Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Jasper Johnsetik Jeff Koonsera: Broad bildumen artearen lau hamarkada

2003(e)ko otsailak 15 – 2003(e)ko irailak 7

Artelanak eskuratzen nola hasi zen hizpide hartuz honakoa dio Eli Broad-ek: "bilduma handiak, artea garaikidea denean egiten diren teorian sinesten dut nik: ezinezkoa da atzera jo eta inpresionismo edo posinpresionismo bilduma handi bat sortzea gaur egun". Los Angelesen bizi diren Eli eta Edythe Broad-ek hirurogeita hamarreko hamarkadan premisa hau onartu zutenetik, Estatu Batuetako artista sonatuen eta hasiberrien artelanak batzen dituen bildumarik onenetarikoa bildu dute. 1984. urtean The Broad Art Foundation erakundea sortu zuten eurak bildutako artelanak museo eta unibertsitateei mailegatu ahal izateko, honela beren arte garaikideko bildumak publiko zabalagoa izatea xedetzat hartuz.

Gaur egun, erakunde honetako eta Broad-tarren fondoak, 150 artista baino gehiagoren mila artelan baino gehiago biltzen ditu. II. Mundu Gerraz geroztik sorturiko arte-estilo ezberdinen adibideak jasotzen dituzten bilduma hauek, adierazgarriak diren eta gizarte-gaiak nabarmentzen dituzten artelanak dituzte oinarri. Broad-tarrak erakunde filantropikoekin oso konprometiturik daude eta 1999. urtean, The Broad Foundation sortu zuten: AEBtako hiri-inguruneetan hezkuntza publikoa hobetzera bideraturiko erakundea.

Los Angeles County Museum of Art-ek antolaturiko Jasper Johnsetik Jeff Koonsera: Broad bildumen artearen lau hamarkada erakusketak, hogei artista nagusiren ehun eta hogei bat artelan biltzen dituen aukeraketa eskaintzen du. Ondorengo artisten lanak aurki daitezke: John Baldessari, Anselm Kiefer, Roy Lichtenstein, Ed Ruscha, Cindy Sherman eta Andy Warhol. Oro har, XX. mendearen bigarren erdialdeko arte-joera garrantzitsuak ematen ditu aditzera erakusketak. 1980ko hamarkadan eginiko Ipar Amerikako artearen fondoek Broad bildumetako harrobietariko bat osatzen dute. Erakusketa honek aurretikako arte-gertakarien testuinguruan aztertzen ditu aipaturikoak eta gaur egun duten garrantzia azpimarratzen du.

Erakusketa 305 aretoan hasten da, 1950eko hamarkadan New Yorkeko esparru artistikoan nagusi zen espresionismo abstraktu hunkigarriaren garaikoa den arte-elkarrizketa batekin. Lagun minak ziren Jasper Johns eta Cy Twombly artistek, pintura adierazgarriaren estiloa erabili zuten, baina gertuko mundu fisikotik ateratako gaiak hartu zituzten oinarri; ez ordea, pinturaren ezaugarrietatik ateratakoak. Johns artistaren Bandera (Flag) koadroak Amerikako banderaren irudia birsortzen du, material ezberdinen collage baten bidez; modu honetan, artistak artearen eta bizitzaren arteko mugak ikusgaitz bihurtzeko duen interesa uzten du agerian. Twombly-k, berriz, sinplifikaturiko elementu figuratiboak eta graffiti gisako markak erabiltzen ditu; Antzinako Historiari buruz ari diren itxura ematen dutenak. Bilaturiko objektuak eta eguneroko formak uztartuz, bi artista hauek Pop-art delakoaren oinarriak ezartzen dituzte; Lichtenstein, Ruscha eta Warhol artisten artelanen bidez aditzera ematen den Broad bildumen beste puntu nagusia dena.

