Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Brancusi–Serra

2011(e)ko urriak 8 – 2012(e)ko apirilak 15

"Ertzak marrazkiaren elementu gisa erabili nituen, ez espazioa zehazteko edo alderik aldeko  loturak eratzeko, baizik eta espazioa markatzeko edo bolumenak zuzentzeko, mozteko eta bata bestearen ondoan ipintzeko"1. Richard Serra

Richard Serrak (San Frantzisko, 1939) pintura ikasketak egin zuen, baina eskulturari ekin zion Parisen bizi zela, 1964 eta 1965 urteen artean. Egunero, Constantin Brancusiren lantegira joaten zen eta haren eskulturen zirriborroak egiten zituen2. Brancusiri esker, Serrak eskulturarekiko interesa hartu zuen: eskultoreak forma bat espazioan nola artikulatzen duen jakin nahi zuen, bolumen bat nola marrazten duen. "Bolumena espazioan funtsezkoa izan da nire energia nora bideratu dudan jakiteko"3.

Serraren hasierako lanak "prozesua artikulatzeari" buruzkoak dira, gehienbat. Hori dela eta, bere lan-prozesuaren faseak agerikoak dira, ez baitio ikusleari ezkutatu lana nola sortu zuen4. Serrak dioenez, 60 x 120 cm-ko berunezko xafla bat hartu eta izkina batean, "erditik kentzeko", kokatzean bururatu zitzaion Zirkuitoa (Circuit, 1972) lanerako ideia. Izan ere, une horretan konturatu zen xaflak bere pisuari eusten ziola hormak izkinetan lotzen diren gunean .

"‘Zein interesgarria!', pentsatu nuen. Behin izkinan kokatuta, xafla ezin da erori, ez eskuinera ez ezkerrera. Fisikoki ezin da mugitu. Pareten lotura da zutik mantentzen duena. Eta ‘voilà!' pentsatu nuen, eta konturatu nintzen eskala handiagoan egiten banuela, gela bat zatitzeko eta eraikitzeko aukera izango nuela"5.

Xafla horretatik abiatuta, Serra altzairuzko plantxa handiagoak erabiltzen hasi zen eta espazioaren lau izkinak erabiltzen. Zirkuitoa lanaren hainbat bertsio egin zituen: guztietan altzairuzko lau plantxa espazio karratu baten lau izkinetan kokatu zituen. Lau plantxa horiek ikusleak espazioa ulertzeko duen modua aldatzen dute. Serrak esan duenez, lanak "hautemateko kontzientziarekin" du zerikusia: "ertz batek marra baten zeregina egiten du, espazioa bi zatitan moztuz. Ertzak marrazki-elementu gisa erabili nituen..."6

Brancusiren 1909-10eko Gorputz enborra (Torse) eskulturan eratzen diren marrek ere sortze-prozesua agerian jartzen dute: alde batetik marmol zuria zizelkatu zuen, emakume baten gorputz enborra iradokitzeko, baina zizelkatu gabe dago beste aldea. Erdi bat landu gabe dagoenez, ikusleak marmol gordineko blokea ikus dezake eta Brancusiren lan-prozesua nabariagoa da; artistaren eskua hobeto antzematen da landutako zatian marratutako lerroetan7. Sortze-prozesua ageriko bihurtzen da baita espiritualki ere: irudia eta ez-irudia da, sorkuntza eta kaosa, bata bestearen ondoan ikusten diren ezaugarriak.

1 Serra, Richard. Escritos y entrevistas. Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2010, 46. or.
2 Brancusi Serra erakusketaren argibide-liburuxka. Basilea: Fondation Beyeler, 2011.
3
The Pulitzer Foundation for the Arts. "A Conversation with Richard Serra and Carmen Giménez", orrialde zenbakirik gabe.
4 MOMA.org, The Collection: Richard Serra: Circuit II, 1972-86.
5 MOMA.org, The Collection: Richard Serra: Circuit II, 1972-86.
6 Serra, Richard. Escritos y entrevistas. Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2010, 46. or.
7
The Pulitzer Foundation for the Arts, Brancusi and Serra in Dialogue: Torso.

 

