Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Instalazioak I: Guggenheim Bildumen aukeraketak

2008(e)ko apirilak 29 – 2009(e)ko otsailak 8

Instalazio arteak, oraingo artearen historian izan den aurrerapen handienetako batek, 1990eko hamarkadaren hasieran hartu zuen garrantzia esperientzia fisikoa inguratzailean oinarritutako artea sortzeko modu gisa. Artista garaikideek artelanaren mugak zabaldu zituzten multimedia ingurunera eramanez; horretarako, 1950eko hamarkadan aurrekari izan ziren happeningei begiratu zieten, baita artista minimalistei eta post-minimalistei ere —horien artean Richard Serrari, haren lanek agerian utzi baitzuten lehen aldiz interbentzio eskultorikoen halako gorputz-kontzientzia—.

Instalazioetan, azterlanak eta elkarrekintzak urruneko behatzearen ideal modernoa ordezkatzen du eta, aldi berean, bideoaren, soinuaren, eskulturaren, pinturaren eta beste baliabide batzuen bidez eraikitako munduetan sar daiteke ikuslea. Instalazioak: Guggenheim Bildumen aukeraketak lau artista aurkezu zituen, Museoaren espazioa hainbat mailatan eraldatu eta eremu zabal bihurtu zutenak, bertan bisitariek narratiba pertsonalak, mitologia pribatuak, konfigurazio sozial berriak edota errebelazio kosmikoak aurki zitzaten. Guggenheim Museoen Bilduma Iraunkorreko obren aurkezpen honek aditzera eman zuen haren funtsek arte garaikidean nagusi den instalazioaren eremuaren adibide pareganeak dituela.

Aurkezpen honetan bildutako lau lanek agerian utzi zuten egungo artistek nola erabili dituzten instalazioaren baliabideak. Matthew Ritchieren Hierarkia arazoa (The Hierarchy Problem, 2003) laneko elementuek unibertsoaren sorreraren eta historiaren metafora bisual handi bat osatu zuten. Bisitariak lerro ikusezinak eta ilunpean elkarlotzen diren hainbat osagairen adar ilun eta kiribilduak irudika zitzakeen; horrela eskaini ziren giza ulermenetik harago dagoen unibertsoaren handitasunari buruzko gakoak.

Etengabeko aurkikuntza hori bera David Altmejden Unibertsitatea 2 (The University 2, 2004) obran antzeman zitekeen; eskala handian egindako maketa bat da, eta ikonografia ilun bat ikus zezakeen bisitariak hura miatzean. Bertan, hilda eta usteltze prozesuan zeuden otso-gizon batzuk zeuden, eta horiei kristalak eta bitxiak zerizkien: birsortzearen promesa lazturaren eta heriotzaren ikuspegi ilunaren erdian ziren.

Halako sentsualtasun giro iluna ere nabari zitzaion Javier Pérezen Sedukzio maskara (1997) instalazioari. Artistak egin zuen performance baten osagai batzuk ditu, eta zaldi-zurdak eta zeta bezalako materialak erabiliz, Pérezek mitologia pertsonal bat eratu zuen, gorputzaren barrualdea eta inguratzen duen mundua bereizten dituzten muga hauskorretan oinarritua.

Azkenik, Rirkrit Tiravanijaren Titulurik gabea 2002 (hark zin egin zuen) [Untitled 2002 (he promised)] instalazioak elkarrekintza eta inprobisaziorako plataforma bihurtu zuen artelanaren nozioa, publikoa bertan barneratu eta obrarekin zuzenean erlazionatzeko. Tiravanijaren eskultura hori birsortze lan bat da, Rudolf M. Schindler arkitekto modernoak 1921–22 urteetan egin zuen plano irekian eraikitako kromo eta altzairuzko estudio-etxearena, hain zuzen ere. Instalazio hau publikoaren parte hartzeari esker aktibatu zen, eta ekintza-programa zabala eskaini zen bertan. Obra hauek guztiak instalazioak adierazpide artistiko gisa eskaintzen dituen aukera anitzen adibideak dira.

David Altmejd

Unibertsitatea 2 (The University 2), 2004

Zura, pintura, igeltsua, erretxina, ispilu itxurako beira, metakrilatoa, alanbrea, kola, plastikoa, oihala, ile sintetikoa, bitxiak, brillantina, mineralak, papera, aleak, lore sintetikoak, elektrizitatea eta bonbillak

271,8 x 546,1 x 640,1 cm

Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Zuzendariaren Nazioarteko Batzordearen eta Batzorde Eragilearen kideek —Ruth Baum, Edythe Broad, Elaine Terner Cooper, Dimitris Daskalopoulos, Harry David, Gail May Engelberg, Shirley Fiterman, Nicki Harris, Dakis Joannou, Rachel Lehmann, Linda Macklowe, Peter Norton, Tonino Perna, Elizabeth Richebourg Rea, Mortimer D.A. Sackler, Simonetta Seragnoli, David Teiger, Ginny Williams eta Elliot K. Wolk— egindako diru-ekarpenari esker erosia, baita kide laguntzaileen —Tiqui Atencio, Linda Fischbach, Beatrice Habermann, Miryam Knutson eta Cargill eta Donna MacMillan—; diru-ekarpenari esker; eta Bildumazale Gazteen Batzordeak egindako diru-ekarpen osagarriei esker
The Guggenheim Collection erakusketaren ikuspegia, 2006–07, Kunstmuseum Bonn
Argazkia: Peter Oszvald, Solomon R. Guggenheim Museum-en artxibategien eskaintza, New York

×