Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Ispilua alderantziz: "la Caixa" Fundazioaren eta MACBAren bildumen artea

2012(e)ko urtarrilak 31 – 2012(e)ko irailak 2

Gaiak | Gillian Wearing, Autorretratua osaba Bryan Gregory moduan (Self-Portrait as My Uncle Bryan Gregory), 2003

| | | |

"Beti ari naiz pertsonen gaineko gauzak aurkitzeko moduen bila, eta, bide horretan, neure burua ezagutzen dut"6

Gillian Wearing, Autorretratua osaba Bryan Gregory moduan (Self-Portrait as My Uncle Bryan Gregory), 2003

Gillian Wearing-ek (Birmingham, Erresuma Batua, 1963) dokumentazio-argazkigintza lantzen du, zehazki, erretratua. Haren lanetan bizitza publikoaren eta pribatuaren, norbanakoaren eta gizartearen, voyeurismoaren eta exhibizionismoaren eta fikzioaren eta errealitatearen arteko aldeak ikertzen ditu7. Young British Artists deitutakoei lotu zitzaion Wearing; artista horiek nazioartean ezagun egin ziren askotan artelan harrigarriak eta batzuetan eskandalagarriak egitearren.

Wearingen argazkietan eta bideoetan askotariko pertsonak agertzen dira, eta giza harremanen konplexutasuna aditzera ematen dute. Lan batzuek gai dituzte senideak eta lagunak; beste batzuek, aldiz, ezezagunak: etxegabeak (gizonak, emakumeak eta haurrak), abusuen biktimak, alkoholikoak eta beste drogazale batzuk. Senitartekoen artelanetan, familia-dinamikak aztertzen ditu. "Interesa pizten zidan genetikoki norbaitekin lotura izan arren oso desberdinak izatea. Haiek guztiek eduki dute nire zerbait; elkarri lotuta gaude, oso ezberdinak bagara ere"8, esan du.

Autorretratua osaba Bryan Gregory (2003) Albuma seriekoa da. Sail hori zazpi argazkiz osatuta dago, eta argazkiotan senideen antzinako irudiak berregiten ditu artistak. Aitonaren, amaren, aitaren, osabaren eta nebaren argazkiak berregiten ditu, haiek gazte edo nerabe zirela. Horretarako senitarteko horiek hezurmamitzen ditu: bakoitzaren irudiko maskara bat egin zuen, jantzi eta arropa, makillaje, osagai eta argi egokia erabili zuen bere buruari argazki bat egiteko. Adituen talde batek lagundu zion maskarak egiten: moldatu, zizelkatu, margotu eta are ilea gehitu zien.

Maskarak sortzeko lehenbizi igeltsuzko eredu bat egiten du; hartara, bi dimentsioko argazki bat hiru dimentsioko irudi bihurtzen du. Ondoren, laguntzaile talde batekin, silikonazko maskara bat egiten du, gerora erabiliko duena. Garestia da horrelako artelan bat egitea, maskara bakar batek 11.600 eurotik gora kostatzen du eta 40 film-karrete baino gehiago behar dira irudi perfektua lortzeko9.

6. Consky, Lauren, "Gillian Wearing's Facial Features," The McGill Tribune, 2003ko martxoak 18, asteartea.

7. Solomon R. Guggenheim Foundation, Collection Online: Gillian Wearing

8. Solomon R. Guggenheim Foundation, hezitzaileentzako gida: Gillian Wearing, Trauma and the Uncanny  (honetan aipatua: Jennifer Bayles, "Acquisitions: Gillian Wearing," Albright-Knox Art Gallery , Buffalo, Nueva York, [azken bisita: 2010eko urtarrilak].)

9. Matt Lippiatt, "Keeping it in the Family: Gillian Wearing interview," The Times, Erresuma Batua, 2006ko urriak 3.

  • Begiratu arretaz argazkiari. Zer ikusten duzue?
  • Artelanaren izena Autorretratua osaba Bryan Gregory moduan. Zergatik uste duzue izen hori jarri diola artistak? Nola da posible horrelako zerbait egitea? Zer antz duzue senideekin? Eta zerk bihurtzen zaituzte berezi?
  • Esan ikasleei artistak senitartekoen edo bere buruaren antzinako argazkiak, haurtxo edo nerabe garaikoak, berregin dituela, eta, horretarako, maskarak, arropa, makillaje, osagai eta argi egokia erabili dituela. Eskatu ikasleei berriro ere argazkiari begiratzeko eta hasierako eztabaidarekin segitzeko. Arretaz behatuta, artistaren begiei antzemango diete; artista maskara azpian dagoelako froga. Zer sentiarazten die hori jakiteak? Zer sorrarazten die artelanak? Sortze-prozesua eta Gillian Wearing maskara azpian ezkutatuta dagoela jakiteak aldatu egiten al du argazkiaren inguruko iritzia?
  • Gillian Wearingek esan duenez keinuek, aurpegierek eta jarrerak pertsona baten nortasuna, baita haren ezkutu-ezkutuko sekretuak ere, agertzen dituzte. Begiratu Autorretratua osaba Bryan Gregory moduan lanari. Pertsona horri buruzko zer iradokitzen du erretratuak? Idatzi deskribapen labur bat: pertsona horren familiaren, zaletasunen eta ogibidearen ingurukoak azaldu behar dituzte.
  • Pertsona biren alderdiak batean bildu edo uztartu zituen Wearingek; aztertu ideia hori collage baten bidez. Lehenbizi, atera ikasleei argazki bat, aurrez, edo egin argazki baten fotokopia. Handitu folio tamaina izan dezan. Eskatu ikasleei erabakitzeko norekin "uztartu" nahi diren: pertsonaia historiko bat, eguneko buru bat, pertsonaia publiko bat, ikaskide bat eta abar izan daiteke (eskola-curriculumaren arabera). Ondoren, bilatu pertsona horren argazki bat, sarean zein bestelako euskarritan, eta eskanerra egin edota inprimatu folio tamainan. Zenbait kopia egin. Ikasleek bi pertsonen ezaugarriak uztartu behar dituzte, pertsona bakarra sortzeko. Collage-erretratua amaitzean, ikasleen eta pertsonaiaren alderdiak uztartzen dituen biografia bat idatzi behar dute.
×