Zirkua | Antonio Donghi | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936

2011.02.22 - 2011.05.15

Lehen Mundu Gerrak eragindako kaosaren ondoren, figuraziorako, diseinu soilerako eta modelatutako formetarako joera azaldu zen, hau da, artistak bi dimentsioko espazio abstraktuetatik, zatikatutako konposiziotik eta urratutako gorputzetatik aldendu ziren, hain zuzen, Kubismoaren, Futurismoaren, espresionismoaren eta XX. mende hasierako abangoardiako beste mugimenduen ezaugarrietatik. Makinaren aroko gerrak ekarritako izugarrikeriei aurre egiteko, artistek gorputza osorik eta zauririk gabe irudikatu nahi izan zuten berriro. Hala, hurrengo hamarkada eta erdian klasizismoa gailendu zen artearen diskurtsoan: gerra aurreko nolanahiko berriztapena baztertu eta ordena, sintesia, arauak eta balore irmoak berreskuratu ziren.


Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936 erakusketak gerra arteko garaiko joera horixe ikertu zuen eta zer ezaugarri dituen azaldu: Parisko abangoardiak mitoen nozio poetikoa landu zuen; Benito Mussoliniren gobernu pean Erromatar Inperioa berpiztu zen kontzeptu politiko eta historiko gisa, eta horren estetika garatu zuten; Alemanian Bauhaus eskolak modernitate neoplatondarra jorratu zuen, eta indartzen ari ziren nazien kulturak estetika beldugarria agertu zuten. Hurbileko hainbat gairen bidez lotu zituen erakusketak eduki eta itxura garbiak aldarrikatzen zituzten mugimenduok: Purismoa, Italiako Novecento-a eta Neue Sachlichkeit-a (Objektibotasun Berria). Guggenheim Bilbao Museoko erakusketan klasizismo horretara atxiki ziren Espainiako artisten lanak egon ziren, gainera. Lehen Mundu Gerran zehar Espainiak jarrera neutroa izan bazuen ere, eragin egin zion gerraren ondoriozko aldaketa politikoak; izan ere, 1931n monarkia erori zen eta bost urteren buruan Gerra Zibila piztu zen.

Gerra arteko garaian mendebaldeko Europan gertatu zen estetikaren eraldaketa horrek diziplina asko barne hartu zituen, hala nola, eskultura, argazkigintza, arkitektura, zinema, moda eta dekorazio-arteak, eta
erakusketan honakoen lanak ikusgai jarri genituen: Balthus, Giorgio de Chirico, Jean Cocteau, Otto Dix, Pablo Gargallo, Hannah Höch, Fernand Léger, Henri Matisse, Ludwig Mies van der Rohe, Pablo Picasso eta August
Sander, besteak beste.

Kaosa eta klasizismoaren komisarioa Kenneth E. Silver izan zen, komisario gonbidatua eta Arte Moderno irakaslea New Yorkeko Unibertsitatean; laguntza eman zioten Helen Hsu-k, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en Arte Arduradun Laguntzaileak, eta, arte aholkulari gisa, Vivien Greene-k, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Arte Arduradunak.

 

Antonio Donghi
Zirkua (Circo equestre), 1927
Olio-pintura mihise gainean
150 x 100 cm
Gerolamo eta Roberta Etro, Milan

Partekatu