Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Gure garaiko artea. Guggenheim bildumen maisulanak

2014(e)ko irailak 23 – 2015(e)ko maiatzak 3

"Gauzak bitxi, frustragarri eta arrotz bihurtzen direnean, uste dut garai ona dela margotzen hasteko."(1)

James Rosenquist, Flamenko kapsula (Flamingo Capsule), 1970
Olio-pintura mihise gainean eta aluminioz inpregnatutako Mylar-a, 290 x 701 cm.
Guggenheim Bilbao Museoa

 

 

James Rosenquist (Grand Forks, Ipar Dakota, 1933) artista estatubatuarra da eta bere azken lau hamarkadetako lanen bidez bizi garen mundua irudikatu du. Bere obran gaur egungo gertaerak, bizimodu garaikidea eta arazo modernoak landu ditu, eta zenbait gai aztertu: gizarte mailakoak, politikoak, ekonomikoak eta ingurumenari buruzkoak. Bere ibilbide gehienean zehar, Rosenquistek ere jakin-mina erakutsi du unibertsoaren, teknologiaren eta teoria zientifikoaren aurrean.

Umetan, Rosenquist autoekin eta hegazkinekin obsesionatua zegoen. Bere amak baztertutako horma-paper zatiak ematen zizkion, eta horien gainean eszena narratibo luzeak marrazten zituen; baita alegiazko batailei buruzko istorioak, irudiez hornituak. (2) Hegazkin-modeloak egitea ere gustatzen zitzaion, berezko diseinuekin eta guzti. (3) 1955an, New Yorkera joan zen bizitzera, urtebeteko beka bat eman baitzioten Art Students League delakoan ikasteko. New Yorken zegoela, publizitate-kartelen pintore gisa jardun zuen, Times Squaren eta Manhattan osoan zehar, eta lankideengandik pintura teknika figuratiboak nahiz komertzialak ikasi zituen. 1960an, publizitateko pintura alde batera utzi eta estudio txiki bat alokatu zuen Manhattanen. Ordurako, kartelak eta publizitate komertzialak margotzen ikasitako teknikak formatu handiko bere artelanetan erabiltzen hasia zen. Publizitatearen hizkuntza Arte ederren testuingurura eraman zuen, eta berezko estiloa garatu, handik gutxira Pop artea deitu zitzaiona.

Rosenquisten estiloa honela gauzatu zen: pintura komertziala erabilita, publizitate-irudiak zatikatu eta berrosatu egiten zituen, beti ere formatu handian. Espresionismo Abstraktuaren ildo nagusiaren aurka joan zela, bere obrak antz handiagoa zuen bere garaikideek sortutakoarekin, hala nola, Roy Lichensteinek (New York, 1923–New York, 1997), Claes Oldenburg (Stockholm, 1929), eta Andy Warhol (Pittsburgh, Pennsylvania, 1928–New York, 1987). Bere ospea handitu egin zen F-111 (1964–65) pintura monumentalari esker. 26 metrotik gora dituen pintura horrek Estatu Batuetako kontsumo kultura sostengatzen duen konplexu industrial militarra kritikatzen du. Askok gerraren kontrako obratzat hartu dute. 1967ko martxoan, Rosenquist eta bere familia New York estatuko East Hamptonera joan ziren bizitzera. Bere estudio berriaren tamainari esker, mihise handiak margotu ahal izan zituen, adibidez, Flamenko kapsula (Flamingo Capsule, 1970). Hala ere, nahiz eta artelan handiak sortu, Rosenquistek ez zuen interes berezirik objektuak osotasunean nabarmentzeko. Aitzitik, bere pinturak antolatzeko erabiltzen zuen metodoak, gaur egun ere baliatzen jarraitzen duena, irudien zatiak jartzen ditu agerian.

Flamenko kapsulak Apollo 1ean hildako hiru astronautei egindako omenaldia da. 1967ko urtarrilaren 1ean hil ziren, entrenamendu-saio bat egiten ari zirela. Apollo 1 AEBek espazioa miatzeko abiarazitako ekimenaren parte bat zen, eta gizakia ilargiratzeko lehenengo programa izatea zuen helburu. Astronautek entrenatzen hainbat ordu zeramatzatela, espazio-ontzi barruan sute bat sortu zen. Barruan oxigeno asko zegoenez, sutea oso azkar zabaldu zen. Kapsularen kanpoaldean zegoen jendea ahalegindu zen atea irekitzen, baina ez behar bezain azkar. Jatorriz misioaren izena Apollo/Saturn 204 bazen ere, Apollo 1 berrizendatu zuten, entrenamendu-saioan hildako Virgil I. Grissom, Roger B. Chaffee eta Edward H. White astronauten omenez.

1. James Rosenquist eta David Dalton, Painting Below Zero: Notes on a Life in Art, New York: Alfred A Knopf, 2009, 195 or.

2. Ibid, p. 13.

3. Ibid., 14 orr.

Ikasleei eskatu margolan hau ahal den zehatzen deskribatzeko. Zein irudi ezagutzen dituzte? Zein zati dira enigmatikoak?

