Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Gure garaiko artea. Guggenheim bildumen maisulanak

2014(e)ko irailak 23 – 2015(e)ko maiatzak 3

Gaiak | Lenin andrea eta urretxindorra

|

Georg Baselitz
Lenin andrea eta urretxindorra (Mrs. Lenin and the Nightingale), 2008
16 mihise
Olio-pintura mihise gainean
300 x 250 cm bakoitza
Guggenheim Bilbao Museoa

"Azpikoz gora margotutako objektu bat egokia da pinturatzat, ez delako egokia objektutzat". Georg Baselitz 1

George Baselitz Alemanian, Deutschbaselitz-en jaio zen 1938an. Lehenbiziko artelanak Alemaniaren espiritualtasunean, kulturan eta gizartean gerrak eragindako hondamendiaren ispilu ziren. Horrez gain, 1950 eta 1960ko hamarkadetako artista alemanen belaunaldi bati erakusten zion bere nortasun nazionala nola onartu Bigarren Mundu Gerra eta gero. Berlingo Ekialde komunistako errealismo sozialista kontrolatuan trebatua, 1958an Ekialdeko Berlinera bizitzera joan zenean izan zuen lehen hartu-emana arte abstraktuarekin. Hala ere, Baselitz-ek estilo biei uko egin zien, eta, denboraren poderioz, XX. mende hasierako eta naziek basatiki isilarazitako arte espresionista alemanera itzuli zen. Baselitz-i historia biziki interesatzen zitzaion, eta, bere lanetan, giza irudiak toki erabakigarria hartu zuen berriz. Dena den, bere irudiek ondoez bizia ekarri ohi dute gogora. Maiz, Baselitz-ek pentsatu izan du Holokaustoaren eta Bigarren Mundu Gerraren ondoan, beharrezkoa dela gizarteak itsustasunaren kontzeptuari heltzea.

1960ko hamarkadaren bukaeran, irudiak buruz behera margotzen hasi zen Baselitz: irudia beste bide batetik hartu zuen berriz aztertzeko, konposizio arau tradizionalak haustea helburu. Artistak honela azaldu zuen: "Azpikoz gora margotutako objektu bat egokia da pinturatzat, ez delako egokia objektutzat. Ez dakit ezer errepresentazioak duen sendotasunari buruz. Ez dut errepresentazioaren doitasuna zuzentzen. Objektuarekin dudan harremana arbitrarioa da. Pintura metodikoki antolatzen du apainduraren hankaz gora jartze erasotzaile eta ez harmoniatsu batek". 2 Ikuslea urruntzeko estrategia bat da. Artistak dioenez, estrategia horrek trinko geruzatutako gaia "askatzen du", eta abstrakzioa lortzen da, baina figurazioari eutsita.

Lenin andrea eta urretxindorra (Lenin and the Nightingale) (2008), formatu handiko hamasei mihiseko saila da eta konposizio-egitura bera du oinarri: bi gizon buruz behera, elkarren ondoan eserita, zakilak agerian eta eskuak izter gainean, handikiro atseden hartzen. Irudi horren iturria Otto Dix-en (Untermhaus, Alemania, 1891–Singen, Alemania, 1969) Artistaren gurasoak II (Die Eltern des Künstlers II, 1924) erretratu ezaguna da; beste lan askotan bezala, Baselitz-ek artearen historiako aurreko lan bat hartu eta bere modura berrinterpretatu zuen: Lan honetan, jatorrizko irudien ordez, bi diktadore margotu zituen: Vladimir Lenin eta Josiv Stalin, modu erabat alegiazkoan elkarrekin bilduak. Hira bizia leuntzen duen umore subertsiboa tarteko, Baselitz-ek bi pertsonaia satirizatzen ditu, XX. mendeko lehen zatian elkarrekin mundua hankaz gora jarri eta milioika lagunen heriotza ekarri zuen bikotea, hain zuzen. Lenin, munduko lehen estatu komunistaren sortzailea, "Lenin andrea" gisa erretratatu zuen —gonatxoa eta takoidun zapatak daramatza— aditzera emateko Leninek, Europako erbestealdian, mozorroak erabiltzen zituela poliziarengandik ihes egiteko. Stalin, aldiz, "urretxindorra" da, ahots ona baitzeukan eta poesia maite baitzuen. Saileko pintura bakoitzak titulua du. Izenburu horiek hitz-jokoak edo esaldi misteriotsuak dira. Ez dituzte zuzenean erretratatutako diktadoreak aipatzen; aitzitik, Baselitz-ek gogaide sentitzen dituen gaur egungo artista modernoak dituzte iturri.

