Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Brancusi–Serra

2011(e)ko urriak 8 – 2012(e)ko apirilak 15

"Haurrak izateari uzten badiogu, hilik egongo gara"1. Constantin Brancusi

Lehen Mundu Gerran eta gerraostean, Constantin Brancusik gehienbat zurezko eskulturak egin zituen; egurrak sinbolismo handia zuela uste zuen eta, gainera, ezaguna zitzaion arotz trebatu zen eta. 1924an landa inguruko arotz errumaniar bat balitz bezala erretratatzen zuen bere burua, lanean zegoela eskultura artean2 (Auguste Rodin, aitzitik, "pentsatzaile" moduan erretratatzen zuten, haren eskulturak alde batera utzita).

Brancusik aurkitutako formak erabiltzen zituen zurezko eskulturak egiteko: dortoka baten oskola pelbisa irudikatzeko edo kikara bat buru bat adierazteko. Afrikako eskulturatik, Errumaniako zurezko lan tradizionaletatik eta abangoardiako abstrakziorako bidea hartzen zuen artetik edaten zuen. Horrela aukeratutako formek are sinbolismo gehiago ematen zioten lanei, eta bestelako loturak ezartzen zituzten. Gainera, eskulturekin "jolasten" zuen bere lantegian Brancusik: batetik bestera mugitzen zituen, eta konfigurazio horiei argazkiak ateratzen zizkien. Askotan, luze egoten ziren eskulturak estudioan, horiek saldu ezinean ibiltzen baitzen. Estudioan bitartean, berriro lantzen zituen, baita suntsitu ere: etengabe desegiten eta berregiten zituen3.

Aldi horretako lan asko egiteko haritz zurezko bloke bakarra zizelkatzen zuen; Neskatxa frantsesa (Petite fille française) ere halaxe egin zuen. Pelbisak dortoka baten oskola ematen du eta lepoak teleskopio tolesgarri bat. Hazpegiak nabariak dira: ahoa zabal-zabalik du, eta ozen garrasi egiten dagoela ematen du. Geroago, bereizgarri horiek lausotu egin zituen, eta hazpegirik gabeko buruak irudikatu zuen Jaioberria (Le nouveau né) eta Lehen oihua (Le premier cri) lanetan; izan ere, horiek Neskatxa frantsesa eskulturaren oso antzeko beste lan batean, apurtu zen batean, dute jatorria. Neskatxa frantsesa Lehen urratsa (Le premier pas, 1913) lanaren bertsio bat da, eta hura sortzeko Afrikako eskultura eta ezagutzen zuen haurtxo bat hartu zituen iturri Brancusik; izenburuak, gainera, zurezko lanak egiteko lehen urratsa, edo saioa, dela iradokitzen du4.

Neskatxa frantsesari lehen aldiz argazkia atera zion 1917an: hainbat lan antolatu zituen estudioan (Zutabe amaigabea -Colonne sans fin- eta Kopa [II] -Coupe [II]-lanekin batera) eta multzoari Haurra munduan, talde mugikorra (L'enfant au monde, groupe mobile) deitu zion5. Brancusik ipuin bat asmatu zuen artelanen arteko lotura azaltzeko: Sokratesen heriotzaren irudikapena zirela esan zuen; astaperrexil ontzia eta Platon ere agertzen ziren. Hala ere, adituek uste dute Brancusiren eta haren lagun Erik Satie-ren (1866-1925) erretratu bat dela. Satie abangoardiako musikagile bat zen, eta Bracusik "Sokrates" deitzen zion, eta Satiek Brancusiri Platon6. Kopa itxurako eskultura buru bat izan daiteke, edo Satiek erabiltzen zuen onddo-kapela alderantzikatuta7.

1 Giménez, Carmen; Gale, Matthew (arg.). Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004, 130. or.
2
Giménez, Carmen; Gale, Matthew (arg.). Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004, 61-62. or.
3
Giménez, Carmen; Gale, Matthew (arg.). Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004, 62. or.
4
Giménez, Carmen; Gale, Matthew. Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004, 62. or.
5
Brancusi Serra erakusketaren argibide-liburuxka. Basilea: Fondation Beyeler, 2011.
6 Giménez, Carmen; Gale, Matthew. Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004,  65. or.
7
Giménez, Carmen; Gale, Matthew. Constantin Brancusi: The Essence of Things, erak. kat. Londres: Tate, 2004,  66. or.