  • Begiratu Richard Serraren Zirkuitoa (Circuit, 1972) lanari. Zer ikus dezakete ikasleek bertan? Zer dakarkie gogora materialak? Nolakoa izango litzateke lana ukitzea? Azaldu lana altzairuzkoa dela. Zerekin erlazionatzen dute ikasleek altzairua? (Ahal dela, erakutsi altzairu zati bat, uki dezatela eta haren ezaugarriak deskriba ditzatela). Esan lanaren tamaina eta erakutsi altuera edo zabalera bera duten ikastetxeko zenbait objektu (xafla bakoitzaren tamaina 2,4 m x 1,15 m x 3 cm da). Eskatu euren burua irudikatzeko eskultura ikusgai dagoen aretotik ibiltzen; nola sentituko lirateke xaflen artean ibiltzen? Nora joango lirateke espazio horren barruan baleude?
  • Orain, begiratu Constantin Brancusiren Gorputz enborra (Torse, 1909-10) lanari. Zer ikusten dute ikasleek lanean? Nolakoa izango litzateke lana ukitzea? (Ahal dela, erakutsi marmol zati bat, utzi ukitzen eta eskatu haren ezaugarriak deskribatzeko).
  • Lan hau marmolez eginda dago. Beste zein lekutan ikusi dute ikasleek marmola? Zer iradokitzen die material horrek?
  • Bi lanak alderatu eta arreta berezia jarri horien bolumenak espazioan zehazten dituzten marrei. Zertan dira berdinak? Zertan desberdinak?
  • Hein handi batean, Serraren lanak ikusleak objektu fisiko batekin edo espazio batekin duen elkarrekintzari estu lotuta daude. Zirkuitoa lanari buruz artistak hurrengoa esan du: "Eta espazioan sartzen zarenean, lanaren mugen barruan zaude. Lana bera baino ez dago. Hori dela eta, aretoa da benetan lanean eragina duena. Lau izkinetatik ateratzen diren lau xafla dituzu eta eskulturak erdigunera heltzera derrigortzen zaitu, eta lau espazioak ikustera"1. Galdetu ikasleei adierazpen horri zer irizten dioten. Nola sentituko lirateke artistak deskribatzen duena egingo balute?
  • Serrarentzat, lan horren ertzak "marrazteko elementuen" antzekoak dira. Gai honi buruz eztabaidatu eta eskatu ikasleei Zirkuitoa irudikatzen duen marrazki bat egiteko. Azaldu marrazkia ez dela lanaren berdin-berdina izan behar, baizik eta haren marrak eta espazioa zatitzen duten modua islatu behar dituela. Ondoren, marrazki guztiak komunean jarri.  Zer ematen dute aditzera eskulturari eta eskulturak espazioan betetzen duen funtzioari buruz?
  • Orain, eskatu Brancusiren Gorputz enborra marrazteko. Zer esan dezakete marrei buruz? Eta artistak espazioan bolumena eratzeko moduari buruz?
  • Arte arduradunen iritziz,  Brancusiren Gorputz enborra lanak artistaren sortze-prozesuan parte hartzera gonbidatzen du ikuslea, honek bai marmol landugabezko blokea  bai zizelkatutako eta leundutako beste erdia ikus ditzakeelako. Zer deritzote ikasleek lan honen sortze-prozesuari buruz? Uste dute lana bukatuta dagoela? Zergatik? Zergatik ez?
  • Brancusiren lantegiaren irudiakikusi eta horiei buruz hitz egin . Aztertu nola kokatzen zituen eskulturak, txori bat espazioan perfekzioaren agerkundea bihur zedin.

1 MOMA.org, The Collection: Richard Serra: Circuit II, 1972-86.

 

Aditzen zerrenda

  • Serrak beste eskultore batzuen lanak marrazten eta behatzen ditu lan baten sortze-prozesuan, baina hizkuntzak ere bultzatzen du prozesu hori. Serraren hitzetan: "Hasieran, ezinbestekoa zitzaidan prozesuaren izaeraz jardutea. Horregatik, aditzen zerrenda bat egin dut:  kiribildu, okertu, moztu, eseki, bihurritu... eta zerrendarekin erlazionaturiko lan fisikoak burutu ditut espazioan"1. Galdetu ikasleei nolakoa izango litzatekeen horrela lan egitea; antzina artelanak egiten zituzten erarekin alderatuz desberdina izango litzateke?
  • Emaiezu Serraren 1967-68ko Aditzen zerrendaren2 kopia bana.
  • Eskatu ikasleei bikoteka hitz egin dezaten gai hauen inguruan: aditz horiek nola bihur daitezke lan? Zein material erabil daitezke? Eta zein metodo?
  • Jarraian, buztinezko edo kartoizko bloke bat edo metalezko xafla bat eman eta eskatu zerrendako aditzei dagozkien hiru lan sortzeko. Jarduera dibertigarriagoa izan dadin, aditzak poltsa batean sar ditzakezu eta ikasle bakoitzari paper bana ateratzeko eskatu. Horrela, euren eskultura sortu ahal izango dute aditz horretan oinarrituz eta gainerako ikasleek lana zein aditzean inspiratuta dagoen asmatu.
  • Serrak esan du "aditzen zerrenda" horrek sorkuntzaren alderdi psikologikoaz edo lan batek izango zuen itxuraz ez arduratzen lagundu ziola. Nola ulertzen dituzte ikasleek adierazpenok?

Aditzen zerrenda II

  • Ikasleak nagusiak badira, jarduera honetan Serraren aditz zerrendaren alderik abstraktuena aztertu ahal izango duzue. Aditz gehienak infinitiboan daude (esaterako, "bihurritu"), baina zerrendaren amaieran esaldi sorta bat agertzen da. Eskatu ikasleei bikoteka esaldiak aztertzeko eta zerrendan zergatik sartu diren hausnartzeko. Zein ekintza edo mugimendu mota dakarte berekin?
  • Jarraian, esaldiek iradokitzen dieten eskulturak edo marrazkiak sor ditzakete. Nola iradokitzen dituzte euren lanek ekintzak edo mugimenduak?1PBS.org, Art21: Richard Serra: Interview and Videos.

2 Serra, Richard. Escritos y entrevistas. Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2010, 3-4 or.

×