Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Egon Schiele

2012(e)ko urriak 2 – 2013(e)ko urtarrilak 6

Gaiak | Eseritako bikotea, 1915

|

Eseritako bikotea, 1915
Urmargoa, arkatza eta zigilua
51,8 x 41 cm
Albertina, Viena

Oroz nengoen maiteminduta; haserretutako pertsonei goxoki begiratu nahi nien, haien begiradaz erantzun ziezadaten; eta bekaiztiei opariak egin nahi nizkien eta ezer ez nintzela esan.

—Egon Schiele (1)

Egon Schieleren (Tulln, Austria, 1890–Viena, 1918) artean ezkutuko esanahi alegoriko edota sinbolikoak daude maiz; batzuetan kritika politikoaren edo sozialaren emaitza omen dira, besteetan ideia existentzialena. Horrelako artelanak egiten zituen Europako arte figuratiboari ekarpenak egiteko —mentore Gustav Klimt-i (1862–1918) jarraiki, hark ere sinbolismoa eta alegoriak erabiltzen baitzituen margolanetan— eta bere jakintzak eta marrazteko abilezia adierazko (2).

Schieleren bizitza laburrean berebiziko garrantzia izan zuen 1912ko apirila: atxilotu egin zuten garai hartan pornografiatzat zuten irudiak egiteagatik eta neska gazte bat bahitzeagatik. Gertakizun horrek aztarna handia utzi zuen, batez ere, haren lan alegorikoetan. Atxilotu zutenean Viena inguruko hiri txiki batean bizi zen Schiele, neskalagun “Wally” Neuzilekin —orduan bekatutzat zuten emazte ez zenarekin bizitzea—, eta haien etxetik sarritan ibiltzen ziren herriko haurrak, arte-sorkuntzak jakin-nahia pizten baitzien. Esamesak laster zabaldu ziren (3), eta, azkenean, protestak poliziaren belarrietara heldu ziren, eta Schieleren ehun bat marrazki erotiko konfiskatu zituzten. Gainera, neska gazte bat bahitzeaz eta seduzitzeaz akusatu zuten, baina karguak bertan behera geratu ziren. Hala ere, 24 egun eman behar izan zituen artistak kartzelan, eta epaileak marrazki bat erre zuen publikoki. Harrezkero, Schielek arteaz baliatu zen ezarritako ordena zalantzan jartzeko eta haren aburuz bere dohainak ulertzen ez zuen kultura bat irudikatzeko (4).

Bikoteen erretratuak Schieleren lan alegorikoen adibide onak dira. 1915ean Edith Harmsekin ezkondu zen, Wally baino gizarte-maila altuagoko andrea; ordutik aurrera, Wallyk ez zen berriro Schielerentzat paratu. Besarkatutako bikoteen irudikapenetan, askotan, halako amildegi bat eta larritasun sentimendu bat ageri dira; esaterako, Eseritako bikotea (1915) lanean. Gouache horretan, emakume eta gizonaren arteko harremanaren alegoria da bikotea, are bizitzaren eta heriotzaren arteko loturarena (5).

Emakumeak gizona besarkatzen du, hura bizkarrez dagoela. Edithen aurpegia du, eta, gizonak, berriz, Schielerena. Gizonak panpina bat ematen du, txotxongilo bat: babesgabe dago, emakumearen menturan guztiz (6). Erretratu honek aditzera ematen du Schielek Edithekiko kontrajarritako sentimenduak zeuzkala: Edithek ez zuen Wallyren sentsualtasun bizia, baina otzana zen. 1915eko beste erretratu batzuetan tamaina errealeko panpina baten itxurako irudiak agertzen dira.

1. Egon Schiele, “Visions”, Die Aktion (Berlin), 1914; honako honetan aipatua: Frank Whitford, Egon Schiele,  Thames and Hudson, Londres, 1981, 95 or.

2. Ibid., 109 or.

3. Ibid., 115 or.

4. Egon Schiele: The Leopold Collection, Vienna, erak. kat., DuMont, Kolonia; Museum of Modern Art, New York, 1998, 21 or.

5. Egon Schiele, erak. kat, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 162 or.

6. Whitford, Egon Schiele, 158 or.

Denon artean aztertu Schieleren Eseritako bikotea (1915). Eskatu ikasleei arretan ematen diena azaltzeko. Bi irudiak erkatu: zer alde dago aurpegieren artean? Zer antzekotasun eta alde daude bien gorputz adierazpenaren artean? Eta gorputzen tamainaren eta proportzioen artean?

Batzuek gizona panpina bat ematen duela esan dute. Zer pentsatzen dute ikasleek? Hala da? Zergatik?

