Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Clemente

2000(e)ko otsailak 15 – 2000(e)ko ekainak 4

Giza gorputzaz egiten dituen erretratu adierazkorrak eta material tradizionalez egiten duen erabilerak, 60ko hamarkadaren amaieran eta 70ko hamarkadan zehar indarrean zegoen estetika kontzeptualetik baztertu zuten artista. Bere sentiberatasun ibiltariari jarraiki, munduan zehar ibili da Clemente, hala nola, Italian, Indian, New Yorken, Amerika hegomendebaldean eta Kariben, eta sentiberatasun hori agerian gelditzen da bere lanetan, herri bakoitzeko kulturen eraginez, bere ikonografian geroz eta gai desberdin gehiago jorratzen dituen heinean.

Clemente Napolin (Italia) jaio zen 1952an. Hiri hartako tradizio kosmopolitak eta txikitandik latina eta grekoa ikasi izanak eragin handia izan zuten bere sentiberatasun estetiko eta intelektualean. 1970ean Erromara joan zen bizitzera, arkitektura ikastera, eta garai hartan pil-pilean zegoen Italiako giroa, 1968 ondorengo urte haietan, gizartea eraldatuko zuten matxinada sozial, politiko eta ekonomikoen eraginez. Garai hartako lagun eta babesleen artean Alighiero Boetti eta Luigi Ontani, edota Joseph Beuys eta Cy Twombly izan zituen.

1973az geroztik Clemente Indiara joango da urtero, han zenbait hilabete igarotzera, eta bat egingo du berehala herri hartako kultura heterogeneoarekin. Indiako eta arte garaikideen ondare mistikoa abiapuntutzat hartuta, aldi berean hainbat gai jorratu eta hainbat teknika lantzeko askatasuna aurkitu zuen han. 1980ko Veneziako Bienalean, nazioarteko arreta erakarri zuen Clementeren ikonografia bereziak, eta espresionismorako itzulera bultzatu zuen.

1981an, New York hiriko aniztasun etniko eta kulturalak erakarrita, hara joan zen bizitzera familiarekin batera. 80ko hamarkadan, artea, poesia, abangoardiako antzerkia eta zinea, moda eta musika herrikoiaren arteko lankidetza-izpiritu sendoa nagusitu zen New Yorken. Europako historizismoaren ortodoxiatik aldenduta, eta bere adiskide eta lankide berrien sormenerako kemen handiak eraginda, gure artistak bere lan-esparrua zabaltzeari ekin zion berehala. Formatu handiko bere lehen olio-pinturak 1981–82ko neguan sortu zituen; estudiora ikustera joaten zitzaizkienen erretratuak egiten hasi zen; eta lankidetza-proiektu askotan jardun zuen. Lankidetza hauen baitan, hainbat pintura-sorta landu zituen Jean-Michel Basquiat eta Andy Warholekin batera; eta Robert Creeley, Allen Ginsberg eta John Wienersen olerkietarako irudiak egin zituen, besteak beste.

Teknika jakin bat erabiltzeko garaian hierarkia oro albo batera utziaz, olio-pintura, akuarela, tinta, pastela, freskoak eta eskulturak landu ditu, bereizketarik egin gabe, kultur tradizio eta estilo-iturri ugariko ondare zabal batetik elikatuz. Bere obraren izaera eklektikoari buruz, ondokoa esan du gure artistak: "Zenbait konstelazio, konstelazio horiek osatzen duten obren artean urteetako aldearekin eginda daude batzuetan; formatu bera, teknika bera, gai bera, irudi bera, teknikak iradokitzen dituen irudiak beraiek. Nire lana kronologikoki erakutsiko balitz, erakusketa etena osatuko litzateke, formatu jakin bat hainbat urteetan desagertu, eta berriro agertzen baita, handik urte batzuetara berriro desagertu, eta geroago berriro agertzeko".

Artistaren garapen estetikoari jarraiki, gaika antolatu dugu erakusketa hau, kronologikoki beharrean. Kategorikoak baino, poetikoak diren gaiek Clementeren kosmologia bitxian barneratzen diren bideak urratzen dituzte, eta artistaren obran zeharreko bidaia pertsonal batean murgiltzen dituzte ikusleak.

"Ni" (I) izeneko lan-multzoan argi gelditzen da Clementerentzat izakia ez dela izatasun bakartua, irazkorra baizik, eta beste gauza, kultura eta pertsonekiko elkarrekintzen arabera aldatu egiten diren mugez inguratuta dagoela. Izatasun mugagabe hau 1982ko Alba & Francesco akuarelan agertzen da beste inon baino argiago, koadro honetan senar-emazteak bata bestearen baitan urtzen baitira gainezarritako irudi batean. "Jaiogabea" (Unborn) multzoko lanek, Clementeren obraren izaera paradoxikoa uzten dute agerian, iragana eta oraina, gizona eta emakumea, ekialdea eta mendebaldea, izpirituala eta fisikoa, abstrakzioa eta figurazioa, denak aldi berean oroitarazten baitizkigute. "Bestiarioa" (Bestiary), animalien garrantzi moral eta izpirituala arakatzen duten Erdi Aroko zenbait liburutan oinarritzen da. Bizitzako ordena guztiek garrantzi bera duteneko ustea aditzera emanez, Clementek gizakion eta animalien munduek, itxuraz elkarrengandik hain urruti daudenak, forma bakarretan bat egiten duteneko obra-multzoa osatu du. "Emetzea" (Conversion to Her) taldeko koadroetan, Clementeren obran modu esplizituan agertu ohi den giza sexualitatearen aniztasunaren presentzia aztertzen da. "Zinginarriak eta otoitzak" (Amulets and Prayers) multzoko piezak Indian sortu zituen Clementek, eta bertan argi ikusten da gure artistak elementuak, zenbaki eta zeinuak, alkimia eta bost sentimenekiko duen interesa, guztiei ere Clementek damaien berezko esanahi bereziaz landuak baitaude. "Liburuak, palimsestoak eta lankidetzak" (Books, Palimpsests, and Collaborations) izeneko taldean Clementek lankidetzak burutzeko duen jarrera irekia agertzen zaigu, bereziki poesia-munduarekiko loturari dagokionez. "Zerua" (Sky), Clementek era askotako kultura eta bizipenen aurrean dagoenean, guztiak laburbiltzeko duen berezko joera agerian uzten duen ikonografiaren nolabaiteko laburpena dugu. Azkenik, "Gelak" (Rooms) serieko lanek errenazimenduko stanze-ak dakarzkigu gogora, bereziki Del Cossa eta Mantegnaren barrualdeak, kanpo-mundutiko babesa ematen baitute. "Gelak" izeneko seriea ondoko lau lanez osatzen da: fresko bat, Indigo koloreko gela (The Indigo Room, 1983–84), Hamalau estazioak (The Fourteen Stations, 1981–82) eta Amaren gela (La Stanza della Madre). Familia, edo Enpedoklesen lau elementuei buruzko filosofia bezalako gaiak jorratzen dira azken lan honetan. Clementek lan hau berariaz egin zuen 203. aretorako, 1997an Guggenheim Bilbao Museoaren inauguraziorako.

Francesco Clemente

Alba, 1997

Olio-pintura liho gainean

116,8 x 233,7 cm

Francesco eta Alba Clementeren bilduma, New York

×