Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Ispilua alderantziz: "la Caixa" Fundazioaren eta MACBAren bildumen artea

2012(e)ko urtarrilak 31 – 2012(e)ko irailak 2

Gaiak | Damián Ortega, Behar bezalako oinarririk gabeko mugimendua (egonkortasuna eta ekonomiaren hazkundea), 1999-2003

| | |

Eskulturaren titulua, Behar bezalako oinarririk gabeko mugimendua (egonkortasuna eta ekonomiaren hazkundea), Mexikoko presidentearen eslogan bati egiten dio aipamen; petrolio asko aurkitu zenez egonkortasun ekonomiko handia lortuko zela hitz eman zuen, baina laster petrolio-merkatuaren krisialdia etorri zen. Hiru petrolio-upelez egindako eskultura da; upelek etengabe egiten dute bira, eta, hartara, hauskortasun eta ezegonkortasun sentsazioa ematen dute. Nolabait, karikatura politiko bat da eskultura. "Gauzak ulertzeko tresna bat da umorea; gauzak aztertzeko modu bat, barre eginez eta kritikatuz." Damián Ortega, Behar bezalako oinarririk gabeko mugimendua lanaren inguruan.4

Damián Ortega, Behar bezalako oinarririk gabeko mugimendua (egonkortasuna eta ekonomiaren hazkundea) [Movimiento en falso (estabilidad y crecimiento económico)], 1999-2003

Damián Ortegak (Mexiko Hiria, 1967) gai nagusi ditu kapitalismoa, politika eta gizarte-arazoak bere lanetan. Artista hasi zen lehen urteetan, karikaturista politiko izan zen Mexikoko hainbat aldizkari eta egunkaritarako: gobernuaren ekintzak eta politikoen arrazoibideak satirizatu zituen. Orduantxe ohartu zen inguruak norbanakoan eragina duela eta norbanakoek gizartean5. Haren lanek aditzera ematen dute gizartearen eta pertsonen arteko elkarrizketa garrantzitsutzat dituela. Ortegak esan duenez haren lanak ez dira objektu huts eta bakanak, baizik eta gizarteari eta politika-ekintzei emandako erantzuna.

Ortegak hainbat baliabide landu du, hala nola, eskultura, instalazioa eta bideoa, eta eguneroko objektuen arte-ahalmena aztertu du: autoak, golf pilotak, adreiluak, taloa, botilak eta petrolio-upelak erabili ditu artelanak sortzeko. Izan ere, horixe da haren asmoa: objektu arruntak, esaterako auto baten osagaiak eta Olympus argazki-kamera baten piezak, artelan bihurtzea. Haren lanak alaiak eta irudimenez beteak izaten dira, eta ikusleek horietan parte har dezaten egiten ditu: ikusleak eskulturak muntatzeko eta ataltzeko zenbait modu irudika ditzake. Artistak seriean ekoiztutako industria-osagaiak erabiltzen ditu ready-made eskulturak egiteko, eta eguneroko objektuez baliatzen da —batzuetan eraldatzen ditu—, multzo osoa artelan gisa aurkezteko.

Ortega Mexiko Hirian, Rio de Janeiron eta Berlinen bizi izan da, eta hiru hiri horiek leku gailena dute haren lanetan: adibidez, 2002an Volkswagen Beetle auto bat, Mexiko Hiriko kultura-ikur ezagun bat, ataletan banatu zuen eta sabaitik eskegi zituen piezak, jarraibideetako diagrama erraldoi bat edo grabitatearen legeari aurre egiten dion autoa balitz bezala.

4. The Institute of Contemporary Art/Boston, Audio Commentary - Damián Ortega: Do It Yourself

5. The Institute of Contemporary Art/Boston, Audio Commentary - Damián Ortega: Do It Yourself

  • Deskribatu artelana albait eta xehetasun gehienez. Zer ikusten duzue? Ikusi ezin duen bati azaldu beharko bazeniokete, zer esango zenukete? Egin bururatzen zaizuen hitzen zerrenda.
  • Eskultura bat behatzean, ohikoena izaten da bisitaria eskulturaren inguruan mugitzea; artelan honetan, ordea, eskultura mugitzen da, bira egiten du, eta horrexegatik zorabio txikia igartzen dute ikusle batzuek hari begiratzean. Mugimenduak zer aldatzen du artelanean? Zer dakar? Hiru petrolio-upelak bata bestearen gainean jarrita daude, jira egiten duen plataforma landugabe batean, eta oreka gordeko ez dutela ematen du: edozein unetan istripu bat geratuko da, nonbait. Eskatu ikasleei zer gerta litekeen imajinatzeko.
  • Ortegak umorea erabili du gai serio bat jorratzeko. Nola? Azaldu.
  • Irakurri Ortegaren aipua eta bilatu informazioa Mexikoko petrolio-industriaren inguruan; horrela ikasleak gaia hobe ezagutzeko aukera izango dute. Ondoren, eztabaidatu gai horren inguruan. Zer politika-kontu aztertzen ditu artistak lan honetan?
  • Nola aldatuko litzateke eskultura beste erakustoki batean balego? Eskulturaren jabeak balira, non jarriko lukete ikasleek? Zergatik?

  • Lan honetan, Ortegak formaren eta egituraren hainbat alderdi ikertzen ditu, hala nola, hauskortasuna, arintasuna, grabitatea eta pisua. Nozio horiek beste eskultura- eta arte-kontzeptu batzuei estuki lotzen zaizkie, esaterako, orekari eta tentsioari. Ikasleen ustez, nola lantzen ditu Ortegak azken ideia horiek?
  • Tom Wujec diseinatzaileak Marshmallow Challenge edo gozokiaren erronka proposatu zuen (hemen duzue informazio gehiago: www.marshmallowchallenge.com. Eginbeharrekoa erraza da: 18 minututan, 4ko taldetan, hura bakarrik oreka gordetzen duen egitura bat sortu behar dute ikasleek; horretarako, 20 espageti, 90 cm zinta itsaskor, 90 cm soka eta gozoki bat erabili behar dute. Gozokia egituraren mutur-puntan jarri behar dute. Saiatu erronka hau eta gero eztabaidatu materialen, eraikitze-egituren eta talde-lanaren gainean.
  • Eskatu ikasleei interesatzen zaien gai bat aukeratzeko eta haren inguruko interesak eta kezkak artelan batean, collage digital batean, adierazteko.
  • Collagea egiteko, sakelako telefonoez edo kamera digitalez argazkiak atera diezazkieke erabiliko dituzten objektuei. Irudiak ordenagailura eraman ditzakete eta bertan editatu eta collagea egin, programa erraz bat erabiliz, esaterako, Microsoft Office Paint edo eskarmentu pixka bat dutenentzako programa bat baliatuz, adibidez, Adobe Photoshop. Collagea egiteko geruzak erabiltzen badituzte, diseinu-aukera gehiago izango dute; geruzez baliatzera animatu ikasleak. Eraldatutako irudiak inprimatu argazki-paperean, izena eman eta eztabaidatu aztertutako gaien inguruan.
  • Ordenagailuaz baliatu gabe ere jarduera hau egin daiteke: erabili aldizkaritatik eta egunkaritatik moztutako irudiak, eta gainjarri eta konbinatu ebakitako zatiak. Ez ahaztu izenburua.

×