Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

2012(e)ko urriak 30 – 2013(e)ko otsailak 17

Gaiak | Kalea (The Street) eta banderak

|

Zabortegi zaharreko bandera (Old Dump Flag), 1960
Zura
22,2 x 27,3 x 7 cm
Claes Oldenburg eta Coosje van Bruggen
VIE-COL-BIO (2186)
116.09

“Eguneroko gauza zatarrekin nahasten den eta halere gailentzen den artearen alde nago.”

—Claes Oldenburg (1)

Artista batzuek eguneroko errealitateko irudiak berriro ere, pixkanaka-pixkanaka, erabiltzen hasi ziren 1950eko hamarkadaren amaieran; ordura arte, hamarkada batez, espresionismo abstraktua nagusi izan zen, baita mugimendu horretako lan abstraktuak ere, zeinetan artelana sortzeko prozesua gailentzen zen. Horietako batzuk, besteak beste, Andy Warhol (1928–1987), hedabideetako eta publizitateko irudiek erakarri zuten; Suediar jatorriko Oldenburg, alabaina, liluratuta zegoen inguruan zituen objektuekin, bizi zen New Yorkeko Lower East Sideko kaleko giroarekin.

Kalea (The Street) giroa (“environment”) 1960an egin zuen. Galeria oso bat hartu zuen: kartoiz, biltzeko paperez, egunkari zatiz eta oihalez, botilez eta bestelako hondakinez egindako eskulturez bete zuen. Objektuek grafitiak ekartzen zituzten gogora, haien azalerak lerro eta aztarnak baitzituen, modu espresionistan margotuak. Batzuk sabaitik eskegi zituen; beste batzuk lurrean jarri; eta zorua paperezko bolez estalita zegoen, kalean botatako zaborra balitz bezala. Bisitariak objektu horien artean ibiltzen ziren, Oldenburgek Lower East Siden ikusitako kaleko giroa eta bizimodua jasotzen zutenak: autoak, hegazkin bat, oinezko bat, bide-seinaleak, txakur bat zaunka, erakusleiho bat, zapata-garbitzaile bat, bizikletari bat, makuludun gizon bat eta “izpi-pistola”dun hainbat pertsonaia (“izpi-pistola” Oldenburgek haren ibilbide luzean maiz erabili duen motiboa da). Oldenburgen lanak gai zuen bigarren mundu gerra osteko kapitalismo berri neurrigabea: lana, dirua, ekonomia, pobrezia, alkoholismoa, isolamendua eta komunikazio eza (2).

Kalea giroa performance bat egiteko gune izan zen: Hiriko argazkiak (Snapshots from the City, 1960). Oldenburg paperezko eta oihalezko txatalez mozorrotu zen, gorputzera estutu zituen benden modura, eta, likore botila bat eskuan, kokoriko jarri zen. Garai hartako Oldenburgen emaztea, Patty Muschinski (geroago Patty Mucha, 1935), “kaleko neska” baten moduan —Oldenburgen hitzetan— jantzi zen; pertsonaia hori instalazioan ere jasotzen zen, horren adibide bat zegoen. Elkarrekin, Oldenburg eta Muschinski dantza erritual bat egin zuten argiek kolpeka piztu eta itzaltzen ziren bitartean. Bertan zeudenentzat performanceak Oldenburgek emandako instalazioaren deskribapena hezurmamitzen zuen: “Argi ikusten dut orain, amesgaizto bat da, neure amesgaiztoa” (3).

1960ko udan, Oldenburg hiriko zalaparta atzean utzi eta Provincetown herrira alde egin zuen, alegia, artista eta idazle ugari bizi ziren tokira. Massachusetts estatuko herri horretan, Provincetowngo banderak (Provincetown Flags, 1960) saila egin zuen; adopziozko aberriko ikur bat erabili zuen, AEBko bandera, eta itsasoak ekarritako egurrez egin zituen lan guztiak. 1960ko apirilean idatzi zuen: “Nire ikusmira jasoko dut ‘ikur handien’ sail batean: lehenengo kalea, gero, beharbada, lorategia edo hondartza, eta abar” (4). Sail horretan erabilitako material tolesgabe eta landugabeak Kalea seriean baliatutako hiri-hondakinen oso bestelakoak ziren, eta, itxuraz, halako oinarrizko ezaugarriak, kaltetu eta galdu gabeak zituzten.

