Mezularia | Bill Viola | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Bill Viola: denborazkotasuna eta transzendentzia

2004.06.24 - 2005.01.30

Bill Viola aintzindaria da bideoa erabiltzen, 1970ko hamarkadatik dihardu baliabide horretan lanean; mugimenduzko irudia sormen-lan monokanal, instalazio eta bestelako obra batzuen bidez aztertu du, artearen historiarekin, espiritualtasunarekin eta kontzeptuarekin eta pertzepzioarekin zerikusia duten beste gai batzuekin duen lotura estua islatuz. Bill Viola: denborazkotasuna eta transzendentzia erakusketa artista honen lanaren gaikako azterketa bat izan zen, eta erakusketa ireki aurreko urteetan egindako instalazio adierazgarrienak bildu zituen: Egunero aurrera eginez (Going Forth by Day, 2002) eta Bost aingeru milurtekorako (Five Angels for the Millennium, 2001).

Solomon R. Guggenheim Museum-ek eta Deustche Guggenheim Berlin-ek batera eskatu zioten artistari Egunero aurrera eginez egitea. Bost zatitan banatutako zikloa da, proiektatutako irudi digitalena. Lan horretan, Violak fresko pintura hartu zuen erreferentziatzat, jaiotzaren, heriotzaren eta berriz jaiotzearen zikloak aztertzen dituen ahalmen handiko instalazioa sortzeko. Pieza bakoitzak —instalatzen den espazioko paretaren gaineko proiekzio bat— 35 minutu irauten du gutxi gorabehera eta goi-mailako definiziozko bideoaren teknologia punta-puntakoena erabiliz grabatuta dago. Obra esperientzia arkitektoniko gisa ulertzen da, eta osatzen duten irudien bost sekuentziak aldi berean proiektatzen dira areto bakar batean. Instalazioak hartzen duen espaziora heltzeko, bisitariak lehenengo irudiaren argian sartzen dira literalki. Barruan daudela, irudi eta soinuen unibertsoaren erdian ezartzen dira, inguratzen dituzten pareta guztietan proiekzioak eskaintzen baitzaizkie.


Bost aingeru milurtekorako Danimarkako ARos Aarhus Kunstmuseum-arena da eta hura ere bost proiekzioez osatutako instalazioa da. Obra horretan, artistak gogoeta anbiguoagoa, baina txundigarria, eskaintzen digu elkarren artean lotura duten gaiei buruz, eta uretik atera eta bertan sartzen diren pertsonaien ikonografia baten bitartez, oroimen eta zentzumen esperientzia garbia sorraraziz.

Aurrekoekin lotura duten bi obrek, Bilduma Iraunkorreko Mezularia (The Messenger) eta Gurutzatzea (The Crossing) lanek, osatu zuten aurkezpen hau. Horrela eskaini zen Bill Violaren lana eta bere lanean behin eta berriro agertzen diren denborazkotasunaren eta transzendentziaren gaiak lantzeko modua ulertzeko obra sorta paregabea.

 

Bill Viola
Mezularia (The Messenger), 1996
Kanal bakarreko koloreko bideoa eta soinu-instalazioa, etengabeko begizta
762 x 914,4 x 975,4 cm
Edizioa: 3 aletik 2
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Dohaintza, The Bohen Foundation
2000.60
© Bill Viola

Partekatu