Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Motozikletaren artea

1999(e)ko azaroak 24 – 2000(e)ko irailak 3

Duela ehun eta hogeita hamar urte ez zen bizikletarik ez eta motorrik ere gaur egungo itxurarekin. 1868an, Michaux Perreaux-ek lurri-motor bat diseinatu eta patentatu zuen, eta merkatuan agertu zen lurrinak eragindako lehenengo bizikletan instalatu zuten. 1894an, Hildebrand anaiek eta Alois Wolfmüller-ek gasolinazko lehenengo bi zilindroko motorra patentatu zuten, ur bidez errefrigeratua eta bizikleta-koadro batean gehitua. Hura izan zen barne-errekuntzazko motor bat zuen lehenengo motozikleta.

Motozikletaren artea erakusketak motozikletaren serieko produkzioaren mende oso bat eta hortik aurrera izan duen bilakaera ez ezik, XX. mendea definitu eta zehazten duten aurrerapen teknologikoak, alderdi kulturalak, soziologikoak eta ekonomikoak biltzen ditu. Alderdi horiez gain, merkatua, merkaturatzea eta kontsumitzaileen aukera eta nahiak motoen osagaien eta formaren bidez aditzera ematen dira. Eskura dauden motoen kopurua guztira (seriekoak, fabrikan eraikitako prototipo bereziak, eskariz egindako modelo bakarrak, sidecarrak eta trizikloak, batzuk aipatzearren) oso handia da. Motozikleten hainbat funtzio eta aginduren historia aditzera emateko, aukeraketa XX. mendea ederki definitzen duten elementu batzuetan oinarrituta egin da: estetika, berrikuntza teknologikoa, diseinuaren nagusitasuna eta gizartean duen eragina. Erakusketan biltzen diren moto guztiak irizpide horietako bat baino gehiago elkartzearen emaitza dira, eta horietako batzuk, adibidez BMW R32 edo Honda Super Club, hiruen konbinazio orekatuaren erakusgarri dira.

BMW R32 motoa aurrerapausu handia izan zen motorren teknologian, eta gure garaiko diseinu estetikoaren adibide bikain bat da gainera. Max Friz aeronautika-diseinatzailearen modelo apart hau behatzean ulertuko ditugu mendean zehar bizirik dirauten BMW motoen arrakastaren nondik-norakoak. Orain arte BMWk fabrikatutako moto guztien funtsezko osagaia bi zilindroko zeharkako motor suntsiezina da, Boxer izena hartu zuena, eta lehen aldiz R32 motoan gehitua, 1923an. BMW R32 motoan, Bauhaus eskolaren ideal guztia biltzen direla esango genuke, eta dotoretasuna nabaria da ezaugarritzat dituen lerro triangeluarretan. Bertan ibiltzera eta mirestera gonbidatzen gaituela dirudien makina bat da.

Sotiltasuna ez da ezaugarririk egokiena Indian Chief motoa deskribatzeko. Amerikako motoziklismoaren dagokion moto ideala honela labur daiteke: handia, deigarria eta luxuzkoa da. Indian Chief motoak, 20ko hamarkadan diseinatu zen arren, 1940an lortu zuen merezitako arrakasta, bere fabrika-marka bihurtuko ziren lohi-babes sakon eta kurbatuak gehitu zitzaizkionean. Izpiritu askeentzako motoa zen, bideari ekin eta inoiz ez itzultzeko. Bidean ondo betetzen zuen bere funtzioa, 1.206 cc.ko motor handi bat baitzuen, 140 km/h inguruko abiadura lortzeko gai zena. Indian Chief motoziklismo amerikarraren sorburuko luxuzko motoetako bat izan zen, eta gaur egun arte imitatu izan den "cruiser" estetika sortu zuen; bereziki, arrazoi horregatik izan zen Harley Davidson bere lehiakide handia.