Ikasleei eskatu margolana deskribatu berri diren gertaerekin lotzeko. Zer ikus dezakete Apollo 1ekin zerikusia duena? Zein objektu lot ditzakete tragediarekin? Ikasleek honako irudiak aurki ditzakete: aluminiozko uniforme zimurtu bat, Estatu Batuetako bandera jarrita duena; janari-poltsa bihurritu eta desitxuratu bat, eta arku bat osatzen duen puxika bat, airean flotatzen. (1)

Artistak dioenez, konposizioak “gune itxi bateko sutea” eta “espazio-ontzi osotik flotatzen dauden objektuak” iradokitzen ditun. (2) Lortu al du artistak bi kontzeptu horiek irudikatzea? Nola?

Ikasleek jada badakitela margolanaren atzean dagoen istorioa, galdetu obra hau zer iruditzen zaien. Ikasleen ustez, gertaera horrek zergatik inspiratu zuen artista halako irudi poetiko bat egitera? Beste modu batera egiterik izango balute, nola aldatuko lukete? Zergatik?

1. “Flamenko kapsula”, Bilduma, Guggenheim Bilbao Museoa,

2. Ibid.

  • Eskatu zure ikasleei beraien ikerketa egiteko Apollo 1eko ezbeharraren berri ematen duten albisteen inguruan. Bildu duten informazio guztia irakurri ondoren, akuilatu beraien lana sortzera ezbeharraren oihartzunari buruz.
  • Rosenquistek irudia handitzen zituen eskala gordez, irudi txikiak hartu eta pintura itzel bihurtzeko.

 

Materialak

- aldizkariak edo egunkariak
- 7 x 9 cm-ko paper marko bat, paper-orri baten erdia moztuta
- marrazteko arkatz gogorrak eta bigunak
- erregela
- bi paper-orri

 

Argibideak

1) Ikasleei eskatu egunkari eta aldizkarietan begiratzeko, ea pil-pilean dagoen gai baten edo albiste baten bat zuri-beltzean aurkitzen duten. Paper-markoa erabili, nabarmendu beharreko argazkiaren zati bat aukeratzeko. Ba al dago konposizio interesgarririk? Eta argi eta ilunen arteko kontrasterik? Aukeratutako zatia marratu eta ebaki; gero, paper-orri baten erdian jarri. Ondoren, irudiaren inguruan 4 x 4ko lauki-sare bat marraztu eta 16 laukitxoetan zatitu, denak 1,75 x 2,25 cm-koak.

2) Ikasleei eskatu beraien arkatzak leun heltzeko (marra leunak egiteko) eta beraien orrietan lauki-sare bera marrazteko, baina oraingoan, lauki bakoitza, 5,25 X 6,75 cm-koa izango da. Lauki-sare biak grafiko baten moduan sailkatu, alde batean, zenbakiak beheraka; eta bestean, hizkiak zeharka doazela.

3) Azkenik, lauki-sarean ageri den irudia paper handiagora eramateari ekingo diote. Hori egiteko, handiagoa den lauki-sarearen barruan, dagokion laukian irudia berriro marraztu, lauki bat aldiko. Prozesu honek denbora eskatzen du eta arreta handiz lan egitea, baina lagungarria da irudi bat zehaztasunez handitzeko.

 

Hiztegia

Eskala gordez irudi bat handitzea: arte komertzialean usadioz erabilitako teknika, lauki-sare proportzional baten bidez irudi bat handitzen duena.

Espresionismo abstraktua: Estatu Batuetako pintura-mugimendua, 1940ko hamarkadan New Yorken zabaldu zena, emozioen berezko adierazpena azpimarratzen zuena, baina errealitate fisikoa irudikatu gabe.

Lauki-sarea: berdinki tartekatutako marra horizontal eta bertikalen sarea.

Pop Artea: 1950ko hamarkadan sortu zen arte mugimendua, herri kulturgintza aztertzea helburu zuena, hortik baitatorkio izena. Beren teknikak, estiloak eta ikonografiak masa-erreprodukzioaren eta kontsumo-gizartearen alderdi jakin batzuetan oinarrituz, pop artistek publizitatea, komikiak, publizitate hesiak, zinema, telebista, komiki zerrendak eta erakusleihoak hartu zituzten inspirazio iturritzat. Umorez, argitasunez eta ironiaz aurkeztu eta zenbaitetan eraldatu egiten zituzten irudiak herri kulturaren gorespen gisa nahiz kritika gisa har daitezke.

 

Baliabideak

James Rosenquisten inguruan gehiago jakiteko

Guggenheim Bilbao Museoa, Bilduma, Flamenko kapsula

Murphy, Tim. "110 Minutes With James Rosenquist," New York Magazine, Nov. 29, 2009.

James Rosenquist official website

Solomon R. Guggenheim Museum, Arts Curriculum, James Rosenquist: A Retrospective

 

×