Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Nazioarteko korronteak gaur egungo artean

1999(e)ko uztailak 24 – 2000(e)ko urtarrilak 9

Azken urteetan izandako gertaera politikoek (Berlingo harresiaren eraispena, Sobiet Batasunaren gainbehera, edo Golkoko gerra, adibidez), eta teknologia berrien hedadurak gai eta euskarri berriak eskaini dizkiote gaur egungo arteari, hala, mundu guztiko artistak antzeko alderdiak aztertzera bultzatuz: gai politiko eta sozialen azterketa kritikoa, ingurugiroari lotutako arazoak, giza gorputza eta pertsonen arteko harremanei buruzko hausnarketa.

Horrez gain, azken urteetan aldaketa antzeman da artea bera egiteko jarreran. Pinturari dagokionez, adibidez, beneragarria eta ia magikoa balitz bezala ikusteari utzi zaio behin betiko. Eskulturaren kasuan, berezkoa duen izaera ikertzen jarraitzen du, bere muga tradizionalak zabalduz eta espazio berriak harrapatuz era guztietako materialak gehitzearen ondorioz. Eta, azkenik, bideo-instalazioa objektu artistikoaren eta ikuslearen arteko harremana etengabe aldatzen ari den adierazpide gisa finkatu da.

304 aretoa
Julian Schnabel (New York, AEB, 1951)
1990ean Julian Schnabelek dimentsio monumentaleko hiru pintura amaitu zituen [Anno Domini, Espontaneoa (Abelardo Martinez-entzat) eta Catherine Marie Ange]. Pintura horiek Nîmesen (Frantzia) dagoen "Maison Carrée" tenplu erromatarrerako egin zituen, eta hiri horretan izandako hiru gertaera hartu zituen inspirazio-iturritzat. Nîmeseko zezen-plazako animalien heriotza da Anno Domini pinturaren gaia; Abelardo Martínez zezenak adarkatu ondoren plazan hildako espontaneo bat zen; eta "Maison Carrée" etxeko hainbat atetako batean aurkitutako nortasun-agiri baten erreferentzia Catherine Marie Ange pinturaren inspirazioa izan da. Aldez aurretik emaitza zehatz bat xedetzat duen planik gabe, kanpoaldean pintatutako lan hauetan artistak grabatuaren edo xilografiaren antzeko efektua lortu du pintzel gisa mahai-oihal bustiak erabiliz. Prozedura berezia da: mahai-oihalak pinturan sartu ondoren, bertikalki jarritako mihisearen gainean bota zituen. Paleta, kolore gorriak, mihisearen koloreak, eta hori-ukituren batek osatzen dute.

301 aretoa
Felix Gonzalez-Torres (Guáimaro, Kuba, 1957–New York, AEB, 1996)
Felix Gonzalez-Torresen obrak hirurogeiko eta hirurogei eta hamarreko hamarkadetako korronte minimalista eta kontzeptualaren estrategiak berreskuratzen ditu eta horien postulatu formal eta analitikoei eduki emozionala gehitzen die. Artista honek, paper-piloen artean, eguneroko objektuak-goxokiak edo offset inprimaketak- erakusgai jartzen ditu, ikuslea erakarriz. 1991ko Titulurik gabea (Herri iritzia) proiektil-itxurako 315 kg erregaliz-goxokik osatutako lanak zalantzan jartzen du jendearen iritziaren balioa, bereziki Estatu Batuetako militarismoari eta abertzaletasunari dagokienez. Pieza hau Golkoko gerra hasi zen urte berean sortua da. Titulurik gabea, 1989–95 lanean, Gonzalez-Torresek testua eta datak erabiltzen ditu ausazko ordena batean, friso-formako autoerretratu bat sortzearren. Gertakari garaikideen erreferentziak egoera intimo eta pertsonalagoekin tartekatuz, artista honek bere bizitzaren narratiba eraikitzen du, esanahiaren zalantzazko izaera agerian utziz.

302 aretoa:
Cai Guo Qiang (Quanzhou, Txina, 1957), Richard Baquié (Marseilla, Frantzia, 1956–1996), Leonardo Drew (Tallahasee, AEB, 1961)
Esperientzia zatikatuen eta loturarik gabekoen mundu batean harmonia berreskuratzea helburutzat hartuz, Txinako Cai Guo Qiang artistak kontraste bortitzekin lan egiten du, handitasuna eta txikitasuna konbinatuz, ikara eta lasaitasuna eragiten diguna gainjarriz. Era berean, Caik lehenaren eta orainaren arteko zubia erabiltzeko joera du, jatorrizko elementuak berritasun handiko beste batzuen ondoan jarriz. 1996ko Negar egin dragoi/negar egin otso: Genghis Khanen arka izenburua duen lan honek —ardilarruz egindako baltsa tradizional puztuak eta martxan jarritako hiru Toyota motore— Txinako kulturaren ikono ezaguna gogorarazten digu: dragoia. Baltsa hauen diseinua Mongoliako armadek Ibai Horia ibitik igarotzeko eta Eurasia inbaditzeko erabili zituzten haietan inspiratuta dago. Bestalde, motoreek orainaldira itzularazten gaituzte, mendebaldean Asiak nonahi duen presentzia gogoraraziz, aldi honetan teknologia dela bide.

