Behi horia | Franz Marc | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Pribatutik publikora: Guggenheim Bildumak

2009.06.26 - 2010.05.02

Bilduma pribatuak museo publiko bihurtzea metamorfosi ikaragarria da. 1937an gertatu zen aldaketa hori New Yorkeko Guggenheim Museoan, Solomon R. Guggenheimek Fundazio bat sortu zuenean museo bat egiteko, haren bildumako arte ez-objektiboko lanak publikoari erakusteko eta bertan gordetzeko. Guggenheim, arte bildumagile amorratu bihurtu zen industria-gizona, haren bildumari hasiera eman zion Fundazioa sortu baino zortzi urte lehenago, Hilla Rebay margolari alemanaren gidaritzapean. Arte ezobjektiboaren —espirituala eta utopikoa izatea helburu zuen abstrakzio modua— babesle sutsua izan arren, Guggenheimek arte ez-objektibotik at zeuden lanak ere bilatu zituen eta besteak beste, honako artista hauen lanak eskuratu zituen: Marc Chagall, Amedeo Modigliani eta Henri Rousseau.

Ordutik aurrera, Guggenheim Museoen sortze bilduma hainbat dohaintzari eta pertsona pribatuei egindako eskuraketei esker zabaltzen joan den arren, guztiek dute, hala ere, Guggenheimen jite bertsua. Eskuratze horien artean honako hauek daude: Karl Nierendorf galeria zuzendariaren Alemaniako espresionismo eta Espresionismo abstraktuko funtsak; Solomonen iloba Peggy Guggenheimen pintura eta eskultura abstraktu eta surrealista bilduma; K. Thannhauser-en Inpresionismoaren, Postinpresionismoaren eta arte modernoaren maisulanen aukeraketa; eta Rebay eta Katherine S. Dreier gisako ameslarien arte-ondarea, adibidez. Pertsona horien bildumak, non xx. mendeko artista garrantzitsuenak egon diren, urteak igaro ahala osatu dira eta egun Guggenheim Museoen Bildumaren baitan daude, hain zuzen, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendeko abangoardiako artea barne hartzen duen bilduma osatu horretan.


Hasierako xedeari, hots, "etorkizuneko artea" sustatzeari fidel, egun Fundazioak arte garaikide funtsak zabaltzea du helburu nagusi. Bohen Foundation laguntza-erakunde pribatuak, haren bilduma osorik eskaini zion Fundazioari 2001ean. Erakunde horrek artelanak agintzen ditu, film, bideo eta komunikabide berriekin harremana dutenak, batik bat. 277 lanek eta 46 artistek (Sophie Calle, Pierre Huyghe eta Jac Leirner, esaterako) osatzen dute bilduma eta eskaintza horri esker, Guggenheim Museoek milenio berrian arte aukeraketa bizi eta dinamikoa dute, eta aldi berean, bilduma aparta horren historiak eta garatze etengabeak aurrera egiten du.

 

Franz Marc
Behi horia (Gelbe Kuh), 1911
Olio-pintura mihise gainean
140,5 x 189,2 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Solomon R. Guggenheim sortze bilduma

Partekatu