Norman Rosenthal arte-historialariak honela dio: "Izenburu hauek, zera... antz handia dute zuhaitzen enborretan idazten diren maitasun-mezuekin. Bandalismo-ekintzatxo moduko bat dira, bere buruari egina eta alienagarria, Lenin andrea eta Stalin urretxindorraren mundua den lorategi pribatuan egina". 3 Izenburu horiek Baselitz-en buru makurtze bihurriak dira, eta XX. mendeko artearen historiari buruzko gogoeta konplexua. Bere margolanak era askotako hausnarketen ispilu dira, zenbait ikuspuntu historiko nahiz estetikoren ingurukoak. Mihiseak bi taldetan banatuta daude eta jarraian margotu zituen. Nolabait esateko, egunaren ondoren gaua dator: lehenbiziko zortziak hondo zuriaren gainean eta kolore biziko pintzelkada zabalez margotu zituen; beste zortziak, aldiz, hondo beltz eta lehor baten gainean, pintzelkada urdin eta beltz arinez, eta, batzuetan, kolore argiko ukituez.

1. Georg Baselitz, "The Upside-Down Object" (1981), Detlev Gretenkort (arg.), Georg Baselitz: Collected Writings and Interviews, Ridinghouse, Londres, 2010, 60. or.; lehenbiziko aldiz ingelesez eta nederlanderaz argitaratua honetan: ’60–’80: Attitudes/Concepts/Images, Stedelijk Museum and Van Gennep, Amsterdam, 1982, 88., 234. or.

2. Ibid.

3. Norman Rosenthal, “Norman Rosenthal on Georg Baselitz at White Cube,” Saatchi Online, 2009ko martxoaren 12a,

Eskatu ikasleei Baselitz-en artelanari arretaz errepara diezaiotela. Minutu batzuk eman margolanen xehetasun denak behatzen. Zertan jarri dute arreta? Zein irudi antzeman dituzte? Zertan ari dira pertsonaiak eszena horietan?

Baselitz-ek irudiak buruz behera margotzen ditu. Artista batek zergatik erabaki dezake horrela margotzea? Zer pentsatzen dute ikasleek margotzeko modu horretaz?

Eskatu ikasleei imajina ditzatela beren buruak haren pinturetako batean murgiltzen. Zer ikusi, entzun, usaindu edo hautemango lukete? Zer sentitzen da halako toki batean egonda? Gustatzen zaie bertan egotea? Zergatik bai, edo zergatik ez?

Ikasleei eskatu irudika dezatela artistak lan hori nola margotu zuen. Zein tresna erabiliko zituen, erabili bazituen? Nola mugitu ote zuen gorputza? Prozesu azkarra ala motela izan zen? Pinturaren zein alderdiren bidez iritsi dira ondorio horretara?

Hamasei pinturak hobe ikusten dira denak batera, lan bakarra bailitzan, izan ere, bata bestearen atzetik margotu zituen. Lan honen izenburua eta azpititulu batzuk aztertu. Ikasleen ustez, zein esanahi dute? Izenburuek zein ideia berri dakartzate? Uste dute izenburua egokia dela margolan sorta adierazteko? Zergatik bai, edo zergatik ez? Izenburuak aldatzeko aukera izango balute, zein izen esango lituzkete?

- Irudikatu solasaldi bat artelan honetan eserita dauden bi irudi horien artean. Binaka, ikasleek bi pertsonaien arteko elkarrizketa idatzi behar dute. Zertaz ariko dira hizketan? Nolakoak lirateke beren ahotsak? Jarraian, ikasleek elkarrizketa hori antzeztuko dute eta pertsonaia horien "ahotsak" imitatu. Horrez gain, ikasleek solasaldiari giro-soinua jar diezaiokete.

- 1970ko hamarkadan, Baselitz eskuekin margotzen aritu zen, eta aurrerago oinekin. Horren bidez, azpimarratu zuen margotutako irudia gorputzaren ekintzaren emaitza ere badela, eta ez bakarrik sorkuntza kontzeptual espiritual baten emaitza. Eskatu ikasleei zuzenean margo dezatela zoruan ipinita dagoen paper zati handi baten gainean, baina inolako objekturik erabili gabe. Erreparatu elkarrekin emaitzei, eta hitz egin horiei buruz. Nola sentitu dira prozesuan zehar? Zein dira horrela lan egitearen alde onak eta txarrak?

 

Hiztegia

Errealismo sozialista: Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko joera artistiko ofiziala, Josiv Stalinek 1934an finkatua, eta, geroago, mundu osoko alderdi komunista aliatuek ere ezarria.

Arte espresionista: (nagusiki Alemania eta Austrian, XX. mendeko lehen hamarkadan) joera artistiko bat da, pintura-formaren ezaugarri adierazkorrak indartzen dituena, emozio subjektiboak nahiz barruko egia psikologikoak esploratzea helburu.

 

Sareko Baliabideak

Baselitz-en lana:

Guggenheim Bilbao, Bilduma, Lenin andrea eta urretxindorra

Norman Rosenthal, “Norman Rosenthal on Georg Baselitz at White Cube,” Saatchi Online, 2009ko martxoaren 12a.

Georg Baselitz-en biografia, Art Story

Europako historia:

Canal de Historia

 

Bibliografia

Georg Baselitz Mrs Lenin and the Nightingale. Londres, White Cube Gallery, 2009.

Colección del Museo Guggenheim Bilbao. Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

×