Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Migel Anjel eta bere garaia

2004(e)ko azaroak 16 – 2005(e)ko otsailak 13

Migel Anjel eta bere garaia erakusketak Albertinan gordeta dauden marrazki italiar ederrenak eta garrantzitsuenak bildu zituen, Florentziako artista gailenak izan zuen bizitza luzean zehar (1475–1564) eginak.

Migel Anjelek erabateko eragina izan zuen Errenazimentu klasikoaren eboluzioan eta ezinbesteko inspirazio-iturria izan zen Manierismoko, Kontrarreformako eta Barrokoko artearentzat. Gorputzaren inguruan hizkuntza monumental berria garatu zuen, bere garaiko artista gehienentzat, aldi jakin batzuetan behintzat, garrantzizko eredu izan zena. Irudi berri hura, ideala, heroikoa eta indarrez beterikoa, Cascinako Guduaren fresko handian iritsi zen gorengo mailara, eta Albertinan dauden fresko horren bozetoetako batzuk erakusketa honetan izan ziren ikusgai.

Obra honen sorburuari buruz aipatu beharra dago Leonardoren Anghiariko Guduarekin lehian egon zela, Florentziako Jaurerriren Jauregiko Kontseiluaren areto handia dekoratu behar zuen beste freskoarekin, alegia. Bi freskoetatik bakar bat ere kontserbatu ez den arren, Artearen Historian izan diren batailen irudikapen famatuenak dira. Migel Anjelen estudio anatomikoek, muskuluen bidez gorputzari izugarrizko itxura emateaz gain, barruko bizitza asaldatua, indarra, grina eta borondatea aditzera ematen dute. Leonardorengan ere eragina izan zuen, eta eragin hori erakusteko Milango Santa Maria delle Grazie-ko Azken Afarian agertzen den San Pedrorentzako estudio ezaguna jarri zen ikusgai.

Aukeratutako marrazki sorta zabalak ondo islatu zituen zein desberdinak izan ziren Migel Anjelenganako erreakzioak eta beste artista batzuengan izan zuen eragina. Bestalde, artista batzuek gehienbat Rafaelen eta Leonardoren idealei jarraitu zieten, era berean, Migel Anjelek berak mirespen handia zuen ideal horiekiko. Ikusgai dauden marrazkiek, Leonardo, Fra Bartolomeo eta Rafaelen horiek, gorputzaren hizkuntza berria berehala bereganatu zutela erakustsi ziguten.

Ia hogei orriren bidez aditzera eman zitzaigun Rafaelek izan zuen eboluzio osoa, Unbrian bizi zeneko hasierako alditik, Florentzian izan zenean Migel Anjelen eragin nabarmena jaso zuen aldia tartean dela, Erromako obra handietaraino, horien artean aipatzekoak dira Vatikanoko Egontoki eta Logietako freskoak, Santa Maria della Pace-ko Chigi Kapera edo Antzaldatzea. Migel Anjeli dagokionez, Kapera Sixtinoaren sabaiko bere fresko ezagunetik erakusketan (gizonezkoen biluziak) baterako bozeto bat egon zenikusgai.

Florentziar handiaren irudiak ez bezala, Rafaelenak ez dira heroi ahalmentsuak eta bakartiak. Irudi horiek komunikatu egiten dira elkarren artean, beren mugimenduak malguagoak eta arinagoak dira, eta beren ekintzak elkarri lotuta daude armoniaz eta beti agertzen dira testuinguru espazial jakin batean. Rafael Erromako artearen mundua menderatzen hasia zenean, Migel Anjel hiritik joan zen, baina bere interesek bertan islatuta jarraitu zuten, Baccio Bandinelli, Rosso Fiorentino edo Perino del Vaga artisten eskutik.