  • Behatu Neskatxa frantsesa (Petite fille française) lana. Esan ikasleei ikusitakoa marrazteko; gero, bikoteka eztabaidatu behar dute marraztean zerk eman die atentzioa.
  • Galdetu ikasleei zer izen jarriko lioketen; zerrenda bat egin dezakete. Ondoren, eman benetako izenburua eta galdetu zer lotura duten artelanak eta tituluak. Nola eman du aditzera Brancusik abstrakzioa?
  • Brancusik "aurkitutako" formak erabiltzen zituen eskulturak egiteko. Eguneroko objektuen formak ziren. Zein ikusten dute Neskatxa frantsesa lanean?
  • Brancusiren lagun min Erik Satie musikagilea zen eta maiz "aurkitutako" soinuak erabiltzen zituen, hala nola, autoen turutak, zaunka hotsa eta beste musika-konposizioen zatiak. Ikasleek zer aurkitutako soinu edo forma erabiliko lukete eskultura edo musika-lan batean? Zergatik erabiliko lituzke artista batek horrelako soinuak edo formak?
  • Brancusik eta Satiek haurtzaroan interes handia zuten, haurren pentsatzeko eta jokatzeko eran. Brancusiren eskultura batzuk Frantziako garai hartako jostailu baten antza dute, bilboquet izeneko jostailuaren antza. Eskulturekin jolasten zuen Brancusik, jostailuak balira bezala: estudioan kokatzen eta mugitzen zituen. Brancusik esan zuen "Haurrak izateari uzten badiogu, hilik egongo gara". Zer esan nahi zuen?
  • Brancusik eskulturak multzotan jarri eta argazkia ateratzen zien. Irudi honetan Neskatxa frantsesa beste bi eskulturekin ageri da, Zutabe amaigabea (Colonne sans fin) eta Kopa [II] (Coupe [II]). Zerk ematen die atentzioa? Zer dago multzoaren azpian? Zer esangura du?
  • Brancusik esan zuen argazkiak Sokratesen heriotza jasotzen zuela. Esan ikasleei bikoteka Sokratesen heriotza ikertzeko. Gero, guztiok batera, aurkitu duten informazioa eta irudiak jasotzen duena alderatu eta eztabaidatu behar dute.
  • Irudiak Sokrates eta Platon direla esan dute adituek, baina baita Brancusi eta Satie ere. Bada, Satiek Brancusiri Platon eta Brancusik Satieri Sokrates deitzen zion. Eztabaidatu analogia horren inguruan. Zer ondorioztatu dezakete bien arteko adiskidetasunari buruz?
  • Brancusik aurkitutako formak erabiltzen zituenez, Marcel Duchamp-ekin (1887-1968) alderatu dute. Lagun zuen Duchamp, readymadea asmatu zuen artista; readymade artelanak manufaktura-gaiez egindakoak dira eta, askotan, ez artistak ez ditu eraldatzen. Erakutsi ikasleei Duchampen Bizikleta-gurpila eta alderatu Neskatxa frantsesa lanarekin. Zer antzekotasun eta alde dute?
  • Brancusiren artean Afrikako eragina ere badagoela esan dute. Behatu Adam eta Eva (Adam et Ève, 1921) eta alderatu Afrikako eskulturekin, esaterako, baule herriaren artearekin. Brancusik zer osagai hartu duela ematen du? Zer gehitu die?

Aurkitutako formak marraztu

  • Jarduera honetan ikasleek irudi bat egingo dute, aurkitutako formak soilik erabiliz. Aldizkarietako eta egunkarietako irudiak hartu behar dituzte, eta collage bat egin. Paperez egin dezakete edo ordenagailuan, Photoshop programa (zein antzeko baten bat) erabiliz. Ondoren aurkitutako forma horiek aztertu behar dituzte eta gorputz-atalen antzekoak direnak identifikatu. Zein lotzen dituzte gorputz-atalekin? Esaterako, pitxer bat sudur bat izan liteke eta bola bat buru bat. Formak horiez osatu behar dute irudia. Jarduera honek zer irakatsi die gorputz-atalen inguruan? Irudia egiteko inspirazio-iturri izan dezakete Musa (La muse, 1912) lana.
  • Aurkitutako formak ikertzeko beste modu bat "Hilotz atsegina" jokora jolastea da. Surrealistek asmatu zuten. Horretan paper zati bakarrean marrazten dute partaide guztiek, baina marrazki bat egin eta gero, paper-orria tolestu egiten du partaide bakoitzak, hurrengoak zer marraztu duen ikus ez dezan. Hartara, papera zabaltzean guztion artean egindako irudia agertzen da. Giza irudi bat egiteko lehen partaideak burua marraz dezake, hurrengoak enborra, eta azkenak hankak.

Hiru dimentsioko konposizioei argazkiak atera

  • Jarduera honetan, ikasleek hainbat objektu multzokatuko dituzte eta horiei argazkiak atera. Eskulturekin jolasten zuen Brancusik, jostailuak balira bezala: lantegian kokatzen eta mugitzen zituen, narrazio eta esangura berriak sortzeko. Ikasgelara eraman behar dituzte zenbait objektu; naturalak zein artifizialak izan litezke: loreak, fruituak, maskorrak, harriak, pilotak, botoiak eta abar. Gai guztiak bildu ostean, banatu ikasleen artean. Bikoteka lan egin behar dute: objektu horiek 3 multzotan taldekatu behar dituzte, eta multzo horiek zergatik egin dituzten eztabaidatu. Zer esangura du multzo bakoitzak? Zer iradokitzen dute? Zein multzo da berritzaileena? Azkenik, argazkiak atera behar dizkiete hautako multzoei. Argazkiak inprimatu eta izenburua jarri. Guztien artean alderatu lanok eta eztabaidatu objektuak multzokatzeak objektu bakoitzaren esangura eta eginkizuna aldatu duen.
×