Herri kulturaren nonahiko ikonografian oinarrituriko Pop-art delakoa berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran sorturikoa da eta merkataritza-inpresioko teknikak erabiltzeak bereizten du. Broad-tarrek Lichtenstein-en hogeita bost pieza baino gehiago dituzte eta erakusketa honek bere karrerako garai guztiak hartzen ditu. Bere pinturarik goiztiarrenek, Ba... barkatu (I . . . I'm Sorry) artelanak, esaterako, inprimatze merkea erabiltzen zuten komikien traza dute; itzalak eta koloreak sortzeko erabilitako puntuen bilbea imitatzen baitute eskala handian. Beranduagoko artelanetan, Lichtenstein-ek Artearen Historiatik ateratako pintura-estiloak iradokitzen ditu-Piet Mondrian edo Pablo Picasso gogoraraziz, esaterako-baina komikietan agertu ohi diren marrazki lauen bidez adierazten ditu. Gisa honetan, kultura handia eta xumea konbinatu egiten ditu. Warhol-ek Ipar Amerikako gizartea kritikatzeko erabiltzen zuen Pop-art-a eta masen kulturakoak ziren gertakariak eta ikonoak testuinguru berrian jartzen zituen, hala nola Elvis, Jackie Kennedy edota Marilyn Monroe. Diseinatzaile grafikoko heziketa izateak, egunkari eta aldizkarietatik ateratako argazkien gain aldaketak egiteko industria-serigrafiaren prozesua erabiltzeko aukera eman zion. Kalifornian kokaturiko Ruschak, Ipar Amerikako kulturaren eta mendebaldeko kostaldeko kitsch-aren nostalgia berezia irudikatzen du. Figuraziorik gabekoak diren eta Industria astuna (Heavy Industry) gisako hitzak erabiltzen dituzten bere lehen pinturetan, publizitatearen ikusmen bidezko mintzaira gogora ekartzen duen hizkuntza adierazpenei buruzko gogoeta egin dezan eskatzen dio ikusleari. Erakusgai dira, halaber, orain berri egin dituen Los Angeleseko mapak. Hauetan, gure ingurua ulertzeko nahiz bertan mugitzeko erabiltzen ditugun bitartekoak jartzen ditu zalantzan.

301, 304 eta 302 aretoek garaikideak diren artista mordoa aurkezten dute; Pop-art-arekin harremanean aztertu daitezkeenak eta Broad-tarrek sakonkiago bildu dituztenak. Bere lehen argazkietan eta beranduagoko eskulturetan (301 aretoan) Charles Ray-k munduko formen dimentsioak aldatu eta ezezagun balira bezala aurkezten ditu; deseroso samarra eta asmotsua da hau, era berean. Sherman-en 108 argazki baino gehiago dago Broad bildumetan eta 304 aretoak aurkezten duen 23 argazkiko aukeraketak, artista honek izan duen eragin handiko ibilbidearen ikuspegi zabala ematen du. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, Sherman-ek bere buruari argazkiak ateratzeari ekin zion zuri-beltzean, era ezberdinetan jantzirik eta antzezturiko erretratuak ziruditen jarrera apainetan, hots, berrogeita hamar edo hirurogeiko hamarkadetako B serieko pelikuletako fotogramen gisakoak zirenak. Berriki eginiko bere irudiek, emakumeek pornografian, Artearen Historian edota komunikabideetan duten ohizko eginkizuna irudikatzen dute. Irudikatze hauek emakumearen nortasuna egituratzeko duten era aztertzen dute. 302 aretoan aurkezturiko pinturek eta eskulturek, Jeff Koons-ek gai hutsal bat objektu erakargarri bilakatuz, kontsumoaren kulturaren barruan arteak duen egitekoa zalantzan jartzeko duen gaitasuna ematen dute argitara. Puxika-txakurra (Balloon Dog) ikaragarria, guztiz ohikoa den haurrentzako jostailu baten neurrien handitze izugarria da, jatorrizko hauskorra altzairu herdoilgaitzean modu egonkorrean harrapatzea lortzen duena. Artelana, Guggenheim Bilbao Museoaren bildumaren zati den eta Museoaren atarian kokaturiko Puppy (1992) ikusgarriaren lagun bikaina da.

