Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Egon Schiele

2012(e)ko urriak 2 – 2013(e)ko urtarrilak 6

Gaiak | Krumau-ko antzinako etxeak, 1914

|

Krumau-ko antzinako etxeak, 1914
Kolore opakuak eta arkatza
32,5 x 48,5 cm
Albertina, Viena

Badakit mila pertsonatik bat bizi dela pertsonak, animaliak, landareak eta gauzak maitatzeko; zerbait organikoa antzematen diela gauza orori, eta haien aurpegieran bizitzaren hatsa ikusten duela

—Egon Schiele (1)

Egon Schielek (Tulln, Austria, 1890–Viena, 1918) uste zuen naturatik gertu egoteak sormena hobetzen eta sustatzen zuela (2); garai hartako beste artista askok ere hala pentsatzen zuten, batez ere, Frantzian eta Alemanian. Era berean, naturak ezaugarri antropomorfoak zituela uste zuen; hortaz, haren paisaiek eta erretratuek antzekotasun asko dituzte. Zuhaitzen adabegiak eta modeloen beso eta hankak inguru zorrotz bertsuak dituzte; ekiloreak bakar-bakarrik daude, ez dago ingururik, erretratuetako isolatutako pertsonaiak bezalaxe; are paisaietako etxeen argitutako leihoek gauean kliskatzen ari diren begiak iradokitzen dituzte.

Schieleren paisaietan ere gorena naturan bilatzen zuela nabari daiteke . Artista erromantikoek moduan, natura erabiltzen zuen ikurtzat: zuhaitzek gurutzeak ematen dituzte eta enborrek eliza gotiko baten barrualdea (3). Haren olerkietan ere naturaren gaia jorratu zuen. “Tannenbaum” (“Izeia”, 1910) olerkian honakoa idatzi zuen: “Izeien baso trinkoaren katedral beltz gorrixkaren bihotzean sartzen naiz, isiltasunean dago eta haren keinu mimikoan begiratzen da” (4)

Schieleren hiri-paisaiak erretratuen antzekoak ere badira, ezaugarri batzuk, behintzat. Ezohiko ikuspegiak erabiltzea gogoko zuela aditzera ematen dute; izan ere, goitik irudikatzen zituen. Erretratuak egiteko eskailera batez baliatzen zen eta paisaiak marrazteko dorre batez. Bi dimentsioko konposizioan interesa zuen, beraz, baina espazioaren ordenamendua gordetzen zuen.

1911tik aurrera, landako eta hiriko paisaiak irudikatzeko beste estilo bat erabiltzen hasi zen. Halako gainbehera, bakardade, etsipen eta gertatzear dagoen hondamen kutsua dute. Hiri-paisaiak herri zahar eta hutsak dira, eta zahartzaroaren, eta, finean, heriotzaren, ikuskera ezkorra jasotzen dute (5).

Krumau-ko antzinako etxeak (1914) lanean Moldava ibaiaren gaineko mendixka bat jasotzen du, baita bertako etxeak ere. Erretratuetan moduan, Schielek inguruaren ezaugarri asko marraztu gabe utzi zituen: ez zuen ibaia, ezta inguruko etxeen xehetasunak, jaso. Ez zuen gouachea erabili beheko etxeak koloreztatzeko, arkatz beltzez baino ez zituen marraztu; amaitu gabeko egiturak dira eta itzalguneak han-hemenka baino ez zituen margotu. Bi dimentsioek eragindako liluraren adibide da lan hau
—Schieleren mentore Gustav Klimt (1862–1918) ere bi dimentsioekin liluratuta zegoen—, baina egiturak eta lerroek sortutako interesaren erakusgai ere bada. Krumau (egun Český Krumlov, Txekiar Errepublikan) Bohemiako herri bat da, eta lan honetan bertako etxeak ageri dira; etxe “zaharrak” direla ematen du, izan ere, Krumauko etxerik zaharrena agertzen da: gure begien aurren desegiten eta usteltzen dira bukatu gabeko zirriborro zuri-beltz honetan.

1. Helmut Friedel eta Helena Perena (arg.), Egon Schiele: The Unsalvageable Ego: Works from the Albertina, erak. kat., Wienand, Kolonia, 2012, 116 or.

2. Egon Schiele: The Leopold Collection, Vienna, erak. kat., DuMont, Kolonia; Museum of Modern Art, New York, 1998), 19 or.

3. Friedel eta Perena, op. cit., 112 or.

4. Egon Schiele, “Tannenbaum” (1910), honetan aipatua: Ibid.

5. Egon Schiele: The Leopold Collection, 19, 238 or.

Eskatu ikasleei lekuak deskribatzeko adjektiboen zerrenda bat egiteko; honakoak erabil ditzakete, handia, eguzkitsua, beldurgarria, jendez betea eta zirraragarria, besteak beste. Denon artean aztertu Krumau-ko antzinako etxeak (1914) eta erabaki zerrendako zer hitz erabiliko luketen paisaia hori deskribatzeko. Zergatia azaldu behar dute. Zer beste hitz gehituko liokete zerrendari? Leku hori deskribatzeko hautatutako hitzei begiratu, nola lortu zuen Schielek horrelakoak iradokitzea? Kolorearen, ikuspegiaren, lerroaren eta pintzelkadaren inguruan eztabaidatzera bultzatu.

Batzuen ustez, amaitu gabeko lana ematen du marrazki honek. Hala da? Zergatik? Eskatu ikasleei Schielek lan hau itxuraz bukatu gabe uzteko arrazoiak hausnartzeko, hots, zergatik ez zuen beheko zatia koloreztatu, zergatik ez zuen xehetasunik marraztu etxeetan eta zergatik ez zuen ingurua adierazi. Artelanak egiten ditzatenean nola jokatzen duten pentsa dezaten eskatu. Nola dakite amaituta dagoela?

