Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Jean Dubuffet. Abentura baten aztarna

2003(e)ko azaroak 8 – 2004(e)ko apirilak 18

Ibilbide historiko horri 2001ean ekin zion Thannhauser Bildumaren aukerak erakusketarekin, inpresionismo, postinpresionismo eta lehenengo abangoardietako maisulanak erakustearren. 2002an, ibilbideak abstrakzioaren aitzindarietako baten lanak aurkeztuz jarraitu zuen, Kandinsky bere testuinguruan erakusketaren bidez. Jean Dubuffet erakusketak errepaso historiko honi jarraitu zion 2003an, artista frantses horren lan-sorta handi bat aurkeztuz, kontuan hartuz informalismoaren ordezkari gailenetako bat dela, II. Mundu Gerraren ondoren Europan sortu zen mugimenduetako batena, alegia.

1901ean Le Havren, Frantzian jaioa, Dubuffetek Parisen ikasi zuen artea nerabe zela. Bertan Raoul Dufy, Max Jacob, Fernand Léger eta Suzanne Valadon ezagutu zituen eta liluratuta geratu zen adimen-gaixotasunak zituzten pertsonen arteari buruz Hans Prinzhornek idatzitako liburuarekin. Italian eta Hegoamerikan zehar ibili ondoren, hasiera batean industri delineatzaile gisa aritu zen lanean eta ondoren familiak zuen negozioan, artearen mundua aldi baterako utziz.

1942an erabaki zuen Dubuffetek artearen sorkuntzan behin betiko jardutea. Hamarkada horren hasieran André Breton, Georges Limbour, Jean Paulhan eta Charles Rattonekin elkartu zen, eta aldi hartako bere estiloan eta gaietan Paul Kleeren obraren erabateko eragina jaso zuela antzematen da. 1945az geroztik Art Brut biltzeari ekin zion, autodidaktak ziren egileek, zenbait kasutan adimen?gaixotasunen bat zutenek bat-batean sortutako obrak.

Dubuffeten pinturaren estiloa, artistak berak Art Brut mugimenduaren barruan sailkatu zuena, Frantziako artearen tradizioan pintore batengan espero zen guztiaren kontrakoa zen eta erabateko desafioa planteatu zien ezarritako balio artistikoei. Graffitian eta adimen-gaixotasunak zituzten pertsonek sortutako artean inspiratuta, Dubuffetek behin eta berriro adierazi zuen bere lanak zalantzan jartzen zuela "grekoek ondare gisa utzitako eta aldizkarietako azalek sustatutako" edertasunaren ideia engainagarria. "Antzinako" kulturetako artea miresten zuen, baita prestakuntzarik ez zuten artistena ere. Horrez gain, Dubuffetek izugarrizko interesa erakutsi ohi zuen aurkitutako objektu eta material ugari eta anitzen aurrean. Garai hartako mendebaldeko ikusmolde artistikoak gutxietsitako baloreak eta materialak birgaitzeko asmotan, Dubuffeti gehien interesatzen zitzaiona hauxe zen, aske utzitako energia espontaneoa eta benetakoa, eta horrekin batera mendekotasuna ukatzea eta desafioa aldarrikatzea.

Gutxi gorabehera 160 pintura, eskultura, paper gaineko obra, ebakigarri, praticable deritzen pieza mugikor, antzerkiko jantzi eta litografien bidez, Jean Dubuffet. Abentura baten aztarna erakusketak artista horren produkzio anitza aurkeztu eta arteari buruz egin zituen ikerlan konplexuak aztertzen ditu, artearen munduari dagozkion arau konbentzionaletatik harantz. Erakusketak Dubuffetek teknika desberdinekin egindako saiakuntzen ikuspegi orokorra eskaintzen du eta haren sormen miragarria aditzera ematen du.

