Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Gure garaiko artea. Guggenheim bildumen maisulanak

2014(e)ko irailak 23 – 2015(e)ko maiatzak 3

"Arteak mundua alda dezake"(1)
Robert Rauschenberg, Gabarra (Barge ), 1962–63
Olio-pintura eta serigrafiatutako tinta mihise gainean, 203 x 980 cm.

 

Guggenheim Bilbao Museoa eta Solomon R. Guggenheim Museum, New York, honako hauek egindako diru-ekarpen osagarriekin: Thomas H. Lee eta Ann Tenenbaum, Zuzendariaren Nazioarteko Batzorde eta Batzorde Betearazleko ondorengo kideak: Eli Broad, Elaine Terner Cooper, Ronnie Heyman, J. Tomilson Hill, Dakis Joannou, Barbara Lane, Robert Mnuchin, Peter Norton, Thomas Walther eta Ginny Williams; Ulla Dreyfus-Best, Norma and Joseph Saul Philanthropic Fund, Elizabeth Rea, Eli Broad, Dakis Joannou, Peter Norton, Peter Lawson-Johnston, Michael Wettach, Peter Littman, Tiqui Atencio, Bruce eta Janet Karatz eta Giulia Ghirardi Pagliai, 1997

Robert Rauschenberg (Port Arthur, Texas, 1925–Captiva Island, Florida, 2008) artista estatubatuar garaikideen artean, emankorrenetako bat izan zen. Ia 60 urtez lan egin zuen, eta artelanak zenbait euskarritan sortu zituen, besteak beste, margolanak, argazkiak, eskultura, performancea eta grabatuak. Bere pinturetan, Rauschenbergek margoaren erabileratik haratago zihoazen teknikak erabili zituen, hala nola, estanpazio serigrafikoa, collagea, transferentzia eta inprimatzea. Bere margolanetan, baita ere, material sorta zabala erabili zuen, besteak beste, mihisea, oholak eta ehunak, baita metalezko xaflak, metakrilatoa, igeltsua eta paperera. (2)

Rauschenbergek ezagunak zaizkigun irudi herrikoiak eta teknika komertzialak erabili zituen, eta, hori dela eta, kritikariek mintzaira bera erabiltzen zuten beste artista batzuekin lotu zuten, Andy Warholekin, kasu (Pittsburgh, Pensilvania, 1928–New York, 1987). Nahiz eta bere lanak keinuz beteagoak eta artisauagoak izan artista garaikide horien lanak baino, Pop Art mugimenduaren artistatzat jo zuten.

1950ko hamarkadaren amaieran, Rauschenbergek Combines terminoa sortu zuen bere lan saila izendatzeko. Sail horretan, objektuak eta margolan abstraktuak uztartu zituen, eta, ondorioz, margolaritza eta eskulturaren arteko marra lausotu zuen. Bere Combines horietan egunkari zatiak eta hiru dimentsioko objektuak erabili zituen, hala nola, arrano eta ahuntz disekatuak, kaleko seinaleak, edo edredoi bat eta kuxin bat. 1962rako, aldaketa egin zuen, aurkitutako objektuak erabili ordez, aurkitutako irudiak, egunkari eta aldizkarietakoak, erabiltzen hasi zen, bere pinturetarako serigrafiak egiteko.

Gabarra (1962–63) ia hamar metro zabaleko mihise bat da. Rauschenbergek 24 orduko epean sortu zuen, eta 1962tik 1964ra egindako 79 pintura serigrafiatuen artean handiena da. Lan monokromo itzel honetan, gai asko jorratu zituen, adibidez, hiri-ingurunea, espazioaren miaketa eta hegaldia, garraiobideak eta artearen historiako adibide batzuk. Nahiz eta distantzia batetik abstraktua eman, gertutik begiratuz gero, ezagunak zaizkigun irudiak ageri dira.