Schielek askotan antzematen zion naturari eta marraztutako hiri zaharrei gizakion ezaugarriak. Maiz, osagai antropomorfoak ageri dira. Azaldu ikasleei “antropomorfo” zer den eta eman adibide baten bat. Unitatearen hasierako aipua irakurri ozenki. Krumau-ko antzinako etxeak lanean ezaugarri antropomorforik ikusten dute? Etxeek hitz egingo balute, zer esango lukete? Zer egingo lukete? Zer nortasun izango lukete?

“Begiratu” eta “ikusi” hitzen inguruan hausnartu behar dute. Zer alde dago bien artean? Schielerentzat, azaletik egiten den ekintza da “begiratzea”, ez du aparteko arretarik eskatzen; “ikusteak”, ordea, antzematea, jakitea, ebaluatzea eta pentsatzea dakar, alegia, “ikustean” horiek guztiak egiten ditugu aldi berean (1). Margolariek baino ez zutela benetan “ikusi” esaten zuen: “Pintoreak ere begira dezake; baina ikusteak zerbait gehiago dakar”(2). Zer uste dute ikasleek? Begiratu berriro lana, zer “ikusi” zuen Schielek etxe horietan?

1. Friedel eta Perena, op. cit., 120 or.

2. Ibid., 126 or.

Paisaia antropomorfoak

Schielek pentsatzen zuen naturak gizakion ezaugarriak zituela. Jarduera honetan, ikasleek euren ingurua aztertu behar dute, natura zein gizakiak sortutakoa, eta osagai antropomorfoak bilatu, marrazki bat egiteko. Irudi horietan oinarrituta konparazioak eta metaforak idatzi behar dituzte, adibidez, “goroldioz estalitako haitza agure zahar bat bezain marmartia da”; pertsonak eta irudikatutakoak konparatu behar dituzte. Metafora horiez baliatuta, marrazkietara berriro jo eta koloreztatu behar dituzte, olio-pinturaz eta akuarelaz, esaterako; errotulki beltzez lerroak nabarmendu behar dituzte, naturako osagai horien giza ezaugarriak areagotzeko.

Arte amaigabea

Jarduera honetan, ikasleek artelanak egingo dituzte ikaskideen lanak inspirazio-iturritzat hartuta. Bianaka lan egingo dute: lehenengo ikasleak Schieleren marrazki bat aztertu eta olerki bat idatziko du; bikotekideari pasa eta hark marrazki bat egin behar du olerkian oinarrituta; ondoren, lagunari (bikotekideari) olerkia erakutsi behar dio, eta horrek marrazki bat egin. Azkenean, “elkarrekin” egindako olerki eta marrazki guztiak erkatu behar dituzte. Zer osagai agertzen dira guztietan? Schieleren hasierako lan horrekin zer alde dute?

Zer da artista izatea?

Schielek uste zuen artistek dohain bereziak zituztela. Galdetu ikasleei zergatik ote diren bereziak artistak. Zer modu berezian ikusten du artista batek mundua? Zer harreman berezi ezartzen du munduarekin eta ingurukoekin? Hurrengo aipua irakurri eta eskatu ikasleei artista baten ezaugarriak eta berezitasunak pasarte batean azaltzeko. Agian Schieleren testuaren lehen esalditik abia daitezke.

Artista bat, batez ere / espiritualtasun handiko pertsona bat da / irudika daitekeen / naturaren / oro / aditzera ematen du. / Ikerlariak dira; / haiekin hitz egiten du / eta hainbat erakusten die / oraingoz, naturak / aditutakoa beste gizakiei azal diezaien. / Artistek aise nabaritzen dute / argi hunkigarria, / berotasunar, / bizidunen hatsa, / datorrena eta / joandakoa /…/ Hautatuak dira, / Ama Lurraren seme-alaba / pertsonarik atseginenak / Erraz artegatzen dira / eta naturaren lengoaiaz mintzatzen dira

—Egon Schiele (1)

1. Albertina Museum-en katalogoa, 120 or.

 

Hiztegia

Antropomorfoa: giza ezaugarriak dituen edozer.

Erromantizismoa: XVIII. mende amaierarako arte- eta pentsamendu-joera izan zen; naturan, emozioen adierazpenean eta norbanakoaren irudimenean interes handia zuten eta klasizismoaren jarrera eta lan egiteko moduetatik aldendu ziren, garaiko gizartearen arauekin hausteko.

Konparazioa: figura erretoriko bat da, bi gauzen arteko erkatzean datzana.

Sareko baliabideak

Brief Guide to Concrete Poetry (“Poesia konkretuaren gida laburra”), Academy of American Poets, New York
Český Krumlov, Txekiako Errepublika, turismo bulegoa
Egon Schiele, Leopold Museum, Viena
Museo del Romanticismo, Madril

Bibliografia

Egon Schiele (2005ko abenduak 7–2006ko martxoak 19), Albertina, Viena
Egon Schiele: The Leopold Collection, Vienna
, erak. kat., DuMont, Kolonia; Museum of Modern Art, New York, 1998.
The Figure Drawing Lab”, University of Evansville, AEB
Friedel, Helmut eta Helena Perena (arg.), Egon Schiele: The Unsalvageable Ego: Works from the Albertina, erak. kat., Wienand, Kolonia, 2012.
Vincent, Clare, “Auguste Rodin (1840–1917)”, Metropolitan Museum of Art, New York.

×