Jarrai gaitzazu:

Euskara   |   Español   |   English   |   Français

Inicio
Menua

Guggenheim Museoen Bilduma Iraunkorra

Guggenheim Museoen Bilduma Iraunkorra Solomon R. Guggenheim Foundation-eko artelanek osatzen dute. Bertan New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-eko, Veneziako Peggy Guggenheim Collection-eko, Berlingo Deutsche Guggenheim-ek eskari programa baten bidez eskuratutako eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako obrak barne hartzen dira. Fondo hauek guztiek XX. mendeko arte bisualen ikuspegi osatua eskaintzen dute.

Trukatu eta txandakatzen diren artelanen bilduma bat edukitzeak museo-eredu berri bat sortzen du, Guggenheim Museoen arteko lankidetza-programek bultzatutakoa. Hala, artea era dinamiko batean eta txandaka aurkezten da jendaurrean, obrak ez baitira espazio jakinetan iraunkorki erakusten. Era horretara, Guggenheim sarearen barruan egoteak gaur egungo artearen ikuspegi osatuagoa eta anitzagoa aurkezteko aukera ematen digu. Guggenheim Bilbao Museoarentzat aurreneko abangoardietatik gaurdaino biltzen dituzten hain fondo bikainak eskueran izatea aukera hobezina da; honela museo berri batek beste edozein modutan ezin izan lituzkeen maisulanak erakustea ahalbidetzen da.

Solomon R. Guggenheim Museum (Nueva York)

Solomon R. Guggenheim Foundation-en Bildumak XX. eta XXI. mendeetako artearen garapenaren katalizatzaile izan den erakunde honen historia berezia biltzen du. Bilduma pribatu bat museo publiko bilakatzea aparteko gertakaria da. 1937an gertatu zen hori, Solomon R. Guggenheimek (1861–1949) fundazioa eratu zuenean, bilduma jendaurrean erakutsiko zuen eta bere artelan ez-objektiboak kontserbatuko zituen museo bat kudeatzeko. 1939an Museum of Non-Objective Painting (Pintura ez-objektiboaren museoa) zabaldu zen ekialdeko 54. kaleko 24. zenbakian alokatutako espazio batean, eta bertan hamar urte lehenago Solomon R. Guggenheim biltzen hasia zen Amerikako eta Europako arte abstraktu eta ez-objektiboko obren bilduma jarri zen ikusgai. Hirurogeita hamar urte hauetan, Solomon R. Guggenheim Museum-en bilduma (1952an fundatzailearen ohorez izen hori hartu zuena) izugarri handitu da, ikuspegi historikoa eta artistikoa zabalduz eta ikusgai jarritako obretan sakonduz.

Esteka honek New Yorkeko museoaren hasierako orrira eramango zaitu:

Peggy Guggenheim Collection (Venecia)

Peggy Guggenheimek (1898–1979), Solomon R. Guggenheimen ilobak eta XX. mendean eragin handienetakoa izan zuen mezenas famatuak, arte modernoko bilduma paregabea osatu zuen 1930eko hamarkadaren bukaeratik, gerra aurreko Parisen eta Londresen. Bigarren Mundu Gerran New Yorken artelanak eskuratzen jarraitu zuen; bertan Art of this Century bere museo-galeriatik Espresionismo Abstraktuaren eskola amerikarraren sorrera babestu eta bultzatu, eta 1947tik 1979an hil zen arte, Veneziatik lagundu zuen. 1969an, bere bilduma osoa eta egoitza, Kanal Nagusiko jauregia, Solomon R. Guggenheim Foundation-i legatzea erabaki zuen Peggyk, haren osabak zuen bildumaren osagarri bilakatuz eta hutsune handiak betez, bereziki hark zuen artelan surrealisten eta Jackson Pollocken pinturen bilduma joriarekin.

Peggy Guggenheim Collection

Guggenheim Bilbao Museoa

1997an zabaldu zenetik, Guggenheim Bilbao Museoa obrak eskuratzeko aurrera eramaten ari den programa XX. mendearen erdialdetik gaur arte sortutako artean oinarritu da. Hala, bere nortasun berezia sortu du, Solomon R. Guggenheim Foundation-en artelanen fondoa osatzeaz gainera. Ildo horiek jarraituz, maisulanak eta gerra ondorengo artisten eta artista garaikideen obra bereziak eskuratu ditu, eta Frank Gehryren eraikinaren barruko espazioetan eta ingurukoetan kokapen jakineko artelanak sortzeko eskariak egin eta artista euskaldun eta espainiarren obrak ikusgai jartzen ditu, berebiziko garrantzia duen ondare kulturala kontserbatu eta munduari erakusteko xedearekin.

Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma

×