Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Artea ikasbide 2007

2007(e)ko ekainak 19 – 2007(e)ko abuztuak 26

Artea ikasbide hezkuntza-programan parte-hartzaile izandako 6 eta 12 urte bitarteko 167 ikaslek sortutako artelanen aukeraketa harrigarria izan zen ikusgai Guggenheim Bilbao Museoko areto batean. Ekimen hau Solomon R. Guggenheim Museoan jarri zuen abian Natalie K. Liebermanek 1970ean, New Yorkeko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan arte irakaskuntza kendu zutenean, egoera horri erantzuteko. Artea ikasbide hezkuntza-programa berritzailea da hogeita hamasei urteko ibilbidea eginda duen arren. Ekimenaren oinarria da Lehen Hezkuntzako eskola-curriculumaren ikasgaiak jarduera artistikoen bitartez sendotzea. Hala, artea oso tresna baliagarria da ikasleentzat: mundua arakatzeko, errealitateari bestelako ikuspegitatik begiratzeko. Programa honek curriculum-arloen artean dauden mugak desegiten ditu, dagoeneko ibilitako bideen inguruan eztabaida sorrarazten du, eta haurrak mundua sormenez eta bakoitzak bere erara begiratzera animatzen ditu.

Lehen Hezkuntzako haurrak dira abentura sortzaile honen benetako protagonistak. Haien ikastetxeetara joaten dira artista jakin batzuk, eta irakasleekin batera, proposamenak eta proiektuak eskaintzen dizkiete. Ikasleek, ordea, sorpresa, ilusio, emozio eta bizitasun gaitasun agortezin horrez baliatuta, berriro asmatu, beste ikuspegi bat ematen diete proposamen horiei: oso bestelako norabidea hartzen dute eta ustekabeko oso irtenbide bereziak aurkitzen dituzte. Artistek ateak zabaltzen dizkiete ikasleei, bidaiari ekitea eskaintzen diete, baina helmuga zein izango ote den ez dakite. Hala, urtero, Artea Ikasbide programa bidaia edo abentura bat da: ikasleak esploratzaile bihurtzen ditu, fantasien sortzaile.

Ikastetxeak
Araban: Landazuri (Gasteiz). Bizkaian: Mina del Morro eta Intxixu (Bilbo), Unkina (Usansolo, Galdakao), Zaldupe (Ondarroa), Altazaga (Erandio) eta Altzaga (Leioa). Gipuzkoan: Sasoeta-Zumaburu (Lasarte-Oria) eta Aita Iparragirre (Idiazabal).

Artistak
Inés Cárcoba, Alex Carrascosa, Ibón Garagarza, Pernan Goñi, Iñaki Gracenea, Julio Hernández, Aiora Kintana, Manu Muniategiandikoetxea eta Jorge Rubio.

Artea ikasbide , 2007

×