Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Artea ikasbide 2011

2011(e)ko ekainak 14 – 2011(e)ko abuztuak 28

Urteko erakusketa
Ikasturte osoko lana Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa batean laburbildu zen, ohi bezala. 103B aretoan bisitariak harrituta geratu ziren irudimenaren, ahaleginaren, dibertsioaren eta ikaskuntzaren ustekabeko konbinazioa ikustean. Ikusleek 6 eta 12 urte bitarteko artista hauen begirada originala ez ezik, ikuspegi anitzak bezain iradokitzaileak topatu zituzten bertan. 196 artista areto bakarrean! Litekeena da parte-hartzaileek betiko gogoan izatea eurak izan zirela Museoan erakusketa bat egindako artista gazteenak eta milaka lagunek behatu zituztela euren artelanak.

Historia
Learning Through Art programa New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en sortu zen. Natalie K. Lieberman mezenasak jarri zuen abian 1970ean hiriko ikastetxe publikoetan arteen irakaskuntza kendu zutela eta.

1998an, Guggenheim Bilbao Museoak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoen premia eta interesetara egokitu zuen programa hau, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lankidetzari eta BBKren babesari esker.

Harrezkero, Artea ikasbide programak arrakasta handiz jarraitzen du aurrera Euskal Herrian, bai pedagogiaren bai artearen ikuspegitik. Urte hauetan guztietan Lehen Hezkuntzako ziklo guztietako mailatik gora eskola-umek eta ehun bat irakaslek parte hartu dute bertan.

Metodologia
Ikasleek
era askotara ikasten dute: entzunez, behatuz, hitz eginez, antzeztuz, sortuz. Sortze-prozesuan parte hartzen dutenean egiten dute hori guztia eta, gainera, ikuspegi kritikoaz pentsatzen edo proiektu bat planifikatu eta amaitu arte garatzen ikasten dute. Programa honek curriculum arloen artean dauden bereizketak desegiten ditu eta mundua sormenez eta beren kabuz begiratzera animatzen ditu haurrak. Artea errealitatea ezagutu, arakatu eta ulertzeko tresna bihurtzen da.

Gainera, ikasleek mintzamena eta idazmena hobetzen dute, eta norbere artelana eta besterena errespetatzeko gaitasuna garatzen dute. Ikasleak ikasteko garaian adikorrago agertzen dira arte-jarduerak egiten badituzte, eta, horrenbestez, tailer hauek oso eraginkorrak izaten dira metodo tradizionalei jarraitzeko zailtasunak izaten dituzten ikasleentzat. Tailerrak —argazkilaritza, pintura, eskultura, bideoa, musika, arte digitala eta artearen beste edozein arlo— astean behin ematen dira ikastetxean, ordu eta erdiko saioetan, 20 astez.

Irakasleak
Lortu beharreko helburuak eta bultzatu beharreko gaitasunak eta trebetasunak irakasleek identifikatu ondoren, artistek eta Museoko hezitzaileek unitate didaktikoetan integratzen diren tailer batzuk asmatzen dituzte. Programa bakoitza bakarra eta pertsonalizatua da, ikasleen interesak eta trebetasunak garatzearren, eta curriculumaren edozein arlo sendotu dezake. Ikasgelan funtsezkoa da artistaren eta irakaslearen arteko elkarlana, bata bestearen zereginean lagungarri eta indargarri direlako.

2010–2011 ikasturtean, hamahiru irakaslek gogo handiz egin zioten harrera beren ikasgeletan Artea ikasbide programari. Esther Abad, Lutxi Alonso, Mª Jesus Casajú, Azucena Corro, Mª Pilar Fernández, Feli Gómez, Mª José Gómez, Simona Izquierdo, Rosa Jusué, Raúl López de Munain, Karmele Paz, Isabel Ruiz y Nagore Unanue  izan ziren irakasle horiek.

Artistak
Artistek funtsezko zeregina betetzen dute ikasleen lana dinamizatzen, eta sorkuntza artistikoaren pentsamendu kontzeptuala eskola-curriculumaren ikasgai zehatzetan aplikatzen laguntzen dute.

Elssie Ansareo, Nadia barkate, Naia del Castillo, Ibon Garagarza, Iñaki Gracenea, Joxerra Melguizo, Manu Muniategiandikoetxea, Jorge Rubio eta Ibon Sáenz de Olazagoitia ikastetxeetara joan ziren eta euren proposamenak planteatu zituzten. Dena den, haurrak dira abentura sortzaile honen benetako protagonista. Harridura, ilusio eta energia iturri agortezina direnez, berriro asmatzen dituzte proposamenak, eta oso konponbide bereziak eta ustekabekoak aurkitzen dituzte. Horrexegatik badakite artistek euren zeregina dela haiek bidaia horretan barrena gonbidatzea, azken helmuga zein izango den jakin ez dakitela. Artea ikasbide programa abentura desberdina izaten da urtero.

Ikasleak
Haurrak
bide berrien esploratzaile bihurtzen dira. Objektu berezi eta bakarrak egiten gozamen hartzen dute eta harro erakusten dizkiete besteei sortze-lanean egin dituzten aurkikuntzak. Gainera, tailerretan hainbat gaitasun, talde-lanerakoa eta komunikatzekoa, besteak beste, garatzen dituzte.

2010–2011 ikasturtean bederatzi ikastetxek eta 196 artista-ikaslek parte hartu zuten guztira: Barakaldoko Zuazoko 6. mailakoak; Ermuako San Lorenzoko 6. mailakoak; Txurdinagako Pio Barojako 4. mailakoak; Gurutzetako Juan Ramón Jimenezeko 3. mailakoak; Bilboko San Inazioko 5. mailakoak; Donostiako Mendiolako 5. eta 6. mailakoak; Gasteizko Samaniegoko 5. mailakoak; Amurrioko Zabalekoko 1. eta 2. mailakoak.

Artea ikasbide, 2011

×