Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Max Beckmann: urmargoak eta pastelak

2006(e)ko ekainak 27 – 2006(e)ko irailak 17

Max Beckmann (Leipzig, 1884 – New York, 1950) XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetako bat izan zen, baina bere lan bikaina ez zen 1980ra arte nabarmendu. Hala ere, azkenaldian New Yorken, Zurichen eta Parisen egindako atzera begirako erakusketei esker piztu egin da bere sortzelanekiko interesa.

Beckmann pintura lan anitzagatik ez ezik (orain hain ezagunak diren bederatzi triptikoak daude horien artean), artista grafiko gisa ere egin zen ospetsu. Bidaia Berlinen barrena (Berliner Reise, 1922) eta Infernua (Die Hölle, 1919) zikloak bereziki, funtsezko ekarpen artistikotzat hartu ohi dira orain Weimarreko Errepublika aztertzeko; ondoren, 1946an AEBn egindako Eguna eta ametsa (Day and Dream) sailan, ia bost hamarkadetan sortutako motiboen unibertsoa agertzen da bilduta kaleidoskopio baten antzera.

Urmargo eta pastel zoragarrien adibide bakan batzuk ikusgai jarri izan dira Beckmannen lanaren analisi desberdinetan. Hortaz, zenbait obra, besteak beste Ulises (Odysseus, 1933) eta Europaren bahiketa (Der Raub der Europa, 1933) bere pintura batzuk bezain ezagunak dira. Hala ere, sakon aztertzeko dago oraindik Beckmann "paper gaineko" pintore gisa. Pastelak eta urmargoak sakabanatuta egon dira, bildumetan ezkutatuta sarritan, edo behintzat ez dira elkarren ondoan ikusgai egon bere pinturak bezala, Missouriko Saint Louis Art Museum-en edo Municheko Neue Pinakothek-en esate baterako. Lan handiaren ondoren osatutako katalogo arrazoituak agerian utzi du teknika horiek, arin edo iheskor gisa hartu ohi direnek, bere ibilbide artistikoan duten garrantzia.

1920ko hamarkadako pasteletan lerroa eta kolorea beste modu batez lantzen hasi zen; 1933ko lamina handiek ere Agurra (Abfahrt, 1932–33) triptikoan lortutako tonu distiratsuak erakusten dituzte. 1930eko eta 1940ko hamarkadetan, urmargoek ideiez betetako bere triptiko konplexuetatik pixka bat aldendu eta lasaitzeko balio izan zioten zenbaitetan —esaterako, Bavierako edo Baltiko itsasoko paisaiak—; beste zenbaitetan, urmargoaren teknikak, esperimentazio ikonografikoa egiteko aukera eskaini zion, Beckmannengan ere ezohiko asmamena sorraraziko zuena pinturan, besteak beste, Betikotasuna (Ewichkeit, 1936) artelanean. Gerra garaian Goetheren Fausto II antzezlanerako lumaz egin zituen zenbait marrazki, eta harrezkero, 1945az gerozti, hainbat orri agertu dira luma, urmargo, gouache, ikatz-ziri eta abarren konbinazio konplexuekin. Aldi berean, hala ere, Beckmannek lan espontaneoak egiten zituen ikusmenaren bat-bateko inpresioetan oinarrituta, kafetegien eszenak adibidez.

Pinturaren eta lan grafikoaren eta konposizioetarako estudioen arteko lotura iradokitzailean, paper gaineko koloretako obrek Beckmannen esperientzia handia erakusten dute; erlaxatuta nahiz arretaz behatuz egindako lanak dira. Bere pintura lanekin kontrastean, lana arin hartzen duen sortzailea sumatzen da beste horietan, eta umorea eta berezkotasuna darie. Artista serio irudia, historiaren eta giza existentziaren arazoak sufritzen dituenarena, zabaldu egiten da fazeta berriak bezain harrigarriak erakutsiz; gainera, teknikari dagokionez, maisutasuna agerikoa da paper gaineko lanetan. Lan erakargarriak dira, artistak bere buruarekin duen elkarrizketa zoragarriaren lekuko baitdira, enigmatiko agertzen denean ere bai, edo bereziki orduantxe. Mayen Beckmann eta Siegfried Gohr izan ziren erakusketaren komisarioak, eta bilduma pribatu eta publikoetako ehun bat urmargo eta pastel egon ziren ikusgai.

Erakusketa hau Frankfurteko Schirn Kunsthalle-k antolatu zuen, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan.

Max Beckmann

Hondartzako eszena eguzkitakoarekin (Strandszene mit Sonnenschrim), 1936

Akuarela

65 x 50 cm

Lackner Bilduma, AEB

×