Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.

Abangoardiako amazonak: Exter, Goncharova, Popova, Rozanova, Stepanova eta Udaltsova

2000(e)ko ekainak 13 – 2000(e)ko abuztuak 27

Erakusketak sei artista hauetako bakoitzak Errusiako abangoardiako artea bezalako kultur proiektu erradikal bat eratzeko garaian izan zuen parte-hartze garrantzitsua azaltzen du, beti ere, sei emakume hauetako bakoitzak bere aldetik ibilbide artistiko pertsonal eta berezia garatu zuela ahaztu gabe. Izan ere, erakusketa honetan Errusiako arte modernoak izandako bilakaera aurkezten zaigu, hasi neoprimitibismo, kubofuturismo eta rayonismotik eta suprematismo eta konstruktibismora heldu arte.

Alexandra Exter (1882–1949) Ukrainan, Errusian, Frantzian eta Italian zehar asko ibilia zen eta Errusiako abangoardiaren eta Europako mendebaldeko artisten artean bitarteko gisa jardun zuen. Besteak beste, 1912ko Zubia (Sèvres) eta 1915eko Venezia (1915) lanen tituluek agerian uzten dute lekuen garrantzia haren konpromiso geografikoan eta kulturalean. Herri artean (bordatu ukraniarretan) interesatuta, kubismoa, futurismoa eta simultaneismoa ere arakatu zituen, 1917–8ko lan "ez-objektibo" bikainetara (adibidez, Konposizioa. Planoen mugimendua) bideratuko zuen bidaia estilistikoan. Nahiz eta pintura zuen adierazpide gogokoena, liburuen ilustrazioan, zinean, zeramikan eta antzerkirako diseinuetan ere saiatu zen Exter.

Natalia Goncharovak (1881–1962) bere ikuspegiaren zabaltasuna eta aberastasuna erakusten du nekazariei, gai erlijiosoei (Gatzezko pilareak, 1908), makinei eta paisajeei (Lirio rayonistak, 1913) buruzko lanetan. Inpresionismo ondoko eragina gorabehera, Goncharovak Errusiako Erdi Aroko artetik atera zuen inspirazioa. Ikonoetan koloreari, espazioari eta proportzioari buruzko ikuspegi berriak aurkitu zituen eta ikuspegi horiek pinturetan, lan grafikoetan eta dekoratuen diseinuetan aplikatu zituen. Nekazarien bordatuetan, lubok-etan (eskuz koloreztatutako laminak) eta Errusiako eta Ukrainako paisaje osoan zehar ikus daitezkeen harrizko esteletan (baba) ere inspiratu zen. Nekazariak mahats-bilketan (1912) interes etnografiko horren parafrasi adierazgarria da. Goncharovak errotiko jarrera izan zuen bai bizitzan bai artean. Izan ere, bere janzkerak eta Mikhail Larionov artistarekin izandako elkarbizitzak harrituta utzi zuen jendea. Gai erlijiosoei buruzko guztiz ez ohiko interpretazioek, adibidez 1911ko Ebanjelariak (lau ataletan) lanaren kasuan, zentsurak haren pinturak erakusketa batean baino gehiagotan erretiratzera bultzatu zuen.

Liubov Popovak (1889–1924) Errusiako abangoardiako lan kubistarik garrantzitsuenetakoak egin zituen. Le Fauconnier eta Metzinger-en ikasle zelarik Parisen, berehala bereganatu zuen estetika kubista. Eragin hori agerian dago, esate betarako, 1913ko Konposizioa giza irudiekin pinturan. Popova beste ikuspegi batzuetara ere zabalik zegoen, adibidez futurismora (1914ko Italiako natura hila, futuristei buruzkoa), suprematismora, Tatlin-en erliebeetara eta, era berean, arte errenazentistara eta Samarkandako orientalismora. Denetako iturri horiek itxuratzen dute forma eta kolorea tratatzeko Popovaren modu berezia, 1910eko hamarkada amaierako erliebe dinamikoetan eta pintura arkitektonikoetan (esaterako, 1915eko Pitxerra mahai gainean. Pintura plastikoa) islatzen dena. Exterrek eta Stepanovak bezalaxe, Popovak ere onartu zuen pintura abstraktua geldiunera iritsi zela. Horrenbestez, azkenik eszenan, ehunetan eta liburuen diseinuan jardun zuen batez ere.

