Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Azteken Inperioa

2005(e)ko martxoak 19 – 2005(e)ko irailak 18

XV. mendean Errenazimentu izenez ezagutzen den iraultza sakona gertatu zen Europan, pentsamenduaren, zientzien eta arteen arloan. Bien bitartean, berriz, antzinako Mexikon bi estatu indigena boteretsu loratu ziren: Azteken Inperioa batetik, eta haien etsai eta auzo ziren Taraskoak bestetik. Azteken jabetza zen lurraldean, izaera antropomorfoa zuen aparteko ikonografia eskultorikoa erabiliz interpretatzen zuen gizarteak unibertsoan zuen izatea. Garai hartan bertan berriz, arte-estilo panmesoamerikarra hedatu zen; mintzaira plastiko bera erabiltzen zuten herri ezberdinen arteko elkar-ulertzeari bide eman ziona.

Azteken Inperioa erakusketak aipaturiko garaia birsortu zuen, Mesoamerikako (Erdialdeko Amerikako) garapenaren azken aldian bizi izan ziren herriek eginiko arte-objektuak erakusgai jarriz, hain zuzen ere, inoiz nazioarteko erakusketa batean izan den arte-objektu kopururik handiena batuz. Hizpide dugun aldiak posklasiko berantiarra izena hartzen du arkeologian, eta gure aroko XIII. mendetik XVI. mendera arteko tartea hartzen du barne.

Garai hartan, Azteken Inperioa izan zen konplexutasun handieneko erakunde politikoa, eta Aliantza Hirukoitz deritzan koalizio militarra izan zuen jatorri historiko. Aliantza hark gailentzen hasiak ziren hiru estatu lotzen zituen: azteka-mexikarrena, garai hartako hiririk ospetsuena zen Mexiko-Tenochtitlan hiriburu zutenak; acolhua-rrena, kulturgune nagusi jotzen zen Texcoco hiriburu nagusi zutenak; eta Tlacopan, iraganean Mexikoko haranaren jabe izan zen antzinako jaurerri batetik bizirik gelditzen ziren pertsonek osatua. Aztekek zuhurtziaz ezarri zieten aliatuei beren hierarkia, beren jabetza Ozeano Pazifikoko eta Mexikoko Golkoko itsasertzeraino hedatuz.

Aztekek aberastasuna eta boterea lortu zituzten zerga-ordainketako sistema hertsia ezarriz, eta XVI. mendearen hasieran espainiarrak iritsi zirenean, garai hartako hiririk garrantzitsu eta bikainena jotzen zen beren hiria. Aliatuen artean gailendu zen hizkuntza náhuatl-a izan zen, eta Mesoamerikako zati handi bateko "lingua franca" bilakatu zen. Hala, hizkuntza hau erabiltzen zen antzinako Mexikoko geografia izendatzeko, antzinako beste zenbait hizkuntzatako hitzak ordezkatuz. Beste estatu indigenak, Taraskoen Inperioak, Purépecha izenez ere ezagunak, eta aldi historikoaren amaieran hiri politiko egitekoa izan zuen Tzintzuntzan hiriburu izan zuenak, Mexikoko erdialde-iparra eta mendebaldea barne hartzen zituen inguru zabalean ezarri zuen aginte militarra. Herri honen hizkuntza porhe edo taraskoa zen, náhuatl hizkuntzatik oso ezberdina eta antzinako Mexikoko beste inolako hizkuntzarekin lotzen ez dena. Azteken arte-mintzaira hedatzeak historiak komunikatzeko, beren jainkoak gurtzeko eta antzinako mitoak eta tradizioak adierazten zituzten errituak gauzatzeko balio izan zuen.

Erakusketa hau hamar gaitan sailkatu zen. Gai horien artean garai hartako mexikar lurraldearen bereizgarri izan zen ingurune geografikoa zein europar konkista aipatu ziren, baita azteken gizarteari buruzko irudikapen sakona ere, hasi jatorrietatik eta inperioaren gailurra zein gainbehera ere aipatuz.

Frank Gehryk diseinatutako Guggenheim Bilbao Museoaren arkitektura berezia TEN Arquitectos delakoak eraldatu zuen Azteken Inperioa erakusketarako. Esku-hartzea beiraren bidez egiten zen, eta beira-arasa leun eta jarraitua bailitzan artikulatzen da eraikuntzako ibilbidean zehar, piezen, ikusleen eta eraikuntzaren artean igaroz. Beirazko estruktura inmateriala Museoko baldintzen arabera uzkurtzen edo zabaltzen zen, espazio bereziak sortuz eta piezen gardentasun eta materialtasun maila ezberdinek sortzen zuten kontrastea bereizgarriko ibilbide intimista eratuz.

