Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Salbe zubirako proiektuak

2006(e)ko urriak 19 – 2007(e)ko urtarrilak 25

Guggenheim Bilbao Museoak hamar urte bete zituen 2007. urtean; 1997ko urrian inauguratu zen. Urtemuga hori ospatzeko, Museoak esku-hartze artistiko bat Salbe zubian egin zezatela  eskatu zien hainbat artistari. Horrek ahalbidetu zuen Guggenheim Bilbao Bilduman beste artelan bat gehitzea, Museoaren ingurua osatu zuena, gainera;bide batez, hiriko arte-ondarea aberastu zuen.

Gonbidatutako artistak Daniel Buren, Liam Gillick eta Jenny Holzer izan ziren, eta haien hiru proiektuen maketak Museoko 103 B aretoan izan ziren ikusgai, artista bakoitzak emandako material osagarriekin batera. Material horiek proiektu bakoitza ulertzeko eta egileen arte-ibilbidea ulertzeko lagungarriak izan ziren.

Guggenheim Bilbao Bildumara gehitzeko instalazioa aukeratzeko Bartzorde bat antolatu zen. Hark erabakia jakitera eman zuen 2006. urtea amaitu aurretik, eta  honakoek osatu zuten: Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako bi ordezkarik, Santiago Calatrava arkitektoak, Londresko Royal Academy of Artseko erakusketa-idazkari Norman Rosenthalek, Solomon R. Guggenheim Foundationeko zuzendari Thomas Krensek eta Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidartek.

Dena dela, Batzordeko kideak ez ziren Salbe zubiaren esku-hartze artistiko hau aukeratzeko zereginean parte hartutako bakarrak. Guggenheim Bilbao Museoak erabaki zuen, proiektuaren garrantzia eta berezko izaera ikusita, hots, herritarrei eta hiriko fisonomiari lotuta zegoela ulertuta, bisitariek ere eginkizun garrantzitsua bete behar zutela hautaketan.

Hori zela eta, 2006ko urriaren 20tik azaroaren 30era bitartean, nahi zuten bisitari guztiek gehien gustatutako proposamenaren aldeko botoa eman ahal izan zuten, sarrerarekin batera emango zitzaien txartel baten bidez. Txartela proiektu bakoitzaren ondoan kokaturiko kutxa batean sartu behar zuten. Bisitarien gehienen botoak izan zituen proiektuak gainerako boto bat izan zuen Batzordearen bozkaketan.

Erabakia argitaratu zenetik artistak hainbat asteko epea izan zuen bere behin betiko proposamena gauzatzeko, eta hura 2007. urtean zehar burutu zen.

Daniel Buren
Burenek honako ustean oinarritu zuen proposatutako proiektua: altzairuzko arkua zen Frank Gehryk Museoaren eta zubiaren artean sortutako harmonia perfektua desitxuratzen zuen elementu bakarra; izan ere, Museoak, arkitekturaren bidez, ezin hobeki besarkatzen eta barne hartzen du zubia. Burenen hitzetan arkua "ez dator bat bisualki Museoaren dotoretasunarekin".

Horregatik jarri zuen arreta esku-hartze artistikoak zubiaren egitura eraldatzean. Kolorezko "azala" jartzea izan zuen asmo, eskultura bat balitz bezala, arkuaren itxura aldatzeko, baina jatorrizko funtzioa gordetzeko.

Burenek eskulturarako aukeratutako kolorea gorri bizia izan zen, kontraste handia sortzen baitu egituraren kolore berdearekin, baina, era berean, "lotura kromatikoa" gordetzen baitu Gehryren eraikuntzako ezkaten titanioarekin. Aldeetako ertzetan txandakatu egiten dira marra zuri eta beltzak, eta kolore gorriari kontrajartzen zaizkio.

Artelanak bi argi-mota ditu: batetik, "eskultura gorriaren" bi alderdietan proiektatzen den argi estatikoa eta, bestetik, beste argi konplexu eta dinamikoagoa, ertzetan kokatzen dena eta etengabeko mugimendua sortzen duena egituraren barne- eta kanpo-ertzetan barna.

Liam Gillick
Artista honen proposamena bere aurreko lanen ildokoa izan zen, eta elkarrizketa eta gogoeta sustatzea izan zuen helburutzat. Horrela bilakatu zen eztabaidarako eta trukerako plataforma. Proposatutako esku-hartze artistikorako proiektuak oinarri zuen Salbe zubia ingurunearekin bateragarri egitea. Horretarako, argiak eta itzalak konbinatu zituen, gunea antolatzeko eta berriz definitzeko ez ezik galtzada inklinatua bisualki hausteko ere, baina bere existentzia ukatu gabe.

Helburu horrekin, zubiaren egitura jasotzea proposatu zuen, egitura horren gainean pieza zirkular bat kokatuz. Pieza horrek barne hartu zuen ekuazio fisiko teoriko bat; hura aurrez ere erabili izan zuen Irlandan 2000. urteko lan batean, eta Gabriel Tarde egilearen Undeground Man izenburuko zientzia-fikziozko liburu klasiko batetik atera zuen. Formula horrek hiriek kliman eta oro har ingurumenean duten eragina aztertzen du, eta egilearen ustez "behatzen duenarentzako erronka da", eta komunikazio-prozesua indartzen du artearen ikuspegitik.

Gillick Columbiako Unibertsitateko (New York) irakaslea da 1997. urtetik, eta sarritan, egitura formalak konbinatzen ditu bere artelanetan kontzeptuzko mekanismoekin. Horregatik, bere proposamena osatzeko, zenbait neurritako esferen sekuentzia proposatu zuen. Esfera horiek argiztaturik zeuden barrendik, eta zubiaren kanpoaldean kokatuko lirateke galtzadaren alde banatan. Aipaturikoak erakarpenerako gune bilakatuko lirateke, zubiari zein Museoari dagokionez.

Jenny Holzer
Artista estatubatuarrak Salbe zubirako pentsatutako artelanaren filosofiak  tokiko paisaia, historia eta kulturarekiko elkarrizketa barne hartu zituen, eta aldi berean, hiriak nazioartean duen garrantzia agerian utzi zuen. Horretarako, eta bide batez Bilboko itsasadarraren inguruko mugimendua eta bizitza ikusarazteko, Holzerek LED zutabe batzuk zubi azpian jartzeko proposamena egin zuen; izan ere, artistak esan zuenez itsasadarra "hiriaren edozein angelutatik begiratuta ikus daiteke". Zutabe hauetako anbar koloreko argiak isla iraunkorra izango zukeen itsasadarreko uretan.

Euskarri elektroniko horiek eskuineko ibaiertzeko zubiaren oinarritik hasi eta bestalderaino heltzea proposatu zuen; beste alde horretan zubia Museoaren titanioan barneratzen dela ematen baitu. Euskarri horietaneuskal, espainiar nahiz nazioarteko olerkarien pasarteak proiektatzea nahi zuen, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

LED zutabeez gain, proposamen horrek bigarren osagai bat zuen: oinezkoen sarbiderako igogailu-dorreetako baten gainean ez ezik galtzadaren bi aldeak lotzen dituen igarobidean ere, proiektagailu batzuk finkatzea, aldi baterako zein gertakari berezietarako. Aipaturikoek testu argiztatu horiek Museora, itsasadarrera eta Artxanda mendiaren hegalera igorriko lirateke. Honetaz gain, zubia berritzeko usteari jarraituz, egitura osoa, baita barne-azalera ere, gris kolorez margotuko litzateke.

103B aretoaren ikuspegi bat: lehen planoan Daniel Burenen proiektua; hura gauzatu zen

×