Une garrantzitsu baten egin zuen lan hau Schielek: 1915ean aspaldiko neskalagun eta modelo “Wally” Neuzil utzi eta Edith Harmsekin ezkondu zen; Edith da lan honetan irudikatutako emakumea. Marrazkiak Schieleren sentimenduak aditzera ematen omen ditu. Galdetu ikasleei zer esanahi izan dezakeen lanak.

Gustav Klimtek oso eragin zion Schieleri, beste edozein artistak baino gehiago. Klimt ezaguna zen erretratu sinboliko edo alegorikoak egiteagatik. Erakutsi ikasleei Musua (1908) lan ezaguna. Alderatu erretratu hori Schieleren Eseritako bikotea lanarekin. Zer antzekotasun eta alde daude? Bultzatu ikasleak proportzioez, perspektibaz, koloreaz, apaingarriez eta irudien eta inguruaren arteko harremanaz hausnartzera. Zertan urruntzen da Schiele Klimten estilotik? Zer hartu zuen Klimten estilotik? Zer lan dute gustukoen? Zergatik?

Marrazki alegorikoak

Eztabaidatu “alegoria” hitzaren esanahia. Irakurri ala entzun al dute inoiz ikasleek narrazio alegorikorik? Schieleren artelan asko alegorikotzat hartzen dituzte: hark garaiko moralari eta politikari egindako kritikaren sinbolo direla uste dute. Jarduera honetan, ikasleek egungo gizartean txarto dauden edo bidegabeak diren kontuen inguruan hausnartu behar dute; are zehaztu dezakezue, ikastetxean ondo ez dagoenaren inguruan hitz egin dezakezue. Txirotasunaren eta ingurumenaren gainekoak eztabaida ditzakezue, baita ikastetxean berdinen arteko tratu txarrak (bullying eta cyberbullying) gertatzearen gainekoak. Salatu nahi dituzten arazoen konparazioak eta metaforak sortu behar dituzte. Azkenik, konparazio eta metafora horien marrazkiak egin behar dituzte. Ikaskideen marrazki alegorikoak aztertu behar dituzte, eta ikaskideak salatu nahi duen arazoa asmatzen saiatu.

Olerkitik margolanera

Jarduera honetan, ikasleek irudi batean edo artelan batean oinarritutako olerkiak idatzi behar dituzte. Begiratu Eseritako bikotea lanari eta idatzi horretan oinarritutako hitzak edota esaldiak. Eztabaidatu pinturaren inguruan eta beste hitz edota esaldiak idazteko eskatu. Idatzitakoa partekatu eta alderatu. Zer aldatu da eztabaida ondoren? Zer ideia berri agertzen dira esaldietan?

Hitz eta esaldiak ordenatu behar dituzte, olerki bat zein ipuin labur bat sortzeko. Jatorrizko ideiak eraldatzen al dira prozesu horretan? Nola?

Irudiak perspektiban marrazten

Schielek hainbat ikuspegiz esperimentatzen zuen haren lanetan (1). Ezaguna zen goitik marrazten baitzituen, hots, eskailera baten gainean zegoela eta modeloa azpian edota dorre batean zegoela eta hiri-paisaia behean. Binaka, ikaskideren baten erretratua egiteko erabil ditzaketen askotariko perspektibei buruz hausnartu behar dute: goitik, behetik, atzetik, urrunetik eta hurbiletik marrazteak zer dakarren, esaterako. Zer erronka dakar ariketa honek? Nola aldatzen da irudikapena ikuspegia aldatzean? Eta marrazkiak iradokitzen duen emozioa eta esanahia?

1. Egon Schiele: The Leopold Collection, 21 or.

 

Hiztegia

Alegoria: ezkututako esanahi bat aditzera ematen duen ipuin, olerki edota irudi bat da, maiz ezkututako mezuak gai du politika edo morala.Gouachea: akuarelaren antzeko pintatzeko teknika da, ur-oinarriko pigmentu opakuak (“lodiak”) eta itsasgarri baten antzeko aglutinatzailea erabiltzen dira.

Sareko baliabideak

Allegory in Painting Lesson Plan (“”), The National Endowment for the Humanities, Washington, D. C.
Figure Drawing Lab, University of Evansville, AEB

Bibliografia

Egon Schiele (2005ko abenduak 7–2006ko martxoak 19), Albertina, Viena
Egon Schiele: The Leopold Collection, Vienna
, erak. kat., DuMont, Kolonia; Museum of Modern Art, New York, 1998.
The Figure Drawing Lab”, University of Evansville, AEB
Friedel, Helmut eta Helena Perena (arg.), Egon Schiele: The Unsalvageable Ego: Works from the Albertina, erak. kat., Wienand, Kolonia, 2012.
Vincent, Clare, “Auguste Rodin (1840–1917)”, Metropolitan Museum of Art, New York.

×