Olga Rozanova (1886–1918), erakusketa honetan ordezkatutako artista gehienak ez bezala, San Petersburgen bizi zen eta bertan lan egin zuen, eta ez Moskun. Ez zen inoiz Europan izan, baina bertan egiten zen artearen jakinaren gain zegoen egiaz. Izan ere, 1914ko Sutea hirian (Hiri-paisajea) lanean, arte futuristaren bizkortasun apokaliptikoa jasotzen du. Beste lan sintetikoago batzuek —hala nola, Taberna (Enkantea)— aditzera ematen dute Rozanovaren interesa kubismoarekiko eta antolaera "zentzugabeko" Malevich-en pintura transrazionalen (zaum) ezagutza. Rozanovarentzako kolorea zen pintura abstraktuaren funtsa eta justifikazioa. Bere pintura-sistemari "kolore-pintura" deitzen zion eta termino hori erabiliaz adierazi nahi zuen bere helburu nagusia honako hau zela: esanahia eta eduki osoa izateko kanpoko erreferenteekin loturarik behar ez zuten irudiak sortzea.

Varvara Stepanova (1894–1958) abangoardiaren bigarren belaunaldiaren ordezkaria da, Urriko Iraultzarekin kidetzen zenarena, alegia. Testuinguru horretan nabarmentzen da batez ere. Iraultzaren jarraibide funtsezkoenetako batek -artea erabilgarria eta eskuragarria izan zedila- erakarri zituen bai Stepanova bai eta haren senar eta sarritan lankide izandako Alexander Rodchenko ere. Exterrek eta Popovak bezalaxe, Stepanovak politila eta kultura egiteko modu berriari adierazbidea emateko konpromisoa hartu zuen bere gain eszenarako, argitalpenetarako eta arroparako sortu zituen diseinuetan jarraibide konstruktibistak aplikatuz. 1920ko Bost giza irudi hondo zuriarekin lanean, adibidez, Stepanovak giza irudia mekanizatzen du estatu proletario berriaren ideal sobietarraren eraginkortasuna eta indarra ezin hobe irudika dezan. Erakusketa honetan Stepanovaren poesia bisualaren bilduma bat ere barne hartzen da. Kruchenykh-en zaum poesian inspiratuta, bere neologismoen forma eta irudiaren eta laguntza espektralaren arteko lotura organikoa ezartzen saiatzen zen.

Nadezhda Udaltsova (1885–1961), Popovarekin batera, Académie de la Palette-n izan zen eta berehala bereganatu zituen Le Fauconnier eta Metzingerren kubismoaren printzipioak. 1913ko haien bi lan alderatuz gero, bi artistek kubismoaren printzipioekiko antzeko lotura izan zutela ikus daiteke: Udaltsovaren Konposizioa eta Popovaren Konposizioa giza irudiekin sintaxi kubistaren interpretazio zehatzak dira. Stepanovak bezala, Udaltsovak ere bere obra korronte irudikatzailearen ildotik eraman zuen eta Diamante Txota izeneko taldearekin erakusketak egin zituen. Talde horrek Cézanne eta Picassoren garrantzia nabarmentzen zuen. Ehun suprematistak sortu eta ehunen diseinua irakasten jardun arren, Udaltsovak pinturari tinko eutsi zion eta Arte Ederrak erabilgarritasunera egokitzeko iraultza ondoko eraginari uko egin zion.

Liubov Popova

Arkitektoniko piktorikoa, 1917

Olio-pintura mihise gainean

107 x 88 cm

Krasnodar Barrutiko Kovalenko Arte Museoa

×