1520an Rafael gazte hil ondoren, haren dizipuluek eta tailerreko kolaboratzaileek ordezkatu zuten hark utzitako ondarea. Haietatik gailenena Giulio Romano zen, mutil koskorra zenean Rafaelek tailerrean onartu zuena, eta hark bukatu zituen maisuak burutu gabe utzitako proiektuak, all’Ignudiantica estilo erromatarra garatzen jarraitzeaz gain. Federico II Gonzaga dukeak gonbidatuta Mantuara joan zen eta bertan gorteko pintore nabarmena eta duke-etxearen arkitekto nagusia izatera iritsi zen. Lehen Rafaelek bezala, Giuliok kolaboratzaile ugari izan zituen, nahiz eta berak egiten zituen xehetasun bakoitzerako bozetoak, Palazzo Te jauregiaren dekoraziorako bozeto sortan antzeman daitekeenez.

Zenbait artistak, esate baterako, Perino del Vagak, gaztetan Cascinako Batailatik ikasi zutenek, baina Rafaelen tailerrean ere lan egindakoek, bi maisuen estiloei zegozkien elementuak elkartu zituzten 1520ko hamarkadan. Gauza bera esan daiteke Correggio eta Parmigianino Italiako iparraldeko artistei buruz, Migel Anjelen monumentaltasuna eta Rafaelen grazia berenganatu baitzituzten, baina bi elementu horiek beren artearen ezaugarri den emozionaltasun osagai nabarmenarekin konbinatu zituzten.

Erroman, Parmigianino Rafaelen estudioan hainbeste kontzentratu zenez haren garaikideek Urbinoko maisu handiaren haragitze gisa hartu zuten. 1530eko hamarkadako garapen estilistikoaren ezaugarriak izan ziren Migel Anjelen eta Rafaelen muturrera eramandako mugimenduzko motiboak hartzea, graziaz eta asmamenez betetako elementu artistikoak indartzea eta gero eta ukitu dotoreagoa eta apaingarria ematea. Errenazimentu klasikotik Manierismora izandako igarobide hori Rosso Fiorentino, Perino del Vaga eta Domenico Beccafumitik hasi eta Francesco Salviati eta Giorgio Vasarira arte biltzen dituzten obretan islatu zen.

Erretratuan izandako aurrerapen berriak, batetik, naturaleko modelora izandako hurbilketa zoragarriaren eraginez sortu ziren eta, bestetik, funtsezko ezaugarri batzuk idealizatu eta nabarmentzeko joeraren ondorioz. Gazte eta hotz agertzen den Gonzagaren erretratua, Francesco Bonsignorik egina, Andrea Mantegnaren estilo plastikoari lotuta agertzen da oraindik, Bartolomeo Venetok, noble ezezagun bati egindako erretratuan, balio optikoak nabarmentzen dituen bitartean, alkandora brodatuaren, beroki marrazkidunaren eta eguzki argiaren pean distira egiten duen ilearen efektu piktorikoak, hain zuzen ere. Leonardoren tradizioari jarraituz, Benardino Luinik haren estiloaren bereizgarri den sfumato batez estali du emakumezko erretratuaren aurpegia, larruazala lainoa balitz bezala inguratuz eta aire baporetsua emanez. Aurpegiaren gorritasun finak bizitasuna eta freskura ematen dio izaki leun horri. Efektu hori lortzeko kolore desberdinetako klarionak erabili zituen, Andrea del Sarto florentziarrak bezala, nahiz eta azkenak formen geometrizazioa eta gogortasun eskulturala lortu nahi zituen, berea dela uste den dama noble baten erretratua izanik horren erakusgarri.