Serigrafiaren teknikari esker —garai hartan berria Rauschenbergentzat—, bere hasierako zuzeneko transferentzia metodotik eboluzionatzeko aukera izan zuen, eta bere marrazki eta pinturetan, egunkari nahiz aldizkarietako irudiak (iragarkiak, argazkiak, mapak eta komikiak) sartu zituen. Serigrafiaren bitartez, Rauschenbergek aukera zuen aurkitutako irudiak fotografikoki handitzeko. Prozesu honek liberatu egin zuen aurreko transferentzia teknikek zuten eskala murrizketatik; eta horri esker, aukera zuen irudiak zenbait testuingurutan aise berrerabiltzeko.

1. "Vision and Mission", Rauschenberg Foundation.

2. "Biography", Rauschenberg Foundation.

Zure ikasleekin pintura begiratu eta irudien zerrenda bat osatu, ikasleek ezagutzeko modukoa. Zerrenda ozen irakurri. Irudi horien artean, zein lotura aurki dezakete? Arte kritikari batek behin esan zuen Gabarrak Estatu Batuetako bizimoduari buruzko istorioa kontatzen duela. (1) Zer diote ikasleek adierazpen horretaz? Zein istorio mota konta dezake Gabarrak herrialdeari buruz?

Zure ikasleak akuilatu 1960ko hamarkadan Estatu Batuetan gertatu zenaz iker dezaten, eta kronologia bat egin dezaten gertaera historiko nagusiak biltzeko. Kronologian ageri den informazioa Gabarrako irudiekin konparatu. Eztabaidatu artistak gertaera horiek nola islatu zituen bere lanean.

Erreparatu pintura honetan erabilitako koloreari. Zergatik uste duzu Rauschenbergek Gabarra beltzez, zuriz eta grisez margotzea erabaki zuela? Lanaren zati batzuk eskuz daude margotuak; beste batzuk, aldiz, collagearen tankerakoak dira, eta irudi batzuk artistak serigrafiatu ditu. Ikasleak gai al dira prozesu horien guztien arteko desberdintasunak identifikatzeko eta antzemateko? Ikasleek uste dute artistak irizpide jakin bat erabiltzen duela irudi edo sail guztien metodoa edo teknika aukeratzeko? Azaldu.

1. Jill Johnston. “The World Outside His Window”, Art in America (1992ko apirila), 120 or.

  • Rauschenbergek komunikabideetatik hartutako irudiak erabili zituen Estatu Batuetako bizimodua irudikatzen duen lan hau sortzeko. Lehenik, ikasleei galdetu beraien hirian edo herrian dagoen bizimodua irudien bidez nola irudikatuko luketen. Ondoren, aspaldiko egunkari, aldizkari, argazki eta katalogoak hartu, eta collage bat sortu. Aukeratutako irudien zatiak moztu, eta paper-orri batean denak batu. Ikasleak akuilatu irudiak modu sortzailean ondo-ondoan jartzera, era askotako esanahiak eta interpretazio mailak lortzeko aukera handitzeko. Ikasleek collageak amaitu ondoren, pintura erabilita azken ukituak eman.
  • Serigrafiaren teknikak txantiloiak erabiltzen ditu berdin-berdinak diren irudiak marrazteko edo margotzeko. Artistak irudi bat moztuko du orri bat edo plastikozko film baten gainean. Gero, oihalezko pantaila baten gainean jarriko du. Irudia tintarekin estaltzen da, eta, espatula batekin sarean zehar zabalduta, tinta inprimaketa-euskarrira pasako da.

 

Materialak

- aldizkariak
- kalko-papera
- errotulki lodia
- kartoi-luma edo argazki-marko zaharra (10 x 15 cm. edo handiagoa)
- paper itsasgarria
- kuterra edo guraizeak
- serigrafia ehuna edo beste edozein ehun mehe, poliesterra edo kotoia, adibidez.
- pintura
- espatula
- grapagailua
- eraiki papera
- mihisea (50 x 65 cm edo handiagoa)
- pintzelak

 

Argibideak

1) Ikasleei eskatu aldizkariak begira ditzatela irudi erakargarri bat aurkitu arte. Kalko-papera (kartoi-lumaren edo argazki-markoaren tamaina berdinekoa) eta errotulatzaile lodia erabiliz, kalko-paperean irudia kalkatu.