Jende sinpatikoena Hondan dabil. Hori izan zen 60ko hamarkadaren hasieran motozikleten merkatuaren eskemak erabat hautsi zituen eslogana, eta aldi berean Hondari Amerikako merkatu izugarrira irtetea ahalbidetu ziona. Ordutik aurrera, gauzak ez ziren inoiz lehen bezala izango. Baina Hondari mendebaldeko merkatuan sartzeko aukera eman ziona ez zen zilindrada eta potentzia handiko moto bat izango, 50 cc.ko motozikleta bat baizik, aise igotzeko koadro irekia, enbrage automatikoa eta gorri eta krema koloreko diseinu dotorea zuena. Amei guk ibiltzea axola izango ez litzaiekeen motozikleta horietakoa, alegia. Edo hobeto pentsatuta, Amak ibiltzeko moduko motozikleta horietakoa! Honda C100 Super Cub motoa, bere izen arranditsua osorik erabiltzearren, Soichiro Honda izena zuen enpresaren sortzailearen miniaturazko Troiako zaldi bikaina izan zen, eta ondoren etorriko ziren urteetako motoen salmentan izugarrizko iraultza sortzeko bidea urratu zuen. Orain sinestezina izan arren, garai hartan jendeak barre egiten zion Honda 50 motoari. Hogeita sei eta erdi milioi Honda 50 saldu ondoren, inork ez dio barre egiten (Aditu ondo! 26,5 milioi Honda Super Cub). Hondaren diseinatzaileek izan ezik beharbada, irribarre ironikoa egin baitezakete Soichiro Hondak mundua alda zezakeela pentsatzean izan zuen ausardia aintzatetsiz. Izan ere, hark mundua alda zezakeen eta aldatu zuen, hain zuzen.

Ironikoa dirudi Hondaren arrakastak Britainia Handiko motozikleten industriaren porrota berekin ekarri izanak, geldoegi erreakzionatu baitzuen Japoniako produkzio, diseinu eta merkaturatze-eredu berrien aurrean. Tradizio sakratu hartan, motorik onenen artean Triumph Bonneville zegoen, Utahko lautada gazietatik datorkiolarik izena, abiadura-errekor asko ezarri eta hautsi baitziren bertan. Triumph-ek nahita aukeratu zuen izen hori, beren moto britainiar tipikoari kutsu amerikarra zuen izen bat eman nahi baitzioten, eta Bonneville oso izen aproposa zen. Motoak Amerikako motoristen belaunaldi oso baten pasioa izan ziren, eta Triumph izenak The Wild One eta The Great Escape bezalako pelikuletan ospea lortu zuen. Triumph-en maldizioa bibrazioa zen, bestela Edward Truner-en diseinua zoragarria, arina eta oso azkarra baitzen. Bi zilindroko bertikal guztiei gertatzen zaie, eta motorraren tamaina zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoak dira bibrazioak. Hain zuzen ere, hori guztia bere erakargarritasunaren zati gisa hartu zen, Honda iritsi zen arte, bere turbina-motor tetrazilindrikoarekin, hau da, CB750a. Hondaren arrakastak heriotza-ukaldia zion Triumph-i eta bere akabera berehala iritsi zen. Gaur egun, Triumph-en izena berreskuratu ahal izan da, baina lehenaldiaren mistika Bonneville-k hezurmamitzen du.

Espainia ordezkatzen duten hiru motozikletek moto-diseinatzaile espainolen bikaintasuna eta moldagarritasuna adierazten dute: Bultaco Sherpa T, Derbi 50 Grand Prix eta Gas Gas-a.

Derbi 50 Grand Prix motozikleta harrigarria da abiadurari eta doitasunari dagokienez. Baina gauzarik harrigarriena guztietatik arruntena zen ziklomotore batean oinarrituta egotea da, Antorcha-n alegia. Derbi 50 erlojugile baten gozamena izan liteke; txikia, arina, doitasun handikoa eta, garrantzizkoena, Ángel Nieto bezalako motoziklista bikain baten eskuetan, oso azkarra -azkarregia Kreidler eta Suzukiko bere lehiakideentzat, berea baino askoz ere ekipo ahalmentsuagoak izanik.