Mexikoko inguru naturala
Mexikoko ezaugarri geografikoei esker, bi aroren araberako nekazaritza intentsiboa garatu ahal izan zen hegoan, hots, aro lehorraren eta eurien aroaren araberakoa. Ekologia aldakorra bestiario indigenaren irudi bikainen bidez adierazi zen erakusketan, eta irudi horiek kolonaurreko kulturak garatu ziren ingurumenari buruzko irudi bizia eskaini zuten. Animalia horien zizelkatzearen edo modelatuaren zehaztasunak berauen arte-estiloa utzi zuen agerian. Horrek naturalismoa du ezaugarri, zenbaitetan ia hiperrealismo izatera ere heltzen dena eta Mundu Berriko antzinako artean gutxitan berdintzea lortu dena. Erlijioan zuten garrantziagatik, botere-hierarkietan zuten nagusitasunagatik eta gerra-denboretan izaniko egitekoagatik, arte aztekaren ezaugarri diren kaskabilo-sugeen, jaguarren eta arranoen irudi txundigarriak dira nabarmentzekoak.

Gizartea: jauregiko bizitza eta eguneroko bizitza
Mexiko-Tenochtitlan hiriko gizartea bi segmentu handik osatzen zuen. Noblezia zen horietako bat, pipiltin izenekoa; eta jende arruntak osaturikoa bestea, hots, macehualtin-ak, askozaz ere jende gehiagok osatutakoa eta artisauetatik hasi eta nekazariak ere barne hartzen zituena. Merkatari edo pochteca izenekoen taldean, berriz, salerosketan aritzeko bidaia luzeak egiten zituztenak zein fruituak eta animaliak saltzen zituzten saltzaile xumeak sartzen ziren. Nobleek, gobernariarekin zuten ahaidetasunaz harro, jadezko eta urrezko beren bitxi baliotsuak, belarritako, lepoko zein eraztunak, erakusten zituzten, baita ezpainetako apaingarri edo bezoteak eta maila altuko intsignia militarrak ere. Jende arrunta buztinezko objektuekin bakarrik apain zitekeen, eta maguey izeneko landare xerofitiko baten zuntzaz eginiko jantziak erabiltzen zituen. Azteken munduko eguneroko bizitza garai hartako kronisten deskribapenei esker ezagutzen da, eta buztinezko figuratxoen bidez irudikatu zen. Eguneroko erabilera zuen zeramikazko baxera ugari gorde dira egundaino.

Azteken garaiko herri eta gizarteak
Aparteko kalitate estetikoa duten eskultura eta figuratxo antropomorfoak posklasiko berantiar mesoamerikarreko plastika indigenaren elementu bereizgarria dira. Gizon eta emakumeen irudiak dira, adinari eta edertasunari loturiko ereduak adierazten dituztenak. Gaztetasuna-heldutasuna osotasunaren unetzat hartzen zen, gerrarako indarrik handieneko eta sexu-jarduerarik handieneko aldia baitzen. Hiriburu indigena nagusietako eskultura-tailerrek izan zuten garapen aipagarriak arroka bolkanikoan zizelkatutako aparteko figura eskultorikoak utzi zituen oinordetzan. Arroka bolkanikoa zen, hain zuzen, mundu aztekak maiteen zuen materiala. Erakusketan Macehual-en irudia ikusi ahal izan zen, gizon arruntaren kontzeptu idealizatua, edo emakume biluzi lerdena, "Texcoco-ko Venus" gisa ezagutzen dena.

Kondairazko kulturak: azteken arbasoak
Ezin uler daiteke Azteken Inperioko artea eta kultura kultura mesoamerikarraren garapen orokorra aintzat hartu gabe. Aurretik izan ziren herriek hainbat forma eta sinbolo sortu zituzten, zibilizazio aztekak, goieneko unean izan zenean, irudikatu, berrerabili eta egokitu zituen horiek. Aztekak antzinako kultura hauen oinordeko jotzen ziren. Kultura hauetan lehenak olmeca-k izan ziren, K.a.-ko 1200. eta 600. urteen artean loratu zirenak eta jadezko maskara eta irudiak dotore aski zizelkatu zituztenak. Teotihuacano-ek, K.o.-ko 100. eta 650. urteen artean nagusitu zirenek, jaguarraren irudiarekin estali zituzten tenpluetako kanpoaldeak eta iztuku eta polikromia finez apaindutako zeramikak landu zituzten. Tolteca izenekoek garatu zuten eredu historiko eta artistikoak, berriz, azteken ideologia zuzendu zuen hauen bilakaera kulturalaren lehen aldian. Ideologia hau garai hartako plastikan adierazirik geratu zen.