Arte garaikidea nazioarteko ikuspuntutik balioztatzea garrantzitsua da eta azken hogeita hamar urteetako Alemaniako artea ere intereseko beste gunea da Broad bildumetan. 303 aretoak, beren alorrean eragin handikoak izan ziren zenbait argazkilariren obra aztertzen du. Bern eta Hilla Becher argazkilarien industria-arkitektura mota ezberdinei buruzko azterketa sistematikoek, digitalki manipulaturiko Andreas Gursky-ren argazkien izaera zehatzaren oinarria finkatzen dute. Gurskyren argazkiek kapitalismoaren egiturak zehaztasun handiz atzematen dituzte, hala nola Burtsa edota zentro komertzialak. Kiefer-en arte-ikuspegia guztiz bestelakoa da; horren adierazgarri dira historiari, kulturari eta Alemaniako nazionalismoari buruzko bere pintura izugarriak. Zirraragarria eta asaldatzailea den Kieferren pintzelkada, neo-espresionimoarekin lotu izan da, termino hau, laurogeiko hamarkadan Ipar Amerikan sorturiko artista-talde baten artelanak identifikatzeko ere erabiltzen delarik.

Erakusketa 105 aretoan amaitzen da eta bertan ematen dira argitara Ipar Amerikako pinturaren aurrerapenik esanguratsuenak. Aretoan ikusgai da, halaber, Baldessari-ren mihise aukeraketa bat: mintzairan oinarrituriko artelanak ez ezik-hirurogeiko hamarkadaren amaierako eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako kontzeptu-artea definitzen lagungarri izan zirenak-komunikabideen ikonografian oinarrituriko eta orain gutxi eginiko bere fotocollage hedagarriak ere aurki daitezke. Gune honetan bertan, laurogeiko hamarkadan artearen mundua astindu zuten aztoramen politiko eta kulturalean garrantzia irabazi zuten beste zenbait artista ere aurkezten dira. Jean-Michel Basquiat-ek hirurogeita hamarreko hamarkadan eman zuen osperako jauzia New Yorkeko kaleetan eta metroan eginiko graffiti poetikoei esker. Dena den, bere mihiseen emozio-gertutasuna izan zen laurogeiko hamarkadan ospe gehiena eman ziona.

Ross Bleckner-en artelan ia abstraktuak, berriz, galeran eta oroimenean oinarriturikoak dira, IHESaren epidemiaren hamarkadan zehar gorpuztu zirenak lehen aldiz. Ekonomiari dagokionez oparoaldia izan zen hau, formatu handiko pinturarentzat ere mesedegarri izan zen; ikusgai diren mihiseen artean, ontziteria puskekin eginiko Julian Schnabel-en erretratu narratibo handiak aurki daitezke, baita Andy Warhol-i eginiko omenaldia ere: Autorretratua Andy-ren itzalean (Self-Portrait in Andy's Shadow, 1987).

Jasper Johnsetik Jeff Koonsera erakusketak, eragin handikoak diren bi bildumagile garaikideren gustua epaitzeko aukera eskaintzen du; gutxitan izan ohi den aukera, nolanahi dela ere. Erakusketaren xedea ez da II. Mundu Gerratik hasi eta gaur arte egin den artearen ikuspegi sakona ematea, Artearen Historian arrastoa utzi duten artistak eta mugimendu garrantzitsuak argitara ematea baizik.

Los Angeles County Museum of Art-ek antolatutako erakusketa

 

Jasper Johns

Bandera (Flag), 1967

Enkaustika eta collage-a hiru mihisezko panelen gainean

85,1 x 142,9 cm

The Eli and Edythe L. Broad Collection, Los Angeles

×