1. Jörg Wolfert, Claes Oldenburg: The Sixties erakusketaren liburuxka, Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien, Viena, 2012, 4 or.

2. Ikus Achim Hochdörfer eta Barbara Schröder (editoreak), Claes Oldenburg: los años sesenta, Guggenheim Bilbao Museoa; Delmonico Books, Munich, 2012, 31 or.

3. Ibid.

4. Ibid., 38 or.

Erakutsi ikasleei AEBko banderaren irudi bat eta galdetu irudiak sorrarazten dizkien ideien eta loturen inguruan. Idatzi lotura horiek arbelean.

Ondoren, erakutsi Oldenburgen Zabortegi zaharreko bandera (The Old Dump Flag, 1960) eta eskatu binaka AEBko bandera eta Oldenburgen bertsioa alderatzeko. Proportzioen, materialen, koloreen, mugimenduaren, formaren eta abarren inguruan eztabaidatu behar dute. Benetako banderaren eta Oldenburgen banderaren arteko formaren ezberdintasunak aztertu.

Azaldu ikasleei 1960ko hamarkadan bandera asko egin zituela, itsasoak ekarritako egurrak eta kartoiak, besteak beste, erabiliz. Zabortegi zaharreko bandera egurrezkoa da. Nola eragiten diete materialek ikasleek egindako loturei?

Oldenburgek horrelako banderak egin zituen Kalea izeneko proiektu bat amaitu eta gutxira. Proiektu horretan New Yorkeko kaleko irudiak jaso zituen, bestek beste, autoak, bide-seinaleak eta erakusleihoak; artista bertan bizi zen eta honakoa idatzi zuen: “Nire ikusmira jasoko dut ‘ikur handien’ sail batean: lehenengo kalea, gero, beharbada, lorategia edo hondartza, eta abar” (1). Zabortegi zaharreko bandera “ikur handi” bat da? Zergatik? Ikasleen ustez, zergatik da sinbolikoa lan hau? Haien inguruko (herriko, adibidez) “ikur handiak” sortu beharko balituzkete, zer gaietan jarriko lukete arreta? Eztabaidatu aukerak. Gero, guztiok batera, erabaki zein ikur diren adierazgarrienak eta zergatik.

1. Ibid.

Paperekin egiteko ekintzak

Oldenburgek askotariko material arruntak erabili zituen 1959ko eta 1960ko bere lanetan, hala nola, zura, kartoia, papera eta erabilitako ontziak. Gainera, oinarrizko teknikez baliatu zen materialak lantzeko: urratu, uzkurtu, moztu eta esprai-pinturaz margotu zituen, besteak beste. Guztiak elkarrekin, Oldenburgek egindako objektu batzuei begiratu, esaterako, Sakelan tolesteko bandera (Flag to Fold in the Pocket, 1960). Zer pentsatzen dute ikasleek materialen eta tekniken inguruan? Zer eragin dute materialek lanak sorrarazten dituen loturetan?

Jarduera hau egiteko bildu, lehenengo eta behin birziklatzeko, materialak, adibidez, kartoia eta papera: esne-ontziak, zereal kutxak, egunkariak eta abar. Ondoren, eskatu ikasleei tresnarik erabili gabe (esaterako, artaziak) materialok eraldatzeko moduan pentsatzeko eta eztabaidatzeko. Aditzen zerrenda bat egin behar dute materialak eraldatzeko moduak jasotzeko; hona hemen adibide batzuk: “tolestu”, “urratu”, “uzkurtu”, “leundu” eta “bihurritu”. Ondoren, esan ikasleei artelan bat sortzeko, material eta teknika horiek bakarrik erabiliz, ez besterik (ezin dute erremintarik erabili).

