Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Gerhard Richter. Lawrence Weiner. Rachel Whiteread.

2004(e)ko ekainak 22 – 2004(e)ko irailak 12

Azkeneko hamarkadetan, Gerhard Richter (Dresden, 1932) gure garaian eragin handienetakoa izan duten artistetako bat izatearen fama lortu du, estilo bakar batera mugatu gabe. Bere produkzioa anitza da benetan, eta eskulturak eta pinturak barne hartzen ditu, paisaietatik hasi eta gris monokromoetaraino, abstrakzio koloretsuak tartean direla. Zortzi gris (Acht Grau, 2002) beira esmaltatuzko zortzi panelek osatzen dute, eta artistak 1960ko hamarkadaren erditik ikertu dituen gaiak aditzera ematen dizkigute. Neurri batean pintura, neurri batean eskultura eta neurri batean arkitektura, tamaina izugarria duten panel horiek bere inguruan gertatzen denaren isla dira, beti aldatzen ari den irudi baten itzal antzeko bat. Ikuslea obraren planoan sartu eta bertatik irten ahala, aleatoriotasunari dagokion beste osagai bat gehiago gehitzen duten eszenak birsortzen ditu ausaz.

Lawrence Weiner (Bronx, New York, 1942) arte kontzeptualaren eskultore eta artista aitzindarietako bat da, eta  hizkuntza da bere adierazpide nagusia. 1968az geroztik, berez artelanaren eraikuntza fisikoa bere existentziarako ezinbestekoa ez zela ondorioztatu zuen, eta harrezkero Weinerrek ehunka obra sortu ditu hizkuntza, hainbat material posibleren artean, erabiliz. Deutsche Guggenheim Berlin-en eskariz NACH ALLES / AFTER ALL sortu zuen. Instalazio elebiduna da, espazioan batera egonez eta elkar eraginez gauzen eta materialen errealitate anitzei buruzko testu desberdinez osatua. Obra Weinerrek Alexander von Humboldten (1769–1859) esploratzaile eta zientzialariaren lanean zuen interesagatik sortu zuen, hark erabilitako sailkapen sistema zehatza inspirazio-iturritzat hartu baitzuen artistak inguratzen duten munduko materialak eta hauek ordenatzen diren modua aztertzeko.

Rachel Whitereadek (Londres, 1963) obra eskultoriko berezia sortu du, eguneroko objektuak eta espazio arkitektonikoak artelan poetiko eta pentsamenduaren eragile izateko. 1980ko hamarkadaren bukaeran, Whiteread objektuen eskulturak sortzen hasi zen, esate baterako ohe, konketa, bainuontzi eta armairuenak, eta eskultura horien bidez etxeko bizitzaren alderdi pribatua agerian uzteaz gain giza gorputzari buruz gogoeta egiten zuen. Erakusketa honek eskala handiko bi pieza izan zituen ikusgai: Titulurik gabea (Apartamentua) [Untitled (Apartment)] eta Titulurik gabea (Sotoa) [Untitled (Basement)], biak 2001ekoak, Londresko eraikin batean oinarrituta sortutakoak, urteak igaro ahala sinagoga, ehundegi eta, ondoren, artistaren egoitza eta estudio izandakoan, alegia. Bi obrek gerra ondoko arkitektura gehienak duen izaera generikoa hezurmamitzen dute eta Europako historiaren aldi hori markatu duten kezka estetikoak eta soziologikoak aditzera ematen dizkigute.

 

Rachel Whiteread

Titulurik gabea (Sotoa) [Untitled (Basement)], 2001

Igeltsu irmo zuri plastifikatua

325,1 x 657,9 x 368,3 cm

Deustche Bank AG-ek aginduz eskatua, Solomon R. Guggenheim Foundation-en aholkularitzarekin, Deutsche Guggenheim, Berlin museorako

×