Frantziako Richard Baquié artistak hondakin-materialak berreskuratzen ditu eta beren ezaugarri estetikoak eta funtzionalak aztertzen ditu. Hego-zatiak, 1986 lanean, aurkitutako objektuak eta materialak birziklatzen ditu, oso bestelako elementuak bat eginik, esaterako koltxoi bat, hegazkin baten hegoak eta neoizko tutu bat. Hegazkinak sarritan agertzen dira artista honen obran, bidaien eta hegaldien ikuspegi erromantikoa gogoraraziz, eta, aldi berean, espazioari eta denborari buruzko gai garaikideak lantzen ditu. Hondakin-materialak ere oinarritzat hartuz, Leonardo Drew artista afroamerikarrak sare posminimalista klasikoaren desintegrazioa aztertzen du, eta aldi berean afroamerikarren esperientziaren erreferentzia historikoak ezartzen ditu. Desegin eta herdoitzen ari direla ematen duten egituren bidez, 1996ko 52 zenbakia lanak aireko ikuspegi topografikoa edo ur uhindunen lehen plano bat gogorarazten diguten irudiak sortzen ditu. Herdoiea, kotoiaz gain, oinarrizko elementua da artista honentzat, eta obra honetan, hiriaren gainbehera iradokitzen digu.

303 aretoa
eta korridorea Gillian Wearing (Birmingham, Britania Erresuma, 1963), Pipilotti Rist (Rheintal, Suitza, 1962), Andreas Slominski (Meppen, Alemania, 1959)
Gillian Wearing artista britainiarrak jende arruntaren beldur, fantasia eta sekretuekiko interes berezia erakusten digu, bai eta ikuslearekin sortarazitako identifikazio-prozesuekiko ere. Sacha eta ama, 1996 lanean, Wearingek agerian utzi nahi ditu ama-alaba arteko harreman pertsonal konplexuetatik sortzen diren emozio anbibalenteak. Besarkada baten goxotasuna ia biolentziara iristen den liskar-egoera bihurtzen da. Izan ere, alde handia dago Wearingen obran agerikoa den tentsioaren eta Suitzako Pipilotti Risten Edan ezazu nire ozeanoa bideoinstalazioan agertzen den gorputzaren ospakizun sentsualaren artean. Artista honek itsaspeko ametsen mundu magikoa sortu du ia osorik ur azpian grabatu duen bideo honetan, artistak berak Chris Isaaken "Wicked Games" balada abesten duelarik. Bere estetikan, pop musikaren elementu desberdinak eta masen kulturari dagokion eremu zabala txertatzen dira. Pantaila bikoitzek eta efektu ikusgarriek Edipo-aurreko plazerraren eremu ideala iradokitzen digute, inolako adulteraziorik gabe. Obra honen bidez, Ristek desioaren eta atsegintasunaren dantza eternalean parte hartzera gonbidatzen gaitu. Alemaniako Andreas Slominski artista kontzeptualak hamabost urte baino gehiago eman ditu tranparen kontzeptua behin eta berriro interpretatzen. Mota guztietako animalientzako (azeriak, lepahoriak, txoriak, intsektuak) tranpa funtzionalak diseinatzen dituen artista honek artearen metafora hobezina aurkitu du: arteak bezala, tranpak erakarri eta engainatzen gaitu. Hertsia eta humorezkoa, bere obrak zentzugabetasunaren mugei buruz hausnartzera bultzatzen du ikuslea eta, bertatik, artearen mugak behatzera.

 

 

Cai Guo-Qiang

Oihu egin dragoi/Oihu egin otso: Gengis Kan-en arka (Cry Dragon/Cry Wolf: The Ark of Genghis Khan), 1996

99 ardi-azal, zurezko adarrak, endaiak, soka, 3 motor Toyota eta hainbat aldizkaritako azalen eta artikuluen ebakien kopiak

Neurri aldakorrak

Solomon R. Guggenheim Museum, New York.
Zuzendariaren Nazioarteko Batzordeko eta Batzorde Betearazleko honako kide hauen diru-ekarpenekin eskuratua: Eli Broad, Elaine Terner Cooper, Beat Curti, Ronnie Heyman, J. Tomilson Hill, Dakis Joannou, Barbara Lane, Robert Mnuchin, Peter Norton,Thomas Walther eta Ginny Williams; gainerako ekarpena: Peter Littmann. 97.4523
© Cai Guo-Qiang

×