikusgai ipini zen (9).

1. Hochdörfer, Achim, eta Barbara Schröder (arg.), Claes Oldenburg: los años sesenta, Guggenheim Bilbao Museoa; Delmonico Books, Munich, 2012, 182 or.

2. Jörg Wolfert, Claes Oldenburg: The Sixties erakusketaren liburuxka, Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien, Viena, 2012, 14 or.

3. Hochdörfer eta Schröder, op. cit., 179 or.

4. Ibid.

5. Jörg Wolfert, op. cit., 14 or.

6. Claes Oldenburgeta Coosje van Bruggen, Large-Scale Projects, The Monacelli Press, New York, 1994, 234 or.

7. Ibid.

8. Ibid., 233 or.

9. Ibid., 235 or.

Guztiok elkarrekin begiratu Beranduko proposamena 1922ko Chicago Tribune arkitektura lehiaketarako – Matxarda, bigarren bertsioa (1967) marrazkiari. Zer ikusten dute ikasleek? Hasieratik ohartuko dira matxarda bat dela, baina eskatu gehiago sakontzeko. Zein perspektibatik ikusten dute? Zer dago atzealdean?

Zer da deigarria matxardaren formari dagokionez? Zer ekartzen die gogora forma horrek? Nola ematen du Oldenburgek aditzera irudiaren eskala?

Matxardaren marrazki honek hiriko eraikin batek beharko lukeena irudikatzen du. Alderatu marrazkia eta etxe-orratz baten diseinua. Eskatu ikasleei matxardaren inguruan ibiltzen direla imajinatzeko. Oldenburgek pentsatu zuen matxardaren “malgukiak” jatetxe bat izango zirela eta “zuloak” pasabideak, haizea igarotzean txistu egingo zutenak. Eraikin baterako diseinu egokia al da Oldenburgen marrazkia? Zergatik?

Begiratu marrazkiaren izenburuari. Zergatik aukeratuko zuen artistak? Azaldu ikasleei Oldenburgek imajinatu zuela marrazki hori 1922an egindakoa zela, lehiaketa baterako proposamena, hain zuzen, Chicago Tribune eraikina diseinatzeko lehiaketa. Epaimahaiak zer pentsatuko zukeen haren diseinuaren ingurua? Alderatu Oldenburgen diseinua eta 1922an eraiki zenarena.

Aztertu Oldenburgen marrazkiaren atzealdea. Goialdeko xehetasunak, ezkerrean, beste etxe-orratz bat irudikatzen du; horren teilatuan meskita bat eta minarete bat dago. Garai batean Medinah Club deitzen zen eraikin hori (orain Chicagoko Intercontinental hotela da), eta aipatutako Tribune dorretik iparraldera dago. Zergatik erabaki zuen Oldenburgek xehetasun hori gehitzea, beste asko ez bazituen adierazi?

Oldenburgi objektuen itxura interesatzen zaio, baita itxura horrek gogora ekartzen diona ere, tamaina aintzat hartu gabe. Matxarda etxe-orratz neogotikoekin alderatu zuen Oldenburgek, eta haren matxardaren eskultura Filadelfian egin zuenean, batzuek Constantin Brancusiren (1876–1957) Musua (Le Baiser, 1916) lanarekin konparatu zuten —Musua hiri horretako Philadelphia Museum of Art-en ikusgai dago—(1). Zer pentsatzen dute ikasleek konparazioaz? Beste zerbaitekin lotzen dute marrazkia?

1. Ibid., 235 or.

Monumentuak

Oldenburgen monumentuekin ere lotuta dago matxardaren marrazkia: eguneroko objektuez baliatzen zen monumentuak diseinatzeko. Eskatu ikasleei monumentuaren definizioan pentsatzeko (pertsona edo gertakizun nabari oroitarazteko egindako eskultura, eraikina edo bestelako egitura bat). Marrazkiak definizio hori betetzen al du? Zuen inguruko monumentu ezagunak eta Oldenburgen marrazkia alderatu.

Jarduera honetan, ikasleek monumentu bat egingo dute Oldenburgen artea insipirazio-iturritzat hartuta. Lehenbizi, omen egin nahi dioten pertsona edo gertakaria aukeratu eta hausnartu behar dute. Garrantzitsua izan daiteke eurentzat bakarrik edo gizartean (herrian, inguruan, familian eta abar).

Ikasle bakoitzak proposatutako monumentuaren zirriborro bat egin behar du. Argi adierazi behar dute kokalekua, tamaina, materialak eta beste edozein ezaugarri (adibidez, azalpen-txartel bat eramango lukeen). Maketa txiki bat ere gin dezakete eskura duten materialekin.