Jean Dubuffet 1901eko uztailaren 31n jaio zen Le Havren, Frantzian, eta ardo merkatari aberats baten semea zen. Gaztetan marrazki eskolak jaso zituen eta 1918an Parisera joan zen haren lagun Georges Limbourrekin, Académie Julian-en ikastera. Akademian sei hilabete bakarrik egon ondoren utzi egin zuen bere kasa aritzeko. Garai hartan Raoul Dufy, Max Jacob eta Suzanne Valadon ezagutu zituen. 1920 eta 1922 urte bitartean bakartuta bizi izan zen batik bat filosofia eta musika ikasketak sakontzeko. Bere bizitzaren etapa horri buruz hauxe adierazi zuen artistak: "Eskola utzi ondoren sei edo zazpi urtez aritu nintzen pintura ikasten beste diziplina batzuekin batera: poesia, literatura, abangoardia eta erretagoardia, metafisika, paleografia, etnografia, hizkuntza modernoak, klasikoak; ziurrenez antzemango duzunez, sartzeko modu baten bila ibili nintzen".

Soldadutza egin ondoren —bertan ezagutu zituen Fernand Léger eta André Masson— eta Suitzan zehar ibili eta gero, Dubuffet gero eta eszeptikoagoa agertu zen "arte ederren" aurrean eta pintatzeari uztea erabaki zuen. Argentinan sei hilabete eman ondoren Le Havrera itzuli zen 1925ean aitaren negozioaz arduratzeko. Ezkondu eta Parisa joan zen bizitzera, eta bertan ardo negozioa ireki zuen bere kasa, Bercyn. 1933an artean soilik jardutea erabaki zuen berriro, baina 1937an jarduera hori bertan behera utzi behar izan zuen negozioa porrot egiten hasi zenean.

1942ko udazkena aldi erabakigarria izan zen Dubuffeten ibilbidean, pinturan soilik jardutea erabaki baitzuen. Pintore gisa berandu hasi arren ia berehala lortu zituen arrakasta eta ospea nazioartean, eta 1944an Parisko René Drouin galerian bere lehenengo erakusketa egin zuen bakarka. 1945az geroztik Art Bruteko adibideen bilduma egiten hasi zen, berak zabaldu zuen terminoa izanik artearen kulturaren mekanismoetatik kanpo geratzen ziren arte forma zehatz batzuk adierazteko. Dubuffet Art Brut delakoaren asmatzailea, aztertzailea eta biltzailea izan zen eta horren inguruan teorizatu zuen. Gaiari buruz luze idatzi zuen, 1948an Compagnie de l’Art Brut eratu zuen eta adimen gaixotasunak zituzten pertsonek eta gizartetik aldenduta zeuden beste pertsona batzuek egindako obren bilduma zabala egitea lortu zuen, asko miresten baitzituen haien ikuspegi lainogabea edo krudela eta erabiltzen zuten teknika zuzena.

Artistaren adierazpen hau "Arteak adimenari hitz egiten dio, ez ordea begiei" erakusketa honen lema izan liteke. Izan ere, erakusketak Dubuffeten lanak izandako progresioari jarraitzen dio, hiru fase bereizietan zehar eboluzionatu zuen bitartean: berrogeiko hamarkadan ukimenaren inguruan egin zituen ikerlanak, garai hartako artearekin zerikusirik ez zuten materialak barne hartzen dituztenak; L’Hourloupe, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako obra sistematizatuen zikloa; eta laurogeiko hamarkadan sortu zituen azkenetako lanak, keinuzkoagoak.

Lehenengo atala berrogeiko hamarkadako bigarren erdian sortu zituen obrekin hasten da, alegia Hiriko eta landako txotxongiloak (Marionnettes de la ville et de la campagne), eta berrogeita hamarreko hamarkadaren bukaeraraino zabaltzen da Materiologiak (Matériologies) seriearen bidez. Aldi hartan, Dubuffeten estiloa tradizio frantseseko pintore batengandik espero izan zitekeenaren kontrakoa zen eta kolpe handia izan zen orduan nagusi ziren premisa estetikoentzat. Urte horietan, bere serie ugarien gai nagusiak zalantza egiten zuten gizon arruntaren bizitza ospatzearen eta materialak sakonetik aztertzearen artean, lehenengo kasuan Hiriko eta landako txotxongiloak serieko metroko bidaiarien irudikapen desberdinetan, eta bigarrenean Materiologiak serieko gizakirik gabeko paisaietan antzeman daitekeenez.

