Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Nam June Paiken munduak

2001(e)ko maiatzak 22 – 2001(e)ko irailak 30

Instalazio, bideo, telebistako emisio orokor, pelikula eta performance ugariren bidez, Nam June Paikek arte garaikidean aldi baterako irudiaz dugun ikusmoldea aldatzea lortu zuen. Nam June Paiken munduak erakusketak Guggenheim Bilbao Museoa eraldatu zuen mugimenduzko irudian eta XX. mendeko artean Paikek duen eragina goraipatzeko.

Paikek lehenik Korean ikasi zuen musika-konposizioa eta geroago Tokion. Bertan, Arnold Schönberg konpositore modernoari buruzko tesina bat idatzi zuen. 1956an, Paik bidaia bat egin zuen Europan zehar eta Alemanian geratu zen bizitzen, abangoardiako musika eta performancea lantzeko. Darmstaat-eko Musika Berriari buruzko Udako Ikastaroetan antolatutako mintegi batean, John Cage konpositorea ezagutu zuen eta hark musika-konposizioari eta performanceari buruz zituen ideiek eragin handia izan zuen beregan, bai eta George Maciunas-en ideiek ere, Fluxus arte-mugimendu erradikalaren sortzailearenak hain zuzen. Izan ere, taldean parte hartzera gonbidatu zuen.

Masa-hedabideen eremuan Paikek egindako hasierako azterketa artistikoak, eta zehazki telebistaren ingurukoak, 1963an bakarka egin zuen bere lehenengo erakusketaren gaiak izan ziren. Erakusketaren izenburua Exposition of Music–Electronic Television (Musika-telebista elektronikoari buruzko erakusketa) izan zen, eta Wuppertal-eko (Alemania) Galerie Parnass-en antolatu zen. Berebiziko garrantzia izan zuen erakusketa hartan, areto guztian zehar sakabanatutako eta alboetan eta alderantziz kokatutako telebista-aparatuak aurkeztu ziren, artistak berak eraldatu zituenak transmisioen harrera distortsionatzearren. Erakusketa hartarako bideo-lan interaktiboak sortu zituen gainera, ikusleek hedabide horrekin duten harremana eraldatuz. Aurreko urrats horien ondoren, Paikek ideia eta asmakuntza ugari garatu zuen, hain zuzen ere 40 urte baino gehiagotan zehar izugarrizko garrantzia izan dutenak mugimenduzko irudi elektronikoa artearen munduan barneratzeko eta onartzeko garaian.

1964an Paik New Yorkera joan zen telebistaren eta bideoaren inguruan egiten ari zen esperimentuekin jarraitzeko. Eta 1960ko hamarkadaren bukaera aldera, telebistan eta mugimenduzko irudietan oinarritutako hizkuntza estetiko berri bat sortzen ari zen artisten belaunaldi baten aitzindari bihurtu zen. 1970 eta 1980ko hamarkadetan, irakasle gisa lanean aritu zen eta beste artista batzuk sustatzen eta azaleratzen ari zen baliabide haren ahalmena garatzen jardun zuen. Bideo-zinten sekuentzia bikain batekin eta telebistarako proiektuekin batera —bertan kolaboratzaile gisa Laurie Anderson, Joseph Beuys, David Bowie, John Cage eta Merce Cunningham lagunek parte hartuz— instalazio batzuk sortu zituen, bideo-produkzioa erabat aldatu eta praktika artistikoa berriro definitu zutenak.