Amaitutakoan, galdetu ikasleei artelana egiteko prozesuan zerrendara gehitzeko beste hitzik bururatu zaien. Galdetu, halaber, tresnarik erabiltzea nahiago izango zuten. Baiezkoa erantzuten badute: Zein tresna erabiliko lukete? Zergatik? Zer abantaila ditu eskuak erabiltzea?

Azkenik, eskaini ikasleei pintura, tinta edo arkatz beltza eskulturak margotzeko. Oldenburgek hasieran beltzez baino ez zituen margotzen bere instalazioak. Nola aldatzen dira eskulturak pigmentua gehitzean?

Paperekin egiteko ekintzen jarraipena: performancea

Jarduera honetan, ikasleek aurreko ariketan egindako objektuak erabiliko dituzte antzezlan bat, alegia, performance bat, egiteko. Azaldu ikasleei zertan ezberdintzen diren performanceak eta antzezlan arruntak: antzezlanetan fikziozko gertakizunak ageri dira, horiexek dira artea; performaceetan, berriz, benetako gertakizunak dira artea.

Eskatu ikasleei hiruko taldeak egiteko. Talde horietan, batak bestearen objektuak aztertu behar dituzte eta antzezlanean zer erabilera izango duten eztabaidatu eta erabaki —attrezzoaren, mozorroen, agertokiaren eta beste hainbesteren parte izan daitezke—. Are gehiago, ikusleak parte hartzen laguntzeko nola balia daitezkeen eztabaidatu behar dute.

Talde bakoitzak antzezlana egin ondoren, eskatu ikasleei objektuak erabiltzeko eta txertatzeko moduetan hausnartzeko. Horrez gain, ikusleen parte hartzearen eta ohiko antzezlan baten arteko desberdintasunen inguruan hitz egin behar dute.

 

HIZTEGIA

Espresionismoa: XX. mende hasierako arte-mugimendu bat da, artistaren adierazpen subjektiboa eta barneko bizipenak azpimarratzen zituena.Giroen artea (environment art): gune itxi batean sortzean edota eraldatzean datzan arte mota da; maiz, guneak ikusleak inguratzen ditu.Kapitalismoa: sistema politiko eta ekonomikoa bat da; horretan, jabe pribatuek kontrolatzen dute herrialdearen industria eta merkataritza, irabaziak lortzeko,Performance artea: arte mota bat da; honetan, askotariko baliabideak erabiltzen dira, baina beti ere aurrez prestatutako artelana ikusleen aurrean egiten da. Antzerkia ematen duen arren, antzerkian fikziozko gertakizunak aurkezten dira, eta performancean benetako gertakizunak dira artea.

 

SAREKO BALIABIDEAK

Oldenburgen inguruan:
Whitney Museum of American Art, haurrentzat: Claes Oldenburg
Claes Oldenburgen webgune ofiziala

Pop artearen inguruan:
Museum of Modern Art, arte hiztegia: Pop artea (eta lotutako lanak)

Happeningen inguruan:
"What Happened at Those Happenings?," Carole Kino, New York Times, 2012ko otsailaren 2a

 

BIBLIOGRAFIA

“Claes Oldenburg: The Sixties,” YouTube video, 2 min 52 s, mumokvienna erabiltzaileak igota, 2012ko martxoaren 14an

Hochdörfer, Achim, eta Barbara Schröder (arg.), Claes Oldenburg: los años sesenta, Guggenheim Bilbao Museoa, Delmonico Books, Munich, 2012.

Jörg Wolfert, Claes Oldenburg: The Sixties erakusketaren liburuxka (ingeleseko bertsioa, Cynthia Hallek itzulia), Museum Moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien, Viena, 2012.

Oldenburg, Claes. Claes Oldenburg, The Arts Council of Great Britain, Londres, 1970.

Oldenburg, Claes, eta Coosje van Bruggen, Large-Scale Projects, The Monacelli Press, New York, 1994.

“Tribune Tower competition” (Tribune dorrea egiteko lehiaketa), Chicago Tribune, 1922ko ekainaren 10ekoa

Van Bruggen, Coosje, Claes Oldenburg: Mouse Museum/Ray Gun Wing, Museum Ludwig, Kolonia, 1979.

×