Ikaskideei euren monumentua erakutsi behar diete; guztiok elkarrekin bat aukeratzeko, hots, lehiaketa bat egiteko, zer prozesu jarraituko luketen eztabaidatu behar dute. Zer ezaugarri bihurtzen dute monumentu haien proposamenetako bakoitza? Zer antzekotasun eta zer alde dago Oldenburgen marrazkiaren eta euren proiektuen artean?

Diseinu lehiaketa

Chicago Tribune egunkaria, Chicagoko handiena, egoitza berria egiteko diseinu-lehiaketa abian jarri zuen 1922an. 100.000 dolarreko saria eskaini zuten “munduko bulego-eraikin politena” diseinatzen zuenarentzat. Mundu osoko proposamenak jaso zituzten (1). 45 urteren buruan, Oldenburgi “proposamen berantiar” bat bururatu zitzaion, XX. mendeko arkitektura-lehiaketa garrantzitsu horretarako.

Jarduera honetan, ikasleek “proposamen berantiarrak” egingo dituzte. Euren ustetan, nolakoa litzateke “munduko bulego-eraikin politena”? Eztabaidatu ikasleei formaren eta funtzioaren arteko lotura. Diseinua eta eraikinaren eginkizuna lotuta beharko luketela gogorarazi; hala ere, estetika zaindu behar dute. Tribune dorrea gotiko berriaren estetika du, baina bestelako proposamenak ere egin zituzten, hona hemen batzuk. Ikasleek proposamenaren marrazkia egiteaz gain, testu labur bat idatzi behar dute erabiliko liratekeen materialak eta eraikinaren eginkizuna azaltzeko.

Eskatu ikasleei euren proposamenak ikaskideei aurkezteko; galderak ere erantzun beharko dituzte. Alderatu guztion marrazkiak. Zein aukeratuko lukete bertan lan egiteko? Zergatik?

1. “Tribune Tower competition”, Chicago Tribune, 1922ko ekainaren 10ean

 

HIZTEGIA

Neogotikoa: Erdi Aroko gotikoaren eragina duen arkitektura-estilo bat da.

Monumentua: eskultura, eraikin edota bestelako egitura bat da, pertsona edo gertakizun nabari bat omentzeko edota oroitarazteko.

Oroigarria: pertsona bat edo gertakizun bat oroitzeko objektua edo egitura.

Satira: bizioak eta zentzugabekeriak kritikatzeko eta agerian uzteko lan bat da, umorez, ironiaz, gehiegikeriak eta sarkasmoaz baliatzen da; bereziki esaten zaie egungo politika eta bestelako gaurko gaiak kritikatzen duten lanei.

 

SAREKO BALIABIDEAK

Oldenburgen monumentuen inguruan:

Chinati Foundation Azken zaldiari monumentua (Monument to the Last Horse, 1991
Yale University, arte publikoa Yale unibertsitatean, [Lipstick (Ascending) on Caterpillar Tracks, 1969–74

Mundu osoko beste monumentuen inguruan:

Nazioak Sarean proiektua, munduko monumentu ezagunenak
Munduko Monumentuen Funtsa

Tribune dorrearen lehiatzearen inguruan:

“Tribune Tower competition,” The Chicago Tribune, 1922ko ekainaren 10ean

 

BIBLIOGRAFIA

“Claes Oldenburg: The Sixties,” YouTube video, 2 min 52 s, mumokvienna erabiltzaileak igota, 2012ko martxoaren 14an

Hochdörfer, Achim, eta Barbara Schröder (arg.), Claes Oldenburg: los años sesenta, Guggenheim Bilbao Museoa, Delmonico Books, Munich, 2012.

Jörg Wolfert, Claes Oldenburg: The Sixties erakusketaren liburuxka (ingeleseko bertsioa, Cynthia Hallek itzulia), Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien, Viena, 2012.

Oldenburg, Claes. Claes Oldenburg, The Arts Council of Great Britain, Londres, 1970.

Oldenburg, Claes, eta Coosje van Bruggen, Large-Scale Projects, The Monacelli Press, New York, 1994.

“Tribune Tower competition” (Tribune dorrea egiteko lehiaketa), Chicago Tribune, 1922ko ekainaren 10ekoa

Van Bruggen, Coosje, Claes Oldenburg: Mouse Museum/Ray Gun Wing, Museum Ludwig, Kolonia, 1979.

×