Nam June Paiken munduak erakusketan Paiken ibilbide artistiko osoaren obra aipagarrienak aurkeztu ziren. Frank Gehryk sortutako Guggenheim Bilbao Museoaren diseinu ikusgarriak areto klasikoenetan nahiz espazio berritzaileenetan aukerako esparrua eskaini zion bisitariari Paiken lorpenak eta bere ibilbide oparoan zehar egin zituen esperimentuak ikusi ahal izateko. Erakusketaren diseinuak ez zion ohiko sekuentzia kronologikoari jarraitu, une desberdinetan egindako artelanak alboan jarrita agertzen baitziren Paiken sorkuntza‑produkzioan izan diren topaguneak eta jarraitasuna aditzera emateko. Erakusketa horretako muntaia egiteko erabili zen ikuspegiak Gehryren arkitektura postmodernoa eta Paikek mugimenduzko irudia sorkuntza artistikoan integratzen zuen modu berritzailea ere hartu zituen inspirazio-iturritzat. Bai arkitektoak bai artistak artea bera eta milurteko baten hasieran artea erakusten den modua berriro definitzen lagundu dute.

Hasieratik, Nam June Paiken obra masa-hedabideen eta teknologiaren ikusmolde berritzailearen eraginpean egon zen. 1950 eta 1960ko hamarkadetako audio-pieza zaharberrituen sorta batek agerian uzten du soinu grabatua erabiltzen zuela bere Fluxus performanceetako osagai gisa. Artistaren 1960ko hamarkadako lehenengo bideo-zintetako batzuk, erakusketa egin baino baino denbora gutxi lehenago aurkitu eta zaharberritu zirenak, bere ibilbide osoan zehar sortutako bideo-zinta eta telebista-emisioekin batera agertu ziren. TB Kandela (Candle TV, 1975) lanak Paiken ibilbide osoan nabarmentzen den naturaren eta teknologiaren arteko elkarreragin ironikoa ezartzen du. Bere beste lan batzuek performanceen —esate baterako Bibolin apurtua Bibolin solorako bat-ekoa, 1962, Whitney Museum of maerican Art-en egindako performancea, New York, 1982ko ekainaren 2an (Broken Violin from One for Violin Solo, 1962, Whitney Museum of maerican Art, New York, June 2, 1982)— audio-lan interaktiboen —Ausazko sarbidea (Random Access), 1963— eta bideo-lan interaktibo berritzaileen artean — Partaidetza TB (Participation TV)— Paikek egindako ibilbidea egituratu zuten.

Paikek eskala txikia duten baina bere obran oso adierazgarriak diren  pieza ugari egin du. Bideo Buda (Video Buddha, 1976) lanak, adibidez, Koreako hileten inguruko antzinako erritoen erreferentziak biltzen ditu eta Budaren eskultura bat aurkezten du, zirkuitu itxia duen bideo-monitore batean ikusten den lur-mordo batean erdi lurperatuta. TB aulkia (TV Chair, 1968) Paikek telebistaren harrerari buruz egiten duen tratamendu ironikoaren emaitza da. Pieza horretan, monitoreak aulki baten eserlekua ordezkatzen du, eta bere gainean norbait esertzen denean estali egiten du pantaila gorputzarekin. Gainera, Paikek teknologia leuntzeko eta guregana hurbiltzeko zuen interesa erakusten zuen Robot familia (Family of Robot, 1986) lanean, irrati eta telebista-aparatu zaharrekin eraikitako bideo-pertsonaien eskultura sorta bat izanik. Beste adibide batzuek Paiken kolaborazioetatik esperientzia bisual berriak sortu ziren modua azpimarratzen zuten, esate baterako Paik-Abe bideo-sintetizadorea (Paik-Abe Video Synthetizer, 1969) lanak, Shuya Abe-rekin batera garatutako bideo-irudien prozesadoreak, alegia. Horiez gain TB biolontxeloa (TV Cello, 1971) ikus zitekeen, Paikek egindako esperimentuen adibide bat izanik bideoa musika/ikus-tresna mota berri bat balitz bezala birplanteatuz, eta artistak bere performanceetan ohiko kolaboratzaile zen Charlotte Moorman-entzat sortutako pieza ugarietako bat dugu.