Gainerako beste bi moto espainolak diseinuaren bikaintasunak kirol bat goitik behera aldatzeko duen gaitasunaren erakusgarriak dira. 60ko hamarkadaren erdira arte, trialean, motoziklistek eremu latzetan proba berezi batzuk gainditu behar izaten dituzten kirola izanik, lau denborako makina britainiar handiak ziren nagusi: Ariels, Matchlesses eta Nortons. Garaiko motoziklista onena zen Sammy Miller-ek moto horiek pisuegiak zirela eta etorkizunik ez zutela erabaki zuen, eta Paco Bultó diseinatzaile espainolarekin batera ekin zion lehenengo Bultaco Sherpa sortzeari, 1965eko probetarako. Motozikleta honek Britainia Handiko txapelketetan iraultza sortzeaz gain, ordura arte ondoen egindako diseinua zen, kirol honi Europa guztiko eta Estatu Batuetako ateak zabalduz.

Espainian, Jordi Tarresek, Sammy Miller (eta Malcolm Rathmell beren Montesan) eredutzat hartuz, probetan parte hartu nahi zuen, baina gazteegia zen horretarako. Horren ordez, Trial Sin-en parte hartu zuen, kirol honen bertsio ziklistan hain zuzen, eta bertan bere akrobazia bereziak erakutsi zituen: koneju-saltoa oztopoen gainetik salto egiteko, eta puntu baten inguruan bizikleta mugitzeko artea erabateko kontrola mantenduz. Motoziklismoko probetan parte hartzea lortu zuenean, Tarresek motozikletaren gainean erakutsi zuen bere abilezia, baina astunegiak ziren bere iritziz. Gas Gas motoa motordun bizikleta perfektu bat besterik ez zen eta harekin irabazi zuen munduko txapelketa (harrigarria da, ehun urtetan, motozikletaren diseinua abiaburura iritsi den modua). Arin-arina da, ez du eserlekurik (proba hauetan motoziklistak zutik ibiltzen dira), eta eskumuturraren kolpe soil batez gorantz jar daiteke, ezinezkoak diruditen posizio bertikalak lortuz.

Britten V-1000 motoa misterioz inguratuta dago, neurri batean diseinatu zuen ingeniariaren zorigaiztoko heriotzaren eraginez. Zeelanda Berriko John Britten motoen diseinu modernoaren talentu inkonformista izan zen. Laurogeiko hamarkadaren bukaeratik minbiziak jota 1995ean hil zen arte, Brittenek lasterketako motoen diseinua gorenera eraman zuen lehiaketako bere moto bikain eta iraultzaileari esker.

Brittenen makina eskuz eraikita eta 1000 cc.ko bi zilindroko 60E V motorrean muntatu zegoen. Diseinu ederra du, motor arina eta oso sendoa, eta V formako potentzia handiko bi zilindrodun baterako oso isila da. Izan ere, 11.500 r.p.m.tan 160 C.V.ko potentzia efektiboa garatzea lor dezake. Motorra da Britten motoaren bihotza eta arima, eta bere kanpoko diseinuari buruzko erabaki guztiek bertan dute oinarria. Brittenen erabaki guztietatik erradikalena txasis konbentzionala ez erabiltzea izan zen. Horren ordez, Kevlar eta karbono-zuntza erabiliz, guztia, eserlekutik eta gurpiletatik hasi eta esekiduraraino motorrean torlojatuta zegoen, hala, esfortzuaren unitate nagusi bihurtuz. Eserlekua bera karbono-zuntzezko habe bat besterik ez da, atzealderantz zilindroaren kulatatik luzatzen dena. Izan ere, atzealdeko esekidura motorraren aurrean dago muntatuta, eta balantzin batekin elkartzen da atzean, hori ere konpositez egina, bieleta luze baten bidez. Bere asmoa ahalik eta pisu handiena motorraren inguruan kontzentratzea zen, moto trinkoa eta erabilterraza lortzeko.

Ingeniaritzaren magia hau guztia amets gaizto teknologiko bihur zitekeen. Bere malguki trinkoaren eta ia organikoaren bidez, Brittenek bere ametsa ederra den zerbait bihurtzea lortu zuen, txapelketak irabaztea lortzeaz gain. Beraz, bi gauzak erdietsi zituen, eta litekeena da laurogeita hamarreko hamarkadan eragin handiena izan duen motoa izatea.

Ultan Guilfoyle
Komisariogintzaren Aholkularia

,

BMW R32, Alemania, 1923

494 cc

×