Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

2000(e)ko otsailak 1 – 2000(e)ko maiatzak 7

Erakusketa hau gizakiaren mugei eta haiekin egiten duen borrokari buruzkoa da, muga horiek hautsi eta zeharkatzeko asmoz eta muga horietatik harantz dagoen lurraldearen zati esanguratsuen jabetza fisikoa eta intelektuala lortzeko asmoz, bere gaitasunei —hasiera batean— galarazitako baina behin eta berriro imajinatutako mundua, lortu nahi den ezintasunaren espazioa. Jacques Lacanek zioenez "subjektuaren bidea ezinezkoaren bi harresien artean igarotzen da" eta erakusketa honetan harresi horiek eraisteko edo lekualdatzeko saioak aztertzen dira, bertako protagonistek ondorio gisa atera dutenez litekeena baita ezinezko helburuak bakarrak izatea lortzea merezi dutenak.

Ezinezkoa Helburutzat, gaindiezina dena gainditzeko nahi bizia -banakoarena nahiz taldearena-, Jainkotiar izateko desioa, Jainkoarengana heltzeko eta Berarekin parekatzeko, giza talde batzuen nahia zeregin titaniko, kimeriko edo zentzugabeei ekiteko hondamena eta adimenaren galbidea ondorioz ekarriz...

Norbere mugen kontzientzia tragikoa da, hain zuzen, giza identitateari izaera heroikoa eta titanikoa ematen diona, muga horiek suntsitzeko ahaleginak egiten dituen bitartean. Gizabanako finitu, mugatu eta sakabanatuak bere burua Unibertso infinitu, mugagabe eta apartekoarekin kontrastatzen duen unean tentsioa sortzen da, eta hasierako larritasun sentimenduaren ondoren, tentsio hori indar sortzaile bihurtzen da, gure amets hondatuek eragindako desengainu malenkoniatsu bihurtzeraino.

Gai horiek guztiak Artearen Historian behin eta berriro landu izan dira: Benozzo Gozzoli eta Brueghel Zaharraren Babel Dorrearen irudikapenak, Piranesiren espetxe-barrualdeak, espiralen eta labirintoen irudikapenak, Vladimir Tatlinen III. Internazionalaren oroigarria, René Magritteren paradoxak, Frank L. Wrighten arkitektura helikoidala, Robert Smithsonen obsesio entropikoak, Walter de Maríaren tximisten eremua, Daniel Libeskinden arkitektura zartatua... Eta literaturak ere erakutsi du gai honetarako interesa: Mary W. Shelleyren Frankenstein, Honoré Balzacen Frenhofer, Franz Kafkaren jauregi/bulego/gartzela, Jorge Luis Borgesen liburutegia...

Baina kontua ez da bakarrik Arteak ezinezkoa helburutzat irudietan adierazi izana. Beharbada ekintza artistikoak oinarrizko eta ezinbesteko era batean irudikatzen du betiko nahigabearen drama, bai eta antzematen den horretatik harantz, zikloa inoiz ixten ez duen sorkuntzatik harantz iristeko nahiarena ere. T. W. Adornoren arabera, artistak, bere ekintzen bidez, "erremediorik gabe galdutakoaren existentzia positiboa" frogatzen du, horregatik uko egingo ez diolarik.

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat erakusketan, ahal izan duten bezainbatean, hainbat ezintasunei aurre egin dioten artista-multzo baten lanak daude. Ezintasun horien artean, segurantzia, ezagutza, betierekoa, baztertzea, heriotza, bizitzaren sorrera jorratu dituzte, besteak beste, Charles Baudelaire-en hitzak erabiliz, "inoiz ez ezagutuagatik ere, maite dugun mugagabetasunari atea zabaltzeko" ahaleginean betiere.

Ezinezko lanak burutu ezinekoak diren heinean, amaitu gabe gelditzea izaten da beren izaeraren ezaugarri nagusienetako bat. Hala ere, bukatu gabeko guztia ez da ezintasunaren emaitza, beste zenbait kausek ere, trebetasun-gabezia edota nekea adibidez, helburua ekinean ari garenean bertan behera uztea eragin baitezakete, baina, izatez, ezinezkoa den guztia, berau lortzeko ekinez gero ere, amaitu gabe gelditzen da beti, eta horrek ez du zertan porrot egin dela esan nahi.

Goiko azalpen honek iturritzat hartzen duen paradigma Babelgo Dorreari buruzko mitoa dugu. Dorrearen irudiak gizakiak izadiak (biologiko zein jainkotiarrak) ezarri dizkion mugak gainditzeko egiten dituen ahalegin guztiak ordezkatzen ditu. Dorrea eraikitzeko (gizakiek sortutako beste edozein obra bezala), Segurantzia behar da aurrena; ondoren, lortutakoa behatzean, Harrotasuna sortzen da; eta, azkenik, harrotasunaren ordez Harrokeria sor daiteke. Orduantxe agertzen dira Porrota (Tximista) Nahasmen moduan, edota Etsipena Atsekabe moduan, eta orduan bertan behera eror daiteke dena., beste "dorre" bat (beste helburu, xede, edo goranahiren bat) eraikitzen hasteko.

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat erakusketan ondoko artistek sortutako artelanak biltzen dira: Leopoldo Ferrán (Irun, 1963) eta Agustina Otero (León, 1960), biak ere Irunen, Baztanen eta Parisen bizi eta lan egiten dutenak; Francisco Ruiz de Infante (Gasteiz, 1966), Parisen bizi eta lan egiten duena; Mabi Revuelta (Bilbo, 1967), Bilbon eta Iruñean bizi eta lan egiten duena; Javier Pérez (Bilbo, 1968), Bartzelonan bizi eta lan egiten duena; eta Gabriel Díaz (Iruñea, 1968), Madrilen bizi eta lan egiten duena. Artista hauetako bakoitzak erakusketa honetarako eta Guggenheim Bilbao Museorako berariaz sortutako hiruna lan aurkezten dituzte, Ferrán/Otero taldeak izan ezik, hauek lau pieza baitituzte ikusgai.

Javier González de Durana
Erakusketako komisarioa

Egizue hegan madarikatuak, neuk harrapatuko ez bazintuztet, deabruak harrapatuko zintuzkete-eta (Volad, volad malditos, que si no os cogiere yo, os cogiera el diablo), 1999–2000

Ahuntz-larrua eta burdina

Neurri aldakorrak

Artisten bilduma

×