Paikek obra berrien multzo bikain bat sortu zuen laserraren teknologia erabiliz. Laserrean aditua den Norman Ballardekin lankidetzan, Paikek Modulazioa sinkronoan (Modulation in Sync, 2000) sortu zuen. Eskala handiko instalazio bat da, naturaren eta argiaren arteko erlazio dinamikoa gogorarazten diguna eta lan hauek barne hartzen dituena: Goxoa eta ezin ederragoa (Sweet and Sublime) (laser-izpiz sortutako kolore anitzeko marrazkiak, sabaiean proiektatuak) eta Jacoben eskailera (Jacob’s Ladder) (pieza honetan laserra ur-jauzi baten zehar proiektatzen da). Laser-eskulturez osatutako beste instalazio bat hauxe dugu, Hiru elementu (Three Elements, 2000); bertan espazio birtual bat sortzeko erabili zuen laserra, eskulturaren forma eta materialak berriro definitzeaz gain. Azkenik, Laser konoa (Laser Cone, 2001) izenburua duen obran, Paikek laser-izpiak manipulatu zituen gainazal koniko ikaragarri batean tartekatzeko eta horrekin batera ikuslea argizko artikulazio grafiko batean biltzeko. Proiektu hauek aurreko beste obra batzuekin erlazionatuta daude. Horietan telebista-aparatuen izpi katodikoen tutuak aldatu zituen, diseinu linealak sortuz, adibidez TB koroan (TV Crown, 1965) lanean, edo ilargiaren faseak gogora ekartzen zizkigun birsorkuntza baten bidez, adibidez Ilargia TB zaharrena da (Moon is the Oldest TV, 1965) lanean.

Paikek bideoari ematen zion tratamendu espresiboa Kandela bat (kandela proiekzioa) [One Candle (Candle Projection), 1988] obraren sugarretan antzeman zitekeen. Obra honek hondoko oihal harrigarri bat eskaintzen zion Denda mongoliarra (Mongolian Tent, 1993) lanari, Joseph Beuys lagunari buruzko gogoeta bat izanik. Dendaren barruan, 1985ean Paik eta Beuysek elkarrekin batera Tokion egin zuten performance bortitzaren grabazio bat proiektatzen zen. Beste pieza bat, Telebisten lorategia (TV Garden, 1974), instalazio bikain bat zen, telebistaren hedapena zabaltzen ari den lorategi baten antzera agertzen zuena, landare naturalak eta aldizkako irudiak erakusten dituzten monitoreak barne zirela. Suitzako erlojua (Swiss Clock, 1988) eta Arrain errealak /Arrainak zuzenean (Real Fish/Live Fish, 1982) lanen sekuentzia kontzeptualek agerian uzten zuten aldi berean irudipen eta errealitate gisa diharduten denboraren eta irudien aurrean Paikek sentitzen zuen lilura argia eta etengabea.

Nam June Paiken munduak erakusketak artista honen lan aipagarriaren hedadura eta ibilbidea adierazi zuen: telebista eta bideo emisioen eraldaketatik hasi eta laserra eskultura eta instalazio-artearen forma berri bihurtzeraino. Gainera, Gehryk espazioari emandako tratamenduak paregabeko aukera eman zion artista honen obra aurkezteko, aldaketaren bertuteak bereganatu eta arteak ingurune aldakorra ulertzeko betetzen duen ezinbesteko garrantziaz jabetzen baita. Bere lanaren emaitza ikusgarriak, bere sorkuntzaren lorpenek ezarri dituzten aurrekariak eta bere obraren garrantzi handia hedabideen bitartez arteak ulertzeko eta definitzeko modua zabalduz Paikek bete duen eginkizunaren erakusgarri argi bat dira. Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa, Paiken garrantzia aintzatesteaz gain, mugimenduzko irudiak XXI. mendean oraindik ere duen izugarrizko eraginaren adierazle bat izan zen.

 

Nam June Paik
Guggenheim Bilbao Museoko Modulazio sinkronoa (Modulation in Sync) lanerako estudioa, 2001
Akrilikoa koloretako argazki gainean
74,2 x 51,2 cm
Artistaren bilduma

×