Erlijioa: jainkoak eta errituak
Erlijioaren unibertsoa oso konplexua zen Azteken Inperioan. Hierarkiaren goieneko mailan Huitzilopochtli zegoen, Mexiko-Tenochtitlan-era zuzendu zituen jainkoa eta eguzki-gerlaritzat zutena; Tezcatlipoca gaueko gerraren antzinako jainkoa eta gizontasunaren zaindari zen; Quetzalcóatl, antzinako jainko zibilizatzailea, haizearen zaindari zen. Lurra izen ezberdinen bidez jainkotzen zen: gizakien azken patua zen, bizitzaren jatorria, baita elikagaien esparru sortzailea ere, eta Coatlicue edo Chicomecóatl izena hartzen zuen.

Herri mesoamerikar guztien ekonomia artoa, txilea, kalabaza eta babarruna lantzean zetzan, nekazaritza intentsiboan oinarritu zen; hori dela-eta Tlálocek eta honen lagun Chalchiuhtlicuek, euriaren eta uraren jainko zirenek, hurrenez hurren, egiteko erabakigarria izan zuten erlijio indigenan. Xochipilli eta Xipe Tótec jainkoek, berriz, eurien etorrerak berekin zekarren naturaren berrikuntza babesten zuten eta gizakiaren heldutasunarekin, urregintzarekin eta gerrarekin lotzen ziren.

Erlijio mesoamerikarrak bere konplexutasuna du bereizgarri, erritu eta zeremoniak aldatu egiten baitziren jainko bakoitzaren gurtzaren arabera. Bihotza ateratzeko erritu ezaguna egiteko, sakrifiziorako aiztoa, praktika hau gauzatzen zen téchcatl izeneko aldare-mahaia eta cuauhxicalli edo ontzi sakratuak erabiltzen ziren. Azken hauetan, elikagai sakratu ziren giza bihotzak eta hauen odola gordetzen ziren.

Tenplu nagusia
Aztekek 1325. urtean sortu zuten beren hiria, Texcoco Lakuan kokaturiko lohiz betetako uhartetxo batzuen gainean. Eraikitzen hasi zirenetik, hiriaren zaindari sinbolikoak axis mundi sakratutzat hartu zuen, eta hortaz, zeremoniarako toki hura hiriaren erdian eta, beraz, unibertsoaren erdian, kokatu zuten. Erritutarako arkitektura-konplexu hau gobernari aztekak tronura igo ahala handitzen joan zen, eta XV. mendearen amaierarako lortu zuen monumentaltasun eta handitasunak bere ospea handitu zuten Mesoamerika osoan zehar. Tenplu Nagusian gerraren zaindari zen Huitzilopochtli eta euriaren jainkoa zen Tláloc gurtzen ziren nagusiki. Erakusketan, Coyolxauhquiren irudia nabarmendu zen, aztekek garaitutako herrien sinbolo den ilargi-jainkosa.

Tenplu Nagusia buztinez landutako irudi dotoreekin, hala nola arrano-gerlariarekin eta Mictlatecuhtlirekin apaindu zen. Jainkozaletasun-zeinu gisa, ehunka opari utzi zituzten bertan, azken 100 urteetan arkeologoek kontu handiz berreskuratu dituztenak. Erakusketa honetan, Europan lehen aldiz ikusgai jarritako Jainko Gorriaren Oparia nabarmendu zen.

Azteken mendeko herriak eta kulturak: mexiko erdialdeko eskualdeko biztanleak
Mexiko Erdialdeko Goi Lautada, jatorriz, mendiz eta sumendiz inguratutako laku-multzo batek bereizten zuen. Toki hau herri ugariren bizilekua izan zen, eta horietako zenbait aztekak baino askozaz ere lehenago finkatu ziren eskualde horretan: Tlacopan-eko texcocanoak eta tepanecak Mexiko-Tenochtitlan-en aliatu izan ziren eta laku-arro honen ekialdeko eta mendebaldeko isurialdean kokatu ziren, besteak beste. Goi Lautadako erdialdeko eskualdean xochimilcak eta tlahuicak bizi ziren. Bi herri hauek náhuatl-a izan zuten hizkuntza eta forma eskultoriko eta zeramika-tradizio berberak izan zituzten. Matlatzincek beste hizkuntza bat hitz egiten zuten, eta Tolucako Haranetan kokatu ziren, erdialdeko eskualdearen iparrean; ekialdeko zatian, berriz, Cholula eta Tlaxcala kokatu ziren, kulturaren eta artearen esparruan bereizi zirenak inperioan eskaera handia izan zuen zeramika polikromatuagatik.

