Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Pintura abstraktua, 1949–1969: Guggenheim Bildumen aukeraketak

2011(e)ko ekainak 14 – 2012(e)ko urtarrilak 8

Gaiak | Antoni Tàpies, Pintura handia (Gran Pintura), 1958

| |

Saiatzen naiz ikusleak errealitatea hausnar dezan, irudi bat ikustean hausnarketa beti buruan eduki dezan; hori lortuko duten irudiak sortzen saiatzen naiz.1

Arte Informala (frantsesez, "formarik gabeko artea") gerraosteko abstrakziorako hurbilketa izan zen eta arte-tradizioarekin zeharo apurtu zuen metodo informalen, bat-batekoen eta keinuzkoen bidez. Tatxismoa ere deitu zitzaion (frantseseko tache hitzetik, "orbana"). Gerraren osteko urteetan, mugimendu hori Europan zehar hedatu zen eta Japoniara ere iritsi zen; batez ere keinuzko estiloagatik eta mihiseetan material ez-tradizionalak erabiltzeagatik berezitu zen.

Antoni Tàpies (1923-) tatxistatzat hartu zuten maiz, haren koloreen pilaketak ustekabekoak diruditelako, orbanen modukoak. Material apalak eta ezohikoak ere erabiltzen zituen, esaterako, harea, sokak, oihalkiak eta lastoa; hala, edertasuna ustekabeko eta eguneroko gauza txikietan aurki daitekeela iradokitzen zuen.

Pintura handia (1958) sortzeko, ziur asko Tàpiesek haren gaztaroan, Francoren garaian, Katalunian ikusi zituen grafitiz betetako hormetan inspiratu zen. Olio-pinturaz eta hareaz egindako mihisearen gainazal latz, hondatu, zulatu eta urratuak denborak kaltetutako horma iradokitzen du.2

1 "Antoni Tàpies. Pintura handia, 1958", Solomon R. Guggenheim Museum, Collection Online. Azken bisita: 2011ko uztailaren 1ean.
2
Ibid.

  • Elkarrekin begiratu Antoni Tàpiesen Pintura handia lanari. Zer iruditzen zaie ikasleei? Hurrengo galderak egin ditzakete, adibidez: Zerez eginda dago? Zer nolako tamaina du? Zer sentituko litzateke lana ukitzean?
  • Tàpiesen lana gerraosteko Europako Arte Informalaren mugimenduari dagokio. Izenak "formarik gabeko artea" esan nahi du. Eskatu ikasleei terminoa azal dezaten. Zein zentzutan betetzen da hori lan honetan? Tàpies tatxista ere deitzen zuten (frantseseko "orban" hitzetik eratorria), haren koloreen pilaketak ustekabekoak diruditelako. Galdetu ikasleei nola beteko litekeen terminoa lan honetan.
  • Tàpies material apal, ezohikoak erabiltzeagatik bereizten zen, hala nola, klera ehoa, marmol xehatua, egunkari zatiak eta oihala.1 Elementu horiek doakoak ziren eta maiz gizakiaren hondakinak ziren. Zergatik erabil ditzake artistak material umil horiek?
  • Lan hau egiteko, Tàpiesek mihisea berniz-geruza batez estali zuen. Lehortu baino lehen, marmol-hautsez, harez eta beste material eta pigmentu batzuez estali zuen. Ondoren, pintura isuri zuen eta irudi bat eratu, orban bat, agian. Azken geruzak lehortu zirenean, materiala zartatzen hasi zen.2Hausnar itzazue prozesu honen inguruan eta eztabaidatu zein efektu duen ikuslearengan. Zeren itxura du artelanak erabilitako materialen, koloreen eta erabilitako prozesuaren ondorioz? Zein aldarte adierazten du?
  • Arte arduradunen arabera, lan honek Tàpiesek Francoren garaian Katalunian ikusi zituen grafitiz betetako hormen itxura du. Tàpiesek hormak honela deskribatu ditu: "geure herriak pairatutako martirioen eta sufrimendu krudelen lekukoak."3 Eskatu ikasleei aipu hau eztabaida dezaten. Zergatik uste dute hormak "lekuko" bezala identifikatu zituela? Aipua buruan dutela, begiratu berriro Pintura handia lanari eta pentsatu zer adieraz dezakeen.

1 "Antoni Tàpies", Museum of Modern Art, The Collection. Azken bisita: 2001eko uztailaren 1ean.
2 "Colección", Fundació Antoni Tàpies. Azken bisita: 2001eko uztailaren 1ean.
3 "Antoni Tàpies. Pintura handia, 1958", Solomon R. Guggenheim Museum, Collection Online. Azken bisita: 2001eko uztailaren 1ean.

Ezohiko materialak

  • Tàpiesek askotan erabiltzen zituen material naturalak -harea, marmol-hautsa eta klera- eta hondakinak -alanbrea, goma-aparra eta egunkari-zatiak- bere lanetan. Ikasleek teknika hori landuko dute jarduera honetan.
  • Hasteko, eskatu material naturalak edo hondakinak biltzeko. Ideiak partekatu guztien artean. Ondoren, materialei buruz hausnartu beharko dute, bai bisualki, bai sinbolikoki izan dezaketen esanahiaren inguruan. Zer dakarkiete burura? Nola erabil ditzakete pinturarekin konbinatuz?
  • Ondoren, aglomeratu taula bana banatu ikasleei jasotako materialen eta pinturaren arteko konbinazioekin esperimenta dezaten. Era berean, itsasgarriren bat beharko dute elementuak aglomeratuari itsasteko.
  • Lana bukatu dutenean, galdetu zer ikasi duten. Nola aldatu dute materialek haien lana? Zein neurritan eragin dute materialek azken emaitzan? Zein material izan da gehitzen erraza? Zein ez? Zergatik?
  • Sortze-prozesuaren eta egindako lanen inguruan hausnartzeko, ikasleek gelan zehar beste ikaskideen lanak ikusi behar dituzte . Zein neurritan eragiten dute materialek azken emaitzan? Material hain apal eta merkeak erabili ezean, lanen esanahia aldatuko litzateke?

Formarik gabeko idazkera

  • Jarduera honetan, ikasleek Arte Informalaren oinarrizko ideiak aztertuko dituzte idazkeraren bidez. Galdetu nola idatzi daitekeen "formarik gabe". Eskatu idazkeraren elementu formalak izendatzeko, esaterako, paragrafoa, esaldia eta testuaren egitura; gramatika eta ortografia; logika eta, poesian, errima. Zelan idatziko lukete arau horiei jarraitu gabe?
  • Erakutsi tradizioarekin apurtu zuten poeta batzuen lanak; adibidez, Guillaume Apollinaire-nak. Haren poesia konkretuak hitzen esanahian eta ezaugarri poetikoetan baino, horien antolamenduan jartzen zuen arreta . Poeta konkretuek hitzak irudi baten forma osa dezaten antolatzen dituzte.
  • Ideien ekaitz baten bidez, eskatu ikasleei Tàpiesen Pintura handia lanak burura ekartzen dizkien hitzak idazteko eta bi idazlan egiteko:  batean arau tradizionalei jarraitu behar diete, eta bestean arau tradizionalak alde batera utzi eta, poesia konkretuan egiten den bezala, "formarik gabe" edo forma berri batean idatzi behar dute.
  • Eskatu ikasleei euren emaitzak aldera ditzaten. Zer gustatzen zaie lan egiteko bi modu horiei buruz? Zer ez? Zeintzuk dira bakoitzaren abantailak eta desabantailak?
×