Zadikians | Richard Serra | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Borderline

2008.05.20 - 2008.10.05

1960ko hamarkadaren hasierako New Yorkeko arte mundua gero eta teorikoagoa bilakatu zen eta eskultura pinturaren gainetik, kontzeptua materialaren gainetik eta ideia zentzumenen nolakotasunen gainetik gailendu ziren.

Minimalismoarekin loturak zituzten artistek hierarkiarik gabeko erregulartasun matematikoa erabili zuten ertz askoko forma bateratuak sortzeko. Haien estetikak gainazal garbi eta monokromoak eskatzen zituen, artistaren eskuak inoiz ukitu ez balitu bezala agertzen zirenak eta auto-erreferentziazko objektu zirela aditzera ematen zutenak. 1970eko hamarkadan, berriz, mugimendu postminimalistako artistak muga hauek gainditzen hasi ziren: artelanaren gauzatzean parte hartzen duten prozesu psikiko eta fisikoak aztertzera jo zuten, eta horrek ikuspuntu berri bat aldarrikatzera eraman zituen objektuen materialtasunari eta horien eraikitzeari dagokienez.


Borderline erakusketan ikusgai izan ziren zortzi margolan eta eskultura bat. Bost egileek —Carl Andre, Robert Mangold, Agnes Martin, Robert Ryman eta Richard Serra— trantsizioko momentu horretan izan zuten ibilbidearen norakoa azpimarratu zuten, eta lerroa formaren tropo gisa bereganatu zutela erakutsi zuten.

Erakusketan ikusgai izan ziren artelanak Solomon R. Guggenheim Museum-en bildumaren funts minimalista eta postminimalista paregabeetatik ateratakoak ziren eta lerroa artelanaren formaren oinarrizko osagai gisa aurkeztu zuten.

Robert Mangoldek neurritasun handiz taxutu zuen bere margolanen gainazala eta lerro zuzenak eta makurtuak erabili zituen formadun euskarriak nabarmentzen dituzten forma geometriko irregularrak sortzeko.

Agnes Martinek, bere aldetik, modu askean esku huska eta lapitza erabiliz egindako sareta ahulekin estali zituen margotzeko oihalak, eta, horrenbestez, ikuslea aldentzen den heinean margolan monokromoak dirudite bereak. Aipatutako sareta horiek, Mangolden irudi geometrikoek bezala, agerian utzi zuten artelan baten ertzak ere lerroez osatuta daudela: artelanaren beraren eta horri eusten dion hormaren arteko mugak, alegia.

Muga horiek, hain zuzen, aztergai hartu zituzten bai Robert Rymanek, baita Richard Serrak ere. Rymanen kasuan, bere margolan monokromo zuriak ia hautemanezinak diren ñabardurei esker bereizten dira atzealdeko horma zatiarengandik; eta Serraren kasuan, berriz, horman markorik gabe zintzilikatzen dituen panel beltz ilunek hautematearen amildegia sortzen dute.

Azkenik, erakusgai dagoen eskultura bakarrean Carl Andrek zoru gainean jarritako letoizko xaflen segida taxutu zuen erakustaretoaren espazioa erdibituz eta bisitariek gurutzatu behar duten muga bat sortuz.

 

Richard Serra
Zadikians, 1974
Olio-barra lihoaren gainean
Bi zati, ezkerrekoa: 328 x 288 cm; eskuinekoa: 329 x 285 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York.
Panza bilduma, 1991

Partekatu