2) Ehuna kartoi-luman edo argazki-markoan jarri ehuna ongi jartzeko, grapagailu batekin alde bat itsatsi, beste aldetik sendo tira egin, eta alde hori ere ondo itsatsi. Orduan, alde horretan zehar grapak jarri, eta errepikatu ertzaren inguruan, etengabe tiratzen eta estutzen. Grapak mailuaz jotzea lagungarria da, ehuna ondo tenkatua egon dadin.

3) Kalko-papera itsatsi, paper itsasgarriaren paperezko zatiaren gainean. Ziurtatu irudia ehunaren barruan sartzen dela. Paper itsasgarria marraztutako itxurarekin moztu, kuterraz edo guraizez. Paper itsasgarria hartu, zati itsasgarria estaltzen duen papera kendu eta, arretaz, ehunaren atzeko aldean itsatsi (taularen aurrean dagoen alde laua). Forma ongi kokatu, erdian egon dadin. Burbuilak ondo leundu eta ziurtatu paper itsasgarria leuna dagoela ehunaren kontra.

4) Serigrafia probatu. Hori egiteko, ehuna paper itsasgarriaren gainaldean jarri. Ehunaren gainean, pintura pixka bat jarri. Espatula hartu eta, pixkanaka, pintura pantailan zehar zabaldu. Ziurtatu pintura inguru osora hedatzen dela. Pare bat aldiz pintura labainarazi dezakezu, baina ez gehiegitan, bestela irudia lausotu egingo da.

5) Ikasleek serigrafia paperaren gainean probatu ondoren, mihise gainean egin dezakete. Lehen, ordea, ikasleei eskatu beste ikasleek egindako gauzei erreparatzea, zeren, ehunak eta txantiloiak partekatuta, elkarren irudiak erabili ahal izango dituzte. Ikasleei eskatu lana antolatzea, eta beste ikasleekin partekatzea. Ikasleek inprimaketa egin ondoren, pintura eta pintzelak erabil ditzakete haien lanei azken ukituak emateko.

 

Hiztegia

Collagea: Bi dimentsioko artelana, paper itsatsiaz, ehunez edo beste materialez egina.

Combines: Robert Rauschenbergen artelan-sorta, objektuak eta pintura abstraktua uztartzen dituena, pintura eta eskulturaren arteko marra lausotuz. Bere Combines horietan, egunkari zatiak eta hiru dimentsioko objektuak erabili zituen, hala nola, arrano eta ahuntz disekatuak, kaleko seinaleak, edo edredoi bat eta kuxin bat.

Pop Artea: 1950ko hamarkadan sortu zen arte mugimendua, herri kulturgintza aztertzea helburu zuena, hortik baitatorkio izena. Beren teknikak, estiloak eta ikonografiak masa-erreprodukzioaren eta kontsumo-gizartearen alderdi jakin batzuetan oinarrituz, pop artistek publizitatea, komikiak, publizitate hesiak, zinema, telebista, komiki zerrendak eta erakusleihoak hartu zituzten inspirazio iturritzat. Umorez, argitasunez eta ironiaz aurkeztu eta zenbaitetan eraldatu egiten zituzten irudiak herri kulturaren gorespen gisa nahiz kritika gisa har daitezke.

Serigrafia: Serigrafia bat egitearen prozesua, txantiloiak egiteko modu bat. Artistak irudi bat mozten du paper-orri batetik eta ondoren, irudia zetazko edo beste ehun baten txatal baten gainean jarri behar da. Irudia tintarekin estaltzen da, eta, espatula batekin sarean zehar zabaldu, tinta inprimaketa-euskarrira pasatzeko.

Txantiloia: Eredu mota bat, berdin-berdinak diren letrak, figurak, zenbakiak edo beste diseinuak marrazteko balio duena

 

Biliabideak:

Robert Rauschenbergen inguruan gehiago jakiteko

Guggenheim Bilbao Museoa, Bilduma, Gabarra

Itzkoff, Dave. “Pop Artist’s Works Lost in Studio Fire.” New York Times, April 27, 2009.

Robert Rauschenberg Foundation

Solomon R. Guggenheim Museum, Collection Online, Robert Rauschenberg

×