Taraskoen inperioa
Taraskoek inperio-izaerako estatua sortu zuten Mexikoko mendebaldean kokaturiko Michoacán laku-eskualdean. Kobrea eta brontzea maisutasunez erabiltzean oinarritu zen beren boterea, eta material hauek erabiliz gauzatu zituzten beren armak eta tresnak, eskualde horretan beren botere militarra ezarriz. Azteken Inperioaren hedapena geldiarazi zutenez, inperio haren etsairik garrantzitsuena ere bilakatu ziren. Erakusketa honetako artelan taraskoen artean objektu arkeologiko eta artistikoak izan ziren ikusgai, kultura horren plastika bereziaren adibideak. Eskulturak, zeramika-lanak eta bitxiak ziren gehienak. Artelan horiek herri horren bizitza-estiloa eta ideologia ezberdina eman zuten aditzera.

Azteken mendeko herri eta kulturak: mixtecoak, totonacoak eta huastecoak
Aztekak Aliantza Hirukoitzeko armada garaileen buru izan ziren, eta orografia malkartsuan bizi ziren estatu mixtecoez jabetu ziren banaka-banaka. Mixtecoek beren turkesazko mosaiko-lan finengatik eta urregintza-lan baliotsuengatik hartu zuten ospea, eta zeramika polikromo bikaina ere garatu zuten. Zeramiketako sinbologiak, gainera, orein-larruz eginiko bertako liburuen eta kodexen antzeko mintzaira zuen.

Azteken Inperioko armadek totonacoak eta huastecoak- ere menderatu zituzten. Bi herri horiek maskorrez eta itsas barraskiloz eginiko apaingarri delikatuengatik bereizten dira. Huastecoek, bereziki, eskultura bikainak zizelkatu zituzten harearrizko arrokan, hala nola, bizitza-heriotzaren irudia, jakintsuek Apoteosi deitzen dutena eta arte prehispanikoko maisulanetako bat dena.

Inperioen gainbehera: mexikoren konkista espainiarren eskutik
Europarrek XV. mendearen amaieran eta hurrengo mendearen hasieran hainbeste irrikatutako Indien bila eginiko itsas bidaiek, aniztasun handiko bi kontinenteren eta kulturaren arteko topaketa ahalbidetu zuten. Modu honetan, 1519. urtean Hernán Cortés eta honen tropela Mexikoko itsasertzean lehorreratu ziren, eta Azteken Inperioa konkistatzeari ekin zioten, bertatik Tenochtitlan bere eginez 1521. urteko abuztuaren 13an. Hauen katolizismoak, Espainian islamismoaren gaineko garaipena eragin zuenak, gizarte indigena haien erlijioa eta bizitzeko modua ulertzea eta balioestea galarazi zuen, eta ondorioz, hiri handi haiek suntsitu zituzten.

Beren enpresa konkistatzailearen oinarria urrea zenez, bertako altxorrik gehienak urtu zituzten. Hori dela-eta, antzinako metalurgiaren erakusgarri diren bitxi gutxi batzuk baino ez dira mantentzen. Era berean, ale gutxi batzuk baino ez dira luma-artearen eta kodexetako edo liburu indigenetako pintura-tradizio bereziaren adierazgarri gisa mantentzen direnak. Antzinako Mexikoko distiraren eta ospearen oroitzapen txiki bat baino ez.

Azaleratzen ari zen espainiar inperioak sistema ekonomiko berria inportatu zuen, erlijio katoliko erromatarra, baina baita kultura berria ere. Kultura hura, europarrak nagusitu ziren lehen mendean, arte-molde berrien bidez adierazi zen, eta indigenaren eta espainiarraren arteko sinkretismoa izan zuen bereizgarri.

Erakusketan, konkista honen historia protagonistek beraiek kontaturik ageri zen, kronika zaharren egileek beraiek kontaturik. Kronika horik inoiz kontxen teknika bitxiaren bidez koadro eta holtzak apaindu zituzten irudi bizietan ere aurki daitezke.

Urrea konkistatzaileek uste bezain ugaria izan ez bazen ere, zilar-meategien aurkikuntzak eta ustiaketak Amerikako aberastasuna Espainiara eta Europara bideratu zuen. Oparotasun horren arrastoak toki ugaritan daude iberiar penintsulan, hala nola, elizetan, komentuetan zein bilduma partikularretan, eta guztiek ere harrotasunez gordetzen dituzte zilarrezko artelan ederrak, nagusiki erlijio katoliko erromatarrari loturikoak.

Felipe Solís
Erakusketako komisarioa
Mexikoko Antropologia Museo Nazionaleko Zuzendaria

,

Coatlicue, Azteka, ca. 1500

Harria, turkesa, maskorra eta pigmentuak

115 x 40 x 35 cm

Museo Nacional de Antropología, INAH, Mexiko Hiria 10-8534

×