Ezagutzen ez denaren hodeia | Ho Tzu Nyen | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Ho Tzu Nyen. Ezagutzen ez denaren hodeia

2015.12.03 - 2016.04.24

Ezagutzen ez denaren hodeia (The Cloud of Unknowing, 2011) kanal anitzeko bideo-instalazioan, Ho Tzu Nyen (Singapur, 1976) artistak hodei itxuragabe eta iheskor baten irudikapena aztertzen du. Lanaren izenburua XIV. mendean ingelesez idatzitako tratatu mistiko anonimo batetik hartuta dago. Tratatu hori kontenplazioko otoitza helburu zuen neoplatonismo kristauaren tradizioan kokatua dago. Bestetik, artelan honen oinarrian Hubert Damisch (1928) filosofo frantsesaren Théorie du nuage. Pour une histoire de la peinture (1972) liburua ere badago. Liburu horretan hodeiaren ikonografiak artearen historian duen garrantzia aztertzen du sinbologia (sinboloen interpretazioa) eta semiologia (zeinuen azterketa) erabiliz.

2011ko Veneziako Bienalean Singapur ordezkatzeko sortu zuen Ho Tzu Nyenek Ezagutzen ez denaren hodeia eta Singapurreko babes ofizialeko etxebizitza-bloke batean kokatua dago, leku abandonatu eta xume batean. Bideoa osatzen duten zortzi istorioetako bakoitzean hodei etereo batek ezustean harrapatzen du pertsonaia nagusia eta bere ingurune hurbilena guztiz biltzen du. Eszenek artearen historiaren artelan azpimarragarriak gogora ekartzen dituzte, mendebaldeko maisuek —Caravaggio, Francisco de Zurbarán, Antonio da Correggio, Giovanni Lorenzo Bernini eta René Magritte, besteak beste— nahiz ekialdekoek —Mi Fu eta Wen Zhengming txinatarrak, besteak beste— egindakoak. Ekialdeko eta Mendebaldeko erreferentzia artistikoen, historikoen, musikalen eta filosofikoen erabilera eta nahastea ohikoak dira egile honen lanean. Hok instalazioaren soinu-bandarako musika osatzeko 200 bat abesti hartu ditu. Abesti horien letra guztietan hodeiak aipatzen dira. Ikuslea inguratzen duten lau pantailek giro trinko eta teatrala sortzen dute. Horrek instalazioaren inpresio sentsoriala handitzen du —alderdi hau azpimarratzeko, artistak ke-makinak erabili zituen Veneziako Bienalean egin zuen erakusketan—. Hok ikusizko eta entzutezko erreferentzia ugari izango zituen bideoa egin nahi zuen, bideoa ikusten zuen pertsona bakoitzari esperientzia paregabea eskaintzeko. Ezagutzen ez denaren hodeia lanak ikuslearentzako errealitate onirikoak islatzen ditu, irudiaren eta soinuaren bat-egiteak sortzen dituen sentsazio anitzengatik, eta hodeiaren ikonografia transzendentziaren eta espiritualtasunaren metafora gisa erabiltzen duelako.


Ezagutzen ez denaren hodeia (The Cloud of Unknowing) lana Guggenheim UBS MAP Global Art Initiative ekimenari esker eskuratu ahal izan zen. Guggenheim UBS MAP Global Art Initiative ekimenak Asiako hego eta hego-ekialdeko, Latinoamerikako, Ekialde Hurbileko eta Afrikako Iparraldeko artisten eta komisarioen arteari eta talentuari babesa ematen die; hainbat urtetako eta kultura askoren arteko elkartrukea sustatzen duen ekimena. Komisarioentzako egoitzak, Guggenheim-en bildumarako erosketak, nazioarteko erakusketa ibiltariak eta ikusleari zuzendutako hezkuntza-programa zabalak barne hartzen ditu.

 

Ho Tzu Nyen
Ezagutzen ez denaren hodeia (Cloud of Unknowing), 2011
Lau kanaleko bideo-instalazioa, koloretan, soinuduna, 17 min
Edizioa 1/1
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Guggenheim UBS MAP Eskuraketentzako Funtsa, 2012
© Ho Tzu Nyen

Partekatu