Bigarren atala Paris Circus zikloarekin hasten da, hirurogeiko hamarkadaren hasierakoa izanik. Bizitasun handiko metropoliaren deskribapen sinpleek Dubuffeten ikuspegia sendotzen dute, hain zuzen ere mundu guztiak artea egin dezakeela defendatzen duen ikuspegia. Pintura horiek bere ondorengo L’Hourloupe (1962-74) serieari bidea egiten diote. Lerro nabarmenen eta paleta mugatu baten bidez, L’Hourloupe serieak gelaxka modularretatik abiatuta eraikitako mundu paralelo bat erakusten digute. Dubuffetek partzela homogeneoen bidez lantzen du gaia, eta egitura zelularrak gogorarazten dizkigute, marren bidez intentsitate aldakorraz ilunduta. Lan horiek eboluzionatzen joan ziren eszenatokietarako dekorazio, antzerkiko jantzi, aire zabalerako eskultura baita eraikuntza arkitektoniko ere bihurtu arte.

Dubuffeten ibilbide oparoaren azken hamar urteei eskainitako erakusketaren hirugarren atala bere serieetako bost hauetan oinarritzen da: Oroimenaren antzerkiak (Théâtres de mémoire, 1975eko urria-1978ko abuztua), Ariketa laburrak (Brefs exercices, 1979ko martxoa-abendua), Psiko-lekuak (Psycho-sites, 1981), Mirak (Mires, 1983ko otsaila-1984ko martxoa) eta Ez-lekuak (Non-lieux, 1984ko martxoa-abendua). Serie horiek egin ahala, Dubuffet gero eta gutxiago oinarritu zen irudikapenean eta materialetan, biak aurretik egindako lanaren garrantzizko osagaiak, alegia. Pintzelkadari gero eta gutxiago sumatzen zaio nahita eginda dagoela; izan ere, bere azken serieak, Ez-lekuak izenburua duenak, ez du batere loturarik mundu materialarekin eta pintatzeko oinarrizko ekintzara mugatuta dago.

Erakusketak enfasi berezia jarri du Coucou Bazar obra konplexuan. Obra hori tableau animé (koadro animatua) gisa deskribatu daiteke eta, zalantzarik gabe, L’Hourloupe-ren goreneko sormen unea adierazten du. Dubuffetek ehunka praticable (ebakitako figura mugigaiak) (1972-73) sortu zituen. L’Hourloupe-tik ateratako marrazkien proiekzio handituak paneletan pintatu eta ondoren forma haiek ebaki egiten zituen, eszenatoki baten gainean mozorrotutako (mozorro, txapel, kapa, eskularru eta oinetakoekin) antzezleek mugitu edo "animatzen" zituztenak. Coucou Bazar hiru aldiz bakarrik antzeztu dute: 1973an New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en; hilabete gutxi batzuk beranduago Parisko Grand Palais-en; eta azkenik 1978an Turinen. Abiapuntu izandako marrazkiekin osatua, Coucou Bazar eszenan ikusiko liratekeen bezala kokatuta dauden praticable ugariren bidez agertzen da erakusketan irudikatuta.

Baliabide eta teknika desberdinez egindako lan esperimentalak eta lan amaituak elkarren ondoan jartzean, Jean Dubuffet. Abentura baten aztarna erakusketak agerian uzten ditu artistaren kezka nagusiak: gizaki arruntaren gorespena eta materialek sorrarazten zioten jakinmina, alegia. Erakusketak artistaren nahia betetzen du, hain zuzen ere ikuspegi teoriko eta konplikatu batek "argitasunaren kontzeptuari" bidea egitekoa. Dubuffeten etengabeko berrikuntza lanaren eta garapenaren azterketa honek abentura baten aztarna hori erakusten du, pintatzeko abenturarena. Artistaren hitzetan, "artearen egiteko nagusia adimenaren ohitura etetea da, pentsamenduaren joko librea uzkurtu eta iraungitzen duten bi erregistroren artean bereizteko ohitura hori. Hesi hori suntsitu ondoren, adimena eta sortzeko duen bulkada hori indarberritu egiten dira. Horixe da artelanaren funtzioa, bere izateko arrazoia".

Komisarioak: Agnes Husslein-Arco eta Caroline Messensee

Erakusketa Museum der Moderne Salzburg-ek antolatu du eta Guggenheim Bilbao Museoarekin batera ekoiztu du, Parisko Fondation Dubuffet-ekin lankidetzan

 

 

Jean Dubuffet

Autoerretratua II (Autoportrait II), 1966

Errotuladorea paper gainean

25 x 16,5 cm

Collection Fondation Dubuffet, Paris

×