Marte, Venus eta Kupido | Tiziano Vecellio y su taller ? | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a

2008.10.03 - 2009.01.18

Vienako Kunsthistoriches Museum-a 1891n inauguratu zuen Franz Joseph I enperadoreak (1830–1916). Habsburgeko etxeko leinukoak Maximiliano I enperadorearen (1459–1519) garaitik Austrohungariar Inperioaren gainbehera arte bildumagintzan ibili ziren eta Vienako museoaren eraikina inperioko bildumak gordetzeko egin zen. Bilduma horiek aditzera ematen dute zein ziren Habsburgo enperadoreen zaletasunak, familia-harremanak eta Europan bostehun urtez izan zituzten diplomazia eta politika jardunak; eta errege-erreginen gozamena sortzen zuten Europako pinturaren eta eskulturaren maisulanek ez ezik, tresna zientifikoek, apaingarriek, tapizek, monetek, armadurek eta antzinako objektuek ere osatzen dituzte.

Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a erakusketa sei ataletan banatuta zegoen eta atal bakoitza artearen historiaren funtsezko genero bati zegokion. Maisulanen aukeraketa zabala izan zen —erretratuak, historia, erlijioa eta mitologia gai dutenak, biluziak, ohitura pinturak, natura hilak, nahiz arkitektura eta paisaiak— eta museo garrantzitsu horretan dauden bildumen ikuspegi orokorra eman zuen.


Erretratua aztertu zuen atalak, Vienako Kunsthistorisches Museum-ean hoberen ordezkatuta dagoen generoetako bat, disziplina askotako lanak hartu zituen baitan: monetak eta objektuak (Antzinako Egipto, Grezia eta Erromatik Neoklasizismo artekoak) eta Holbein, Tiziano, Tintoretto, Rubens, Van Dyck eta Velázquez gisako artisten lanak, esaterako.

Bigarren atalean historia, mitologia eta erlijio gaien margoak zeuden —Cranach, Dürer, Gentileschi, Rubens eta Tizianorenak, adibidez—, baita gai bereko eskulturak ere.

Biluziaren generoa —Palma il Vecchio, Tiziano, Veronese eta Spranger artisten adibide zoragarriekin— zubi gisa erabili zen erakusketan herri-ohiturak irudikatzen dituzten eszenetara aldatzeko; besteak beste, Magnasco, Strozzi eta David Teniers Gaztearen margolanak barne hartzen dituen atala izan zen azken hori.

Bosgarren atalean natura hilaren generoaren adibide bikainak egon ziren: batetik, aipatutako enperadore batzuen bildumen ernamuina izan ziren Kunstkammer edo arte-kabinetetako objektuak; eta bestetik artista ezagunek egindako margolanak; Arcimboldo Brueghel Zaharra eta De Heem pintoreenak, esate baterako.

Landa inguruko, itsasoko eta hiriko paisaiei eskainitako aretoan, Patinier, Bril, Gainsborough eta Bellotoren lanen bidez, esaterako, genero horrek XVI. mendearen hasieratik XVIII. mendeko bigarren zatira izan zuen bilakaera azter zezaketen bisitariek. Laburbilduz, erakusketa honek Artearen historia guztietan murgiltzeko aukera paregabea eskaini zigun.

 

Tiziano (Tiziano Vecellio eta haren lantegia ?)
Marte, Venus eta Kupido, 1546 urteaz gerokoa
Olio-pintura mihise gainean
97 x 109 cm
Kunsthistorisches Museum, Viena, Pinakoteka, inb. zk. 13

Partekatu