Migel Anjelek 1530eko hamarkadan zuen estiloa, besteren artean, Kristoren heriotza irudikatzen duten marrazkietan antzeman daiteke, San Pedroko La Pietà egin zuenetik bere bizitza osoan behin eta berriro landutako gaia izanik. Kristo hilaren aurrean aihenka irudi ugariz osatuta dago eta bertan Kristoren gorputza aditzera ematen zaigu Gurutzetik jaisten ari direla, zutik edo belauniko dauden laguntzazko irudien eta gorpuaren makurduraren bitartez. Sanginaz egindako beste marrazkian kontraste zoragarria sortzen da atzealdeko irudien formen, mardul eta lerro zakarrez eginda agertzen direlarik, eta Salbatzailearen gorputzaren artean, zauri bakar batek ere itxuragabetu gabe eta lotan dagoela ematen duen jarreran, ia naturaz gaindikoa den edertasuna dariola. Artistari Kristoren heriotzak bakarrik eman zion aukera barruko tentsiorik, atsekaberik eta oinazerik gabeko gizakiak irudikatzeko.

Bere garaiko beste artista batzuk egiten zuten bezala Migel Anjel Frantziara joateko ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren. Herrialde horretan eskultore gisa zuen ospea zabaldu zen, eta Francisco I.a erregeak jaso zuen marmolezko Herkules kolosalari (ez da gorde) eta Roberto Strozzik Frantziara eramateko agindu zuen Julio II.aren hilobiko bi esklaboei zor zaie ospe hori. Gainerakoan, 1531n bertara joan zen Antonio Mini, Migel Anjelek oparitako marrazkiez betetako bi kutxekin. Marrazki haiek balio handiko ikerlan-materiala izan ziren Primaticcio artistarentzat, besteren artean. Eta litekeena da Rosso Fiorentino, lagun zuen Migel Anjelen bitartez 1530ean Frantziara joan izana. Gorteko errege-pintore gisa lan egin zuen Parisen eta Fontainebleaun batik bat, eta bertan jauregiaren dekorazioan parte hartu zuen bere kargura zeuden artista ugarirekin batera. Primaticciorekin batera, ondoren Niccolò dell’Abate-ren laguntzarekin, Fontainebleauko eskolaren sortzailetzat hartu dute. Izan ere, artista haiek izan ziren Migel Anjelen estiloari dagozkion elementuak Frantzian hedarazi zituztenak.

Paolina Kaperako (1550) freskoak amaitzean, Migel Anjelek pintatzeari utzi zion arkitekturan eta eskulturan bete-betean jarduteko. Dena den, bozetoak egin zituen bere lagun Daniele da Volterra, Ascanio Condivi eta Marcello Venustirentzat, eta horrela Migel Anjelen ideiak betikotu zituzten beren pinturetan. Olio-pintura baterako Volterrak egindako marrazki bat, Eneas mutiko batekin, orain galdua, 1550eko hamarkadaren erdialdera Migel Anjelek egin zuen zirriborro baten garapen-lana da. Bikainki dokumentatzen du maisu florentziarraren estilo beranta, non irudiak forma trinko eta masiboetan oinarrituta garatzen diren eta beren mugimenduak zakartuta eta sinplifikatuta agertzen diren.

Albertinako maisulan-sorta horren bidez, erakusketak marrazkiaren teknika eta funtzio desberdinak aditzera ematen zizkigun eta materialen aniztasuna dokumentatu zuen; material horien erabilerak, doitasunari eta aniztasunari dagokienez, garai hartan gorengo maila lortu zuen. Grabatuari dagokionez ere gero eta aukera zabalagoa antzeman zitekeen, batik bat Italian barneratu berri ziren akuaforte eta argi-ilunezko xilografia teknikei esker; horren erakusgarri dira Marcantonio Raimondi, Parmigianino eta Ugo da Carpiren estanpa famatuak.

Rosso Fiorentino

Deikundea, ca. 1531–32

Luma eta tinta arrea klariona beltzez egindako prestakuntzazko marrazki trazuen gainean, arre koloreko akuarela pintzelkadak, zuriz azpimarratutako guneak, klariona beltzez egindako koadrikulatua, paper marroia

247 x 441 mm

Graphische